Kerik gabe bizitzeko

Alba Cabrera Jauregi 2022ko eka. 2a, 12:48

Arantxa Mendiluze eta Itxaro Gereño, Andoaingo Osasun Etxean. aiurri

Erretzeari uzteko taldea dago Andoaingo Anbulatorioan, Osakidetzak bermatuta. Herritarrez gain, bailarako jendeak ere parte hartzen du dinamikan. Kontzientzia hartzeko eta erronkari eusteko bultzada ematen du.

Tabakoaren kearen kontrako nazioarteko eguna izan zen iragan asteartea. Nikotina hostotik abiatuta, estimulazio zuzena eragiten duen droga da tabakoa. Adikzio-maila handia eragiten du, zentzumenak (dastamena, esaterako) eraldatzeraino, organoak kaltetzeraino. Nolanahi ere, tabakoaren kea soberan barneratua, eskura dago jendartean. Ez da legearen muga zeharkatu behar hura kontsumitzeko; begi onez jotzen da, onespen handiz erreparatzen baitzaio. Epe laburrean plazera eragiten duen arnas-hartzeak, ordea, luzera begirako kalte lazgarriak eragiten ditu.

Hori horrela, tabakoa uzteko borrokan dabiltza erretzaile asko eta asko. Bada, horretarako aukera eskaintzen du Andoaingo anbulatorioak, erretzeari uzteko taldearekin. Orain hamarkada bete ekin zioten egitasmoari, eta hamargarren taldea dute aurtengoa. Erizaintzako ikaslearekin batera, bi langilek dinamizatzen dute proiektua: estreinakoz ari da taldearekin lanean Itxaro Gereño; aldiz, Arantxa Mendiluze hasiera-hasieratik da bidelagun: “Gaur egun, askotariko moduak daude erretzeari uzteko, baina, Andoainen, gertuko jarraipenean sinesten dugu. Anbulatoriotik ahalegina egin nahi dugu, aurrez aurreko dinamika izan dadin”.

Deialdi irekia da, eta bost sesio izaten dira, orotara; guztiak, presentzialak. Lehen hiruak, jarraian egiten dituzte, astean behin, astearteetan, ordu eta erdiz. Hirugarren asteartearen biharamunean, asteazkenarekin egiten dute uzte-eguna (erretzeari uzten diote). Laugarren saioa astebeteren buruan izaten da, errefortzua emateko, eta azken saioa, ostera, erretzeari utzi eta hilabetera egiten dute (kasu honetan, hilaren 7an elkartuko dira berriro). Bestalde, jarraipena egiteko asmoz, telefono-deiak egiten dizkiete hiru, sei eta hamabi hilabetera.  

“Guk marko teorikoan kokatzen ditugu, zer sentituko duten ulertu dezaten”, azaldu du Gereñok, “era berean, beren bizipenek pisua dute gurean; finean, nork bere erlazioa dauka tabakoarekin”. Askotariko edukiak jorratzen dituzte saioetan: tratamendu motak, uzteko baliabideak, ahulguneak, faseak eta horietan sentitzen diren ondorioak. Halaber, beren arrisku propioak identifikatzen dituzte, baita egoera zaurgarriak eta horiei aurre egiteko erremintak ezagutu ere. Dena dela, ekarpen aberasgarriena, parte-hartzaile guztiek diotenez, bizipenen elkartrukea da.

Plazera baino, kalte

“Tabakoarekin harreman luzea” duten herritarrak gerturatzen dira Andoaingo Anbulatoriora, Mendiluze erizainaren esanetan: “Urte asko daramatzate tabakoa kontsumitzen, hamarkadak eta hamarkadak. Nekatuta daude, eta, behingoz, erabaki sendo bat hartuta etortzen dira”. Hala, Gereñok gehitu du uzteko desio handiarekin ematen dutela izena, plazeraren iturri baino, arazoen erantzule gisa identifikatzen dutelako tabakoa. 2012 eta 2016 urteen artean herrian bertan egindako ikerketaren arabera, bertaratzen direnen % 41ak uzten dio, urtebetez gutxienez, erretzeari Andoaingo saioetan. Erdira ailegatzen ez bada ere, tabakoa uzteko beste baliabideekin alderatuta, “oso zifra altua” dela dio Mendiluzek.

