Eskola Agenda 2030eko ikas taldeek udal ordezkariekin hitzordu berezia eduki zuten Basteron, atzo

Aiurri 2022ko eka. 10a, 13:09

Udal eta lau ikastetxeetako ordezkariak, Basteron egindako ekitaldian (Argazkia: Andoaingo Udala)

Herriko lau ikastetxeetako ikasleek udal ordezkariei hainbat proposamen eta eskaera egin zizkieten Basteron atzo egin zuten ekitaldian, Eskola Agenda 2030 programaren eskutik. Maider Lainez alkateak, udal ordezkari gisa erantzuna eman zien ikasleei.

Andoaingo lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako Aita Larramendi Ikastola, La Salle Berrozpe Ikastetxea, Ondarreta herri ikastetxeetako eta Leizaran institutuko ikasleek Eskola Agenda 2030eko programa landu dute aurtengo ikasturtean; guztira, 2.880 ikaslek hartu dute parte lanketan. Hain zuzen, Zelaiak, Larreak, Landare Itsutasuna eta 15. Garapen Jasangarrirako Helburua lantzen aritu dira ikasturtean zehar.

Maiatzaren 19an, aurrez ikastetxeen artean egindako Ikasleen Foroetan ateratako ondorio nagusiak guztien artean laburtu zituzten; eta horrekin batera, Udalari helarazi beharreko proposamenak adostu zituzten.

Horrela, ikasleen ordezkariek udal ordezkariei proposamen sorta Basteroko atzo egindako ekitaldian eman zizkieten aditzera.

Artelatz Ingurumen Zerbitzuak S.L enpresak kudeatzen du programa.

 

Zelaiak, larreak, eta landare itsutasuna

Hona segidan, ikasleek udal ordezkariei luzatutako eskaerak.

* Sortzearen atalean:

1.- Zuhaitz eta lore landaketa ekintza gehiago bultzatu beharko lirateke.

2.- Herritarrentzat landare eta belazeen inguruko jarduera desberdinak antolatu: ikastaroak, tailerrak eta txangoak.

3.- Belazeak ugaritu, espazio babestuak sortu eta gune berde gehiago sortu etxebizitzen artean, plazetan...

4.- Landare espezieen inguruko informazio kartelak jarri (izenak, bitxikeriak…) eta beste batzuk belarra ez zapaltzeko diotenak ere.

5.- Udal baratzak sortu.

6.- Berdegune batean, elementu naturalekin egindako parke handi bat jarri.

7.- Animalien bizitokiak babesteko ekimenak sortu.

8.- Herriko belazeetan egurrezko mahaiak eta aulkiak jarri.

9.- Txakurrentzat belaze edota gune berezi gehiago egin.

10.- Mendietako bideak ongi adierazi.

 

* Zainketaren atalean:

1.- Eraikitzerako garian gune berdeak kontuan izan eta belazeak zaindu.

2.- Heskaiak material naturalekin eraikitzea (hesi biziak) posible denean eta puskatzen direnean konpondu.

3.- Herriko belazeak ongi zaindu: hainbat gunetan belarra gutxiagotan moztu, belardien behaketarako guneak sortuz eta zuhaitzak eta loreak landatuz.

4.- Biodibertsitate eta mendiko inbentario publikoa berrikusi eta herritarren artean ezagutzera eman.

5.- Hilero udal langileak mendia nola dagoen ikustera joan daitezen.

 

* Hondakinen atalean:

1- Inguru naturalak garbi mantentzeko zabor bilketak antolatu herritarrekin, ikastetxeekin...

2.- Zaborrontzi gehiago jarri, adibidez, Leizotz auzoan.

3.- Zaborra lurrera ez botatzeko kartelak jarri.

 

* Bestelakoen atalean:

1.- Olazar parkean iturri bat eta komun eta dutxa publikoak jartzea gustatuko litzaiguke.

2.- Herri mailako ekoizleen kontsumo talde bat sortzea km 0 produktuak bultzatzeko, bertako ekoizleak laguntzeko etab.

3.- Baserritarrentzat diru laguntza gehiago eskaini belazeak mantentzeko.

4.- Ikastetxeetan baserri mundua eta baserritarren bizitza ezagutzera eman eta haien irudia hobetzea.

5.- Komertzio handiak hiri handietara eraman.

6.- Garraio publikoa indartu.

7.- Buruntza auzoan argiztapen gehiago jartzea.

 

Andoaingo Udalaren erantzuna

Maider Lainez alkateak, Udalaren ordezkari gisa, ikasleek egindako proposamenei honako erantzuna eman zien, puntuz puntu:

- Zuhaitzen eta loreen landaketa berriak bultzatzen ari dira udalerriko lorategi guztietan. Tulipanak            eta nartzisoak landatu dira, biribilguneetan loreak sartu dira eta lore-pergolak sortu dira. Horrekin lotuta, gure hirietako zuhaitzek eta landarediak duten eragina adierazteko sentsibilizazio-jarduerak egitea aurreikusten  da.

- Garapen berriek berdegune berriak aurreikusten dituzte, eta espezie anitzagoak eta aberatsagoak izatea nahi dugu.

- Txakurrentzako gune berriak sortzea eta daudenak hobetzea ere aurreikusita dago, iturriak jarrita, adibidez.

- Izurriteen kudeaketa integratua bultzatuko dugu, produktu kimikorik erabili gabe kontrolatu ahal izateko, beste intsektu-espezie batzuk baizik.

- Horretarako, hainbat lorategitan biodibertsitate-irlak sortuko ditugu, landareen polinizatzaileei laguntzeko eta izurriteak kontrolatzen laguntzen diguten espezieak mantentzen laguntzeko.

- Gero eta heskai bizi gehiago sortzen ari gara, faunarentzat interesgarriak diren espezie autoktonoak erabiliz.

- Andoainek egunero gure mendiak ikusten dituen basozain bat dauka bere egoera zaintzeko. Eta langile-talde bat ere badugu, bideak garbi eta mendiak ondo zainduta egon daitezen zaintzen duena.

- Gero eta zakarrontzi gehiago jartzen dira hondakinak biltzeko, eta motaren arabera bereizteko.

Leku berezietako hondakinak biltzeko kanpainak egingo dira: ibaiertzak, landa-parkeak, etab.

- Olazar Parkean iturri bat instalatzeko ura eramateko aukera aztertzen ari gara.

- 0 Km kontsumo-taldeak daude Andoainen. Egin genezakeena da ezagutzera eman bere lana zabaltzeko.

- Laster aterako da Andoaingo Hiribusaren lizitazioa. Nola hobetu aztertzen ari gara, erabilera areagotzeko eta eremu gehiagotara zabaltzeko.

- Elikagaiak alferrik ez xahutzeko ekimen bat jarri da abian: «Gourmet bag». Une honetan, Andoaingo sei taberna batu dira kanpainara: Hiru, Traiñerum, Danena, Boo, Leitzaran eta Olloki.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!