Hogar Extremeño elkartean ekin diote kultur asteari

Aiurri 2022ko eka. 4a, 15:03

Hogar Extremeño-Miajon de los Castuos elkarteak XLIII. Kultur asteari ekin dio eguardian. Makina bat bazkide eta beren familiakoak bildu dira hasiera ekitaldira, eta baita udaleko PSE, EAJ, EH Bildu eta Podemoseko udal eta herri elkarteetako ordezkariak ere. Extremadurako gastronomian ohikoak diren pruduktuak gozatuz amaitu dute ekitaldia. Guztiek ere hainbat ekitaldi dauzkate zain hurrengo egunetan.

Maider Lainez alkateak, Belen Moreno Hogar Extremeñoko presidenteak eta Jose Mari Mellado Gipuzkoako Etxe Erregionalen elkarteko lehendakariak hartu dute hitza, eta kultur astearekin gozatzera gonbidatu dituzte bertaratutakoak.

Bazkide eta gonbidatuek lepo jarri dute elkartea, eta besteak beste, Badajozeko gazta, (Barracota), Urdaiazpiko iberikoa, txorixo egosia eta gisatua zerbitu zaie; eztarria bustitzeko, berriz, Pitarra izeneko ardo gorria eduki dute mahaian.

 

Hiru belaunaldiko Canales familia

Mahaietako batean, Canales familia eseri da; hiru belaunaldi elkarrekin, Extremadurarenganako maitasunak batuta.

Manuel Canales, Asier Canales, Sonia Canales, Manuel Canales eta Iker Canales, hiru belaunaldi Hogar Extremeñon.

 

Manuel Canales da zaharrena. "Caceresen jaio nintzen, Navas del Modroño herrian, eta 22 urte nituela hona etorri nintzen, han bizimodurik ezin zelako atera. Leon probintziako herrixka batetik ni bezala Andoainera heldua zen Mari Luz Lobato ezagutu nuen; maitemindu, eta baita laster ezkondu ere biok! Euskal Herrira egokitu egin naiz hasieratik, baina Extremadura beti daukat bihotzean. Horrexegatik, Hogar Extremeño elkartea sortu orduko, bertan bazkide egin nintzen; 22. garren bazkidea naiz, zaharrenetakoa izango naiz egun. 40 urte eta gehiagotan denetik tokatu zait egitea elkartean, zuzendaritzan, mantenimendu lanetan, sukaldean... Oraintxe nahiko erretiratua nago aspalditxoan. Zorionez, familian egin da Extremaduraren kultura eta gastronomiarekiko atxekimendua, eta egun, Sonia alaba, zuzendaritzako ardurak hartuta dauzka; gaurko ekitaldian, sukaldean ari da lanean".

Hain zuzen Sonia Canalesen gidaritzapean egin dira hainbeste estimatuak izan diren sukaldeko lanak, gaurko ekitaldian. Eta ez hori bakarrik, kultur asteko hainbat ekitaldien antolaketan buru belarri dabil azken asteetan. Mezu zuzena bidali nahi izan die andoaindarrei, Extremaduran jatorria eduki ala ez. "Etorri daitezela astean barrena antolatutako ekitaldiren batera, esku zabalik hartuko baititugu. Eta aldi berean, eman dezatela bueltaxka elkarteko liburutegitik. Bertan, marrazketa, idazketa eta argazkigintzako lehiaketan parte hartu duten lanekin erakusketa polita ikusko baitu; ahaztu gabe, Zuena elkarteko emakumeek egin dituzten esku-lanen erakusketa".

 

Ekitaldiz gainezka, aste osoan

El Miajon de los Castuos-Hogar Extremeño elkarteak XLIII. kultur astea ospatuko du hurrengo egunetan. Hona egitaraua:

 

* Ekainaren 4a, larunbata.

Astearen irekiera.

12:30. Harrera udal agintariei eta herriko elkarteen ordezkariei. Ondoren, zizka-mizkak.

16:30. Mahai jokoak (tutea, kuatrola, musa, domino…).

 

* Ekainaren 5a, igandea:

14:00. Senidetasun bazkaria. Ondoren, bazkalondoa eta dantzaldia.

 

* Ekainaren 7 eta 8a, astearte eta asteazkena:

18:00. Sukalde ikastaroa. Sukaldaritza tradizionala eta modernoa, biak uztarturik, Mikel Rodriguez sukaldariaren eskutik.

 

* Ekainaren 9a, osteguna:

17:30. Haur jokoak.

18:30. Txokolate jatea.

 

* Ekainaren 10a, ostirala:

Urdaiazpiko iberikoa mozteko ikastaroa. Valentina eta Uliana Novozheninarekin (Rosco urdaiazpikoak). Halaber, Extremadurako ardoaren dastaketa.

 

* Ekainaren 11, larunbata:

GENE gaixotasun neuromuskularraren bat daukaten pertsonak biltzen dituen elkartearen aldeko kontzertua Basteron.

Parte-Hartzaileak: Hernaniko Ozenki Abesbatza, Doinu Zale musika eskolako lau kantari (Mikaela Etxeberria, Loli Barrizas, Amaia Santana eta Irati Jauregi), Gora Kaletxiki Banda, eta, Urki dantza taldea.

Sarrera: hiru euro. Salmenta: Delgado, Ernaitza eta Stop liburudendetan eta Basteron egunean bertan.

Kontzertura azaldu ezin dutenek laguntza emateko, 0 lerroa ere ireki dute:

Kutxa: ES27 2095 5009 7010 6158 0204.

Caixa: ES49 2100 6491 1622 0003 8075.

 

* Ekainaren 12, igandea:

10:00. Migen lehiaketa.

18:00. Sari banaketa, eta kultur astearen amaiera.

 

Oharrak:

* Ekainaren 4a bitarte, irekita dago literatura, argazki eta marrazketa lehiaketetan parte hartzeko aukera.

* Ekainaren 4tik 12ra, elkarteko liburutegian marrazketa lehiaketan aurkeztutako lanak ikusgai egongo dira.

 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!