Lorpen ugari eskuratu ditu Mendizabalek azken urteetan; bada, oraingoan, bi final irabazi ditu bizpahiru egunen bueltan: bata Nafarroan, eta bestea Araban.
Nafarroako Foru Komunitatea Txapelketa
Emakumezkoen pilotak pauso handiak ematen jarraitzen du; igandean, errekor berri bat hautsi zuen, 1600 zale bildu baitziren Nafarroa Arenan Nafarroako Foru Komunitateko Torneoko finalak ikusteko.
Elite mailan Amaia Aldaik eta Nora Mendizabalek Maddi Barrokal-Itxaso Erasun bikotea gainditu dute (22-16), aurreko koadroetan lehia bizia egondako partidan. Azkenenerako, ordea, Amaia Aldai nagusitu zen, Dimako pilotariak tantoak amaitzeko orduan eskarmentu eta gaitasun handiagoa erakutsi zuen. Nora Mendizabalek ezin izan zuen poztasuna ezkutatu: "Denbora luzez ez dut txapelketarik irabazi eta, oraingoan, bi final handi etxeratzeko aukera eduki dut. Oso pozgarria da". Horrez gain, Aldai bikotearen lana goraipatu zuen, zeinak, txapelketa bikaina jokatu duen.
Zaramagako IV. Emakumezkoen txapelketa
Emakumezkoen elite mailako finalean Olatz Arrizabalaga - Nora Mendizabal bikotea gailendu egin zen Ruiz de Infante eta Gaminderen kontra (13-22). Hasiera berdindu baten ostean (5-5) Arrizabalagak min handia egin zuen pilotari eta sakeari abiadura handia emanez. Mendizabal atzeko koadroetan seguru aritu zen.
Gamindek tarteka asko sufritu zuen Olatzen abiadurari aurre egin ezinik, baina partidu txukuna egin zuen; gainera, tanto ikusgarriak ere egin zituen. Ruiz de Infante defentsa lanetan ondo aritu zen eta sake onak egin zituen, baina azkenean Arrizabalagaren abiadurak partidua apurtu zuen.