“Ibili Andoain” ekimenak Otietan azken saioa egin du, eta oroigarriak banatu dituzte

Aiurri 2022ko eka. 15a, 16:20

Elkar ezagutzea eta elkarrekin jarduera fisiko osasungarri bat egitea helburu duen “ibili Andoain” ekimenak ikasturteko azken saioa egin du Otietan parkean gaur goizean. Ekimenean laguntzaile diren herriko elkarteen ordezkariek, 90 urte betetzera doan Piedad Suarezek eta jubilatzear den Ana Sanzek oroigarri bana jaso dute. Argazki sorta, ikusgai:

Goikoplazan, goizeko 10:00etan jarri du hitzordua herriko jubilatuei eta adinduei begirako ekimenak. Otietako Bisitarien Etxerako bidea hartu dute guztiek, batzuk oinez, besteak busean.

Behin Otietako Bisitarien Etxean bildu direnean, Eloi Artolazabalek Leitzarango bailarari buruzko hitzaldi didaktikoa