Taldean hasi aurretik, banakako saioa egiten diete. Bertan, dinamika azaltzeaz gain, pisua hartzen diete, baita kooxiometria egin ere. Azken saioan, beste horrenbeste errepikatzen dute, alderaketa ikusteko. 
Eraginkorra izan dadin, nor bere buruarekin zintzoa izan behar dela argi utzi dute bi osasun-langileek, konpromisoa eskatzen duen erronka delako. Saioetan, mota askotako kideak daude, erretzeari utzi berri dutenetatik hasita, kontsumoa gutxitu dutenetara bitarte. Haien hitzetan, “kolektibizatu” egiten dituzte ezinegonak, eta guztiek diote, aho batez, “oso lagungarrria” dela antzeko prozesua bizi duten horiekin esperientziak partekatzea:  “Kontzientzia hartzeko baliagarria izateaz gain, fisikoki onurak sentitu ditugu”. Erretzeari utzi eta aste betera jada aldaketak sentitu dituzte gorputzean. Elkarren artean asko babesten eta animatzen direla aitortu dute. “Oro har, kontsumitzaileen artean, egunerokotasunean oso errotuta dagoen ohitura da horren kontsumoa”, dio kideetako batek, “edozein egoeretan egin daitekeelako”. Hari horri tiraka, Gereñok gaineratu du tabakoa erretzeko keinua ere “oso errepikakorra” dela. Ondorioz, gorputza bera ere ohitu egiten da atzak ahora eramaten, behin eta berriro, “eta zaila da ohitura hori gainetik kentzea”.

Birikak, basoak, belztuta

Ohiturak aldatu badira ere, kontzientzia hartu al du jendeak, tabakoaren kontsumoari dagokionez? Edota, nahiz eta kontsumitzeko espazioak mugatu, oraindik ere zenbaki handiez mintzo behar al da tabakoaz jardutean?

Mendiluzek garbi dauka erantzuna: “Tabakoaren industria zutik dagoen bitartean, jendeak kontsumitzen jarraituko du”. Gauzak horrela, belaunaldi berrietan, kontzientzia areagotu delakoan da Gereño, baina, era berean, uste du horrek ez duela ez kontsumitzera eramaten: “Jendeak badaki kaltegarria dela; gaur egun, gaixotasunekin lotura estuagoa bilatzen zaio. Nahiz eta jakitun izan, jendeak erretzeko hautua egiten du”.
Ikerketa baten datuak ekarri ditu gogora Mendiluzek: “Hilkortasun maila altuko zortzi gaixotasun garrantzitsuenetatik seik dute harreman zuzena tabakoarekin”. Halere, ez ditu soilik giza gorputzak kaltetzen. Ingurumenean izugarrizko inpaktua duela erakutsi dute Munduko Osasun Erakundeko ikerketek:  laborantzak, fabrikazioak eta kontsumoak ura, lurra, hondartzak eta hirietako kaleak pozoitzen dituzte substantzia kimikoekin, hondakin toxikoekin, mikroplastikoak dituzten zigarrokinekin eta zigarro elektronikoen hondakinekin. Ildo beretik, urtero, 600 milioi zuhaitz mozten eta 22 mila miloi ur-litro xahutzen dira zigarretak egiteko.

Horrenbestez, sinetsita daude bi erizainak erretzeari uzteko taldeen garrantziarekin. Bi en iritziz, osasunean zein ingurumenaren jasangarritasunean onurak izateaz gain, aurrezpen ekonomikoa dakar erretzeari uzteak, bai norbanakoaren poltsikoari, bai osasun-sistemari. Horregatik ematen diote garrantzia Andoainen gertuko, aurrez aurreko harremanari, zenbaki kezkagarri horien atzean aurpegiak, bizipenak daudelako. Esperientzia bakan horietako bakoitzari tentuz erreparatzen diote. Bide horretan, saioetara gerturatu diren guztiek garbi dute, eta esperientziaren eraginkortasunean berresten dira: “Taldeagatik izango ez balitz, ezinezkoa litzateke”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!