"Alemania musika klasikoaren habia da"

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2022ko eka. 12a, 08:57

Carlos Rubio (Egilea: Bavariako Estatu Opera)

Bavariako Estatu Operan (Bayerische Staatsoper) aritzeko atea ireki berri zaio Carlos Rubio Amondarain Andoaingo gazteari, perkusio jole gisa.

Konta ezazu zer lortu berri duzun Municheko orkestran.

Orkestrak bi urtetik behin lehiaketa modukoa irekitzen du, bertan instrumentu desberdinen akademizistak hartzeko. Nolabait, harrobi gisa funtzionatzen du akademizisten sistemak. Bada, 45 lagun aurkeztu ginen perkusioko postu bakarrerako, eta ni hautatu ninduten bi azterketa egin eta gero.

Kontuan izan behar da Orkestra horretan plaza finkoa lortzeko bidean, lehenbizi, lehian parte hartzeko gonbidatu egin behar zaituztela; jende ugari aurkezten da, galbahe gogorra ezartzen dute, eta akademizista izateak asko laguntzen du posizio onean egoteko.

Martxoan aukeratu ninduten, eta ondoren bi urte dauzkat aurretik lehiaketa horretarako prestatzeko. Hilero hamar lan-eguneko kontratua egin didate, eta klaseak jasotzen ditut, entseguetara joan, eta tarteka, Orkestrarekin kontzertuetan ari naiz.

Pozez txoratzen egongo zara…

Amets batean bezala nago! Dena den, ezin dut orain arte lortutako kontzentrazioa galdu. Gogoan hartzeko gomendioa egin zidan zuzendariak hasieran: “goza ezazu lortutakoarekin, baina ez lokartu. Ikasle asko ezagutu ditut zure postu hori eskuratu dutenak, eta erlaxatu egin direnak gero…”. Saiatuko naiz gomendio hori ez ahazten.

Azken helburua betetzen ez badut ere, irabazten irtengo naiz abentura honetatik; izan ere, jada, eskarmentua pilatzen ari naiz musikari gisa, jabetzen ari naiz non diren nire mugak, eta, gainera, curriculumean betirako geratuko zait Bavariako Estatu Operako akademizista izan nintzela.

Eta zer moduz orain arte?

Primeran! Martxoan hasi, eta berehala, Orkestra sinfonikoarekin jo nuen. Ondoren, Luxenburgo eta Brusela aldean egin zen birarako hautatu ninduten. Azken astetan, bederatzi egunetan segidan operan egin diren kontzertuetan aritu naiz.

Zein maila dauka Municheko konpainiak?

Izugarria! Munduko Opera konpainiarik ospetsuenetakoa da. Adituen esanetan, New Yorkeko Metropolitan Opera, Milaneko La Scala eta hirurak, munduko gailurra osatzen dute operen arloan. Egia esan, Alemania musika klasikoaren habia da; bertan dute jatorria hainbat konposatzailek (Beethoven, Wagner, Bach, Brahms…), eta egun ere, bertako herritarrak munduko jantzienak izango dira, musikari zein entzule gisa.

Perkusio jole batek, zer nolako aukerak dauzka musikaren arloan?

Behin goi mailako ikasketak eginda, hiru aukera behintzat begiztatzen zaizkizu: orkestra batean jo, bakarlaria izan, ala, irakaskuntzako bidean jarri. Normalki, musikari gisa jarraitzea izaten da guztion ametsa. Baina zaila dago hori, eta azkenean, bizimodua nola edo hala atera behar izaten denez, orkestra handiren batean plaza ez baduzu lortzen edo estilo desberdinetako (eta ez bakarrik klasikoa) taldeetan jotzen, irakasle izaten ahalegintzea da geratzen zaizun alternatiba.

 

Rubio Babariako Estatu Operan, kontzertuetako batean.

Orkestra handietan ez dirudi oso baloratua dagoenik perkusioa, beste instrumentuan aldean…

Arrazoi duzu, guztiz. Alemanian Euskal Herrian baino baloratuagoak gara, hala ere. Egia esan, orkestra klasikoetan berandu samar hartu zen aintzat perkusioa. Bachek bere obretan tinbalak sartu zituen arren, ondorengo musika klasizistarekin (Haydn, Mozart, Beethoven…) hasi zen normaltzen bere presentzia.

Jende askok uste du ez dela batere zaila perkusio jolea izatea. Behin baino gehiagotan entzun behar izan dut, esate baterako, “triangelua neuk ere jo dezaket! Azkenean, zer da, bada, esku batekin zintzilika edukitzea, eta bestearekin, txotx batekin, altzairuzko hiru zatiak jotzea baizik?”. Zer esango dizut, bada, lagun-giroan nagoenean, barre egitea besterik ez zaidala geratzen...

Musika karrera amaitzerakoan panderoari buruzko ikerlana egin nuenean ere, jendea harritu egin zitzaidan, eta baita barre egin ere.

Sakondu dezakezu panderoaren ikerlan horren gainean?

Munduko kultur guztietan dagoen elementua da. Gogoko dut izugarri, eta mingarria egiten zait ematen zaion garrantzi eskasa. Are gehiago, perkusioen munduan, badira bigarren mailakotzat jotzen direnak, kriskitinak, triangelua… eta zaku horretan dago panderoa ere. Perkusiozko instrumentuetan espezializatzen zarenean ohartzen zara uste baino konplikatuagoa dela horietako bakoitzaren manejua, eta guztiek ere errespetua merezi dutela.

Horrela, pandero desberdinen ezaugarriak, jotzeko modu eta teknikak… aztertu nituen, eta Euskal Herrian ohikoa den panderoa jotzen ikasteko metodoa garatu nuen. Irakasleek ondo baloratu zidaten egindako lana, eta argitaratzeko aukera planteatu zidaten. Noizbait kaleratuko nuke, baina aurrez zenbait hobekuntza eginda.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!