Aurtengo hiru taldeen gaineko zenbait datu eskatuko dizkizut. Lehenbizikoa, Ramada Inn, Zumea plazan, 12:00etan.
Oñatiarrak, sortu berria da taldea. Beste taldeetan aritu ostean eskarmentu handia pilatuta daukaten musikariek osatu dute. Juan Valls da bere abeslaria, oso ahots pertsonala, fina, polita… Taldearen musikak 70eko soinu amerikarraren oihartzuna dakargu; inorekin erreferentzia hartzekotan, Bob Dylan edo Neil Young datozkigu gogora. Urtarrilean hasi nintzen beren musika entzuten, eta harekin kateatuta segitzen dut geroztik, zora-zora eginda. Garate grabazio estudioan lehen diskoa grabatu berritan datoz.
Natural Proyect, Juanita Alkainen, 13:00etan.
Ezagunagoa egingo zaie andoaindarrei, lau kidetatik hiru herrikideak baitira: Estanis Elortza (ahotsa eta baxua), Aitor San Sebastian (bateria) eta Juanpa Valdecantos (teklatua eta sintetizadoreak). Eñaut Gaztañaga (gitarra) da formazioko laugarrena. 25 urtetara doa taldearen ibilbidea, eta bost disko bizkarrean. 90eko hamarkadan sortutako taldea da, sintetizadorea eta teklatua rockaren munduan zabaltzen hasi ziren testuinguru hartan, The Smith, Depeche Mode edo New Order bezalako taldeen garaia iritsi zenean.
Labetik atera berria dute bosgarren diskoa, eta Andoainen aurkeztuko dute; besteak baino psikodelikoagoa eta ilunagoa omen da... Dena delakoa izanda ere, ziurtatuta daukagu ia ordubeteko zuzeneko ikuskizuna taula-gainean zaildua dagoen Estanis abeslariaren eta ondoan izango dituen beste hiru musikari bikainen eskutik.
Eta azkenik, John Dealer & the Coconuts Goikoplazan, 14:00etan.
Legazpitik datoz. 2015ean sortua izan arren hiru disko kaleratu ditu dagoeneko. Harrigarria da bere eboluzio azkarra, eskaileran gora doa koskaz koska etengabe. Ingelesez kantatu ohi dute, baina euskara sartzen ari dira azkena aldian. Kuriositate bezala, taldeko gitarra-jolea, Iñigo Caballero (gitarra), Susana Cencilloren Soinuak eskolako irakaslea izan zen.
Bere estiloa “Rock and roll energiko”aren etiketa pean definitzen dute, eta ez zaie arrazoirik falta, egiazki, zuzenekoa indartsu-indartsua baitaukate. Epe ez oso luzera zer esana emango duen talde horietakoa da; larunbatean Goikoplazara hurbiltzen denak gogoan hartuko du, eta noizbait, harro esan ahal izango du “han izan zen pribilegiatu horietako bat naiz ni”.
Hirugarren edizioa du aurten Aperitiv-ak. Zer nolako espirituarekin jaio zen?
Arrazoi ugari aipatuko nituzke. Hasteko eta behin, andoaindarrentzat aukera polita da rock erritmoekin gozatzeko, kalean eta herriko eremu desberdinetan. Larunbatean XIV. Rock Jaialdira datozen rockzaleei ere eragin nahi die, aurreko 13 edizioek gauza bat erakutsi baitigute, zenbaitzuk Andoainera egun-pasa datozela. Bada, horientzat erakargarria izan liteke eguardi partean kateatzea rockaren soinuetara. Bestalde, arratsalde-ilunabarrean herrira etortzera ohitu den musika zale horrentzat egun-pasarako gonbidapen pizgarria izan liteke, zergatik ez? Jaialdia hiru eszenatoki desberdinetara sakabanatuz, Andoain luze-zabal ezagutu dezakete, Nafarroa plazara mugatu beharrean.
Azken batean, Aperitiv lagungarri gerta daiteke zenbait helburu betetzeko: Andoain rockarekin identifikatzeko, Andoainek musikari lotutako egun osoko kale giroa edukitzeko, herriko ostalaritzak ere bisitarien mugimendua nabaritzeko…
Bestalde, honako gogoeta ere egingo nuke: musikaren munduan gero eta joera handiagoa dago gautik irten eta egun-argitara eramateko zuzeneko kontzertuak. Ederki eskertzen dugu haurrak dauzkagunok eta gauez nekez atera gaitezkeenak! Alde horretatik, Aperitif familia-giroan gozatzeko modua izan daiteke.
Zeu aritzen zara taldeen aukeraketak egiten, zeintzuk dituzu irizpide?
Rock and rollaren esentziari eusten dioten taldeentzat dago tokia, batez ere. Rockaren pean musika genero asko lotzen dira, baina esango nuke 70eko hamarkadako espiritutik edaten dutenak, soinu nahiko “klasikoak” egiten dutenak.
Urtean zehar inguruko musika panorama gertu-gertutik jarraitzen saiatzen naiz, leku txikietan-eta eta zalaparta mediatiko askorik gabe jotzen dabiltzan taldeak, sortu berriak, atera berri dituzten diskoak… Kalitate eta etorkizun handiko formazioak izan arren publiko zabalarentzat oraindik deskubritzeko daudenak Andoainera ekartzea da nire ilusioa. Erreferentziarik apenas eduki gabe, bilutsik, talde bat zuzenean kontenplatzen duzu, eta hor non zoratuta uzten zaituen! Hori baino magia politagorik eragiten ote du musikak?
Hirugarren edizioaren atarian, Aperitiv-a errotzen ari den ekimena dela esatera ausartuko zinateke?
Ibilbide laburrekoa izan arren, kontsolidatzen ari dela eta etorkizun oparoa daukala zain, esango nuke. Taldeak pozik hartzen dute eskaintza, formatu txikikoa izanik ez dauka aurrekontu handirik, eta gainera, publiko fidela dauka atzetik (jendea galdezka edukitzen dut urtean zehar, ea nortzuk datozen aurten…).
Garrantzitsua da Salkin elkarteak ekimena babestea, eta Andoaingo Udalak laguntzea eszenatokietako azpiegiturarekin eta soinuarekin. Alde horretatik, eskertzekoa da merkatarien elkartearen eta Udal kultur teknikarien ahalegina. Aldi berean, ez nituzke ahaztu nahi hiru kontzertuetan edozein zereginetarako prest egoten diren Dani, Sergio eta Koldo.