Andoain kanporatu du Hernanik Herriarteko Pilota Txapelketan

Aiurri 2022ko eka. 4a, 10:53

Aurreko partidetan bezalaxe, jubenilek soilik irabazi zuten Hernaniren aurka; gauzak horrela, andoaindarrak kaleratuak izan dira eta hernaniarrak finalerdietara igaro dira. 

Lehen partidan, Beñat Salbador eta Eneko Uriak jokatu zuten, ohi bezala. Oro har, partida oso berdindua egon zen, edonork irabaz zezakeen, baina aazken txanpan urdinak gehiago izan ziren (19-22). Salbador hasieratik segurtasunarekin ikusi zen eta pilotaka indartsua eman zituen. Memento batzuetan, Uria sakearekin asmatzen hasi zen, baina aurkarien defentsa gogorra izan zen.

Bigarren norgehiagoka, Eneko Beloki eta Julen Gaztañaga jokatu zute. Belokik ohi bezala, berebiziko maila erakutsi zuen, nahiz eta iragan partidoetan baino, apur bat, baxuagoa izan (22-13). Gaztañagak ere, oso gustuko dituen trikimailuak erabili zituen lehen koadroetan, aurkaria mendean hartzeko. 

Seniorretan, berriz, ez zuten aukera askorik eduki garaipena eskuratzeko (7-22). Hala ere, nabarmendu beharra dago, Usandizagak mindutako eskuarekin jokatu eta defentsa handia erakutsi zuela; neurri berean, Eskuderok tanto eder batzuk egin zituen aurrealdean, airez sartuta. 

Andoaindarrak Herriartekotik kanpo gelditu diren arren, txapelketa oparoa jokatu dute; izan ere, urte luze askoren ostean bi kanporaketa gainditu eta hirugarrenean kaleratu dira. Maila handia eta kiroltasuna erakutsi dute lehiaketan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!