Leitzaran Institutuan irakasleak, ikasleak eta gurasoak lanaldi zatituaren aurka agertu dira

Aiurri 2022ko eka. 14a, 20:40

Leitzaran institutuko irakasle, ikasle eta gurasoak haserre daude Jaurlaritzako Hezkuntza sailak datorren ikasturtetik aurrera lanaldi zatitua ezarri nahi duela eta. Joan den ostiralean elkarretaratzea egin zuten institutuaren aurrean, Belkoain guraso elkarteak deituta.

Hona antolatzaileek elkarretaratzean zabaldu zuten agiria:

“Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak erredaktatu duen hezkuntza lege berriaren oinarrietan, “Lanaldi zatitua finkatzearen alde egiten da, salbuespenak salbuespen”.

Ikastetxe batzuek Lurralde Ordezkaritzaren baimena dute, salbuespen gisa, lanaldi jarraituarekin jarraitzeko. Egoera horiek behar bezala arrazoitu dituzte zentro eskatzaileek, eta dagokion lurralde-ordezkariak baloratu ditu; izan ere, uste du behar bezala justifikatuta dagoela salbuespena.

Ikastetxe horien artean Leitzaran Institutua dago, 4 urte baitaramatza lanaldi jarraituarekin, jantokiko obrak eta pandemiaren 2 urteak direla eta. Lau urte hauetan egiaztatu dugu gatazkak, jende-pilaketak, zarata-maila eta estresa nabarmen jaitsi direla, alegia, esperientzia oso positiboa izan dela.

Kontuan izan behar da, halaber, gure ikasleen artean asko beste herri batzuetakoak direla, eta jardunaldi honek asko errazten dituela joan-etorriak, eta urte hauetan, jangelak ere erregulartasunez funtzionatzen jarraitu duela.

Galdetegi bat eginda ikastetxeko familien artean, ikusi da %99 lanaldi jarraitua babesten duela. Horregatik guztiagatik, IGE gisa, erabateko desadostasuna adierazten dugu lanaldi zatituaren inposaketaren aurrean”.

 

Lanaldi zatituaren aurka egoteko argudioak

Institutuko zuzendaritzatik Aiurriri adierazi diotenez, orain aurretik inkesta egin dute ikasle, irakasle eta gurasoen artean, guztien iritzia jasotzeko. Bada, emaitzen arabera, oso kopuru handia Hezkuntzaren neurriaren aurka agertu da. Zuzendaritzak gehitu duenez, bertako 68 irakasleek modu ezkorrean ikusten dute lanaldi zatitua.

Ez dute ulertzen hezkuntzak azaldutako familien kontziliazioaren argudioa, eta hainbat arrazoi adierazi dituzte iritzi hori indartzeko. Batetik, ulergaitza egiten zaie kontziliazioaren aldeko neurria bada zergatik aplikatuko den soilik astelehen, astearte eta ostegunetan, eta ez asteko bost lau egunetan. Bestalde, pedagogia egokiaren aurkakoa dela diote, praktikan erakutsita baitago arratsaldeetan jaitsi egiten dela ikasleen errendimendu akademikoa eta igo estresa. Aldi berean, zirtatu dutenez, ikasleei eskolaz kanpoko ekintzak gauzatzea galarazten die ordutegi zatitu horrek.

Egun, Leitzaran Institutuan, bi ikasketa mota irakasten dira; batetik, DBH (zientifikoa, humanistikoa eta teknologikoa, hiruretan A eta D ereduetan), eta bestetik, Gizarte Integrazioko Goi Mailako Hezkuntza zikloa (A eta D ereduan).

Andoaingoak ez ezik, Hernani, Beasain, Ordizia, Tolosa, Astigarraga, Aduna, Zegama, Villabona, Urretxu, Lasarte-Oria, Urnieta, Ibarra eta Beasaingo ikasleak daude matrikulatuta bertan.

Guztira, 339 ikaslek ikasten dute bertan, horietatik 130k DBHn. Hain zuzen, azken talde horri eragingo dio lanaldi zatituaren neurriak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!