Musika Talde ezagun ugari
Maider Lainez alkateak eta Txitxu Ruiz kultura zinegotziak aurkeztu zuten egitaraua, atzo.
Musika eskaintza zabalarekin datoz Sanjuanak Ruizek adierazi zuenez, eta egunez egun etortzekoak diren taldeak aipatu zituen. Nafarroa plazako oholtzari dagokionez: Zeta eta Oihan Vega (23), Dukkha eta Doctor Deseo (24), Foyone eta Sofia Gabanna (25), Mikel Moreno eta Tremenda Jauria (26). Goikolazan, berriz, Egan (23), Gozategi (24), eta, Puro Relajo eta Remember Queen (25).
Ruizek esan zuen Andoain udalerri aktiboenetako bat izan dela kultur programazioari dagokionez pandemiaren garairik gogorrenean, “kultura sailetik beti defendatu du sektorearen aldeko apustua egiten jarraitzearen garrantzia”.
Ruizek gaineratu zuenez, “herritarrek ahalegin eta sakrifizio handia egin behar izan dituzte pandemiaren garai honetan, espero baino gehiago luzatu baita. Eta Sanjuan hauek atzean uzten duguna ospatzeko modu bai izan dute, baita berriro elkartu eta etorkizunari ilusioz eta energiaz aurre egiteko aitzakia bat ere”.
Gustu guztietara egokitzen den egitaraua prestatu dela ziurtatu zuten, eta ohikoak diren ekitaldiez gain (Sokadantza, Salbea, Axeri Dantza, haurren denborrada…), zenbait berrikuntza aipatu zituzten. Hala nola, aurten herriko artisauen parte-hartzea izango du artisautza azoka (24), Villabona, Elgoibar, Beasain eta Gasteizeko buruhandi eta Erraldoien topaketa (25), edota, su artifizialen topaketa (26).
Hautatutako kartelak
Jaien kartelei dagokionez, epaimahaiak erabakita, Cesar Nuñezen Salta otra vez kartela izango da egitarauaren irudi ofiziala aurten; Ruben Lucasek, bigarren saria jaso du. Maider Arabaolazaren Esentzia kartelak eskuratu du publikoaren saria. Azkenik, 12 eta 16 urte bitartekoen arloan, Intza Elordiren kartela saritu dute, eta Nille Becerrarena bigarren geratu da. Aurkeztu diren kartel guztiak Goikoplazako frontoian ipiniko dituzte jai-egunetan.
San Juan sua, balkoitik
Hamar herritarrek sua eta 23ko ekitaldiak udaletxeko balkoitik ikusteko aukera edukiko dute; zozketa egingo da izena ekainaren 6tik 10era ematen dutenen artean, basteroataria@andoain.eus helbidera posta elektronikoa bidalita.
Trianari, esker oneko omenaldia
Udalak omenaldi txikia eskainiko dio oraindik orain desegin den Triana elkarteari. Urtetan Andaluziako kultura zabaltzeko egin duen ahalegina eskertuko dio ekainaren 22an, eta horretarako, San Martin elizako arkupetan taldearen ibilbide oparoa azaltzen duen argazki erakusketa jarriko dute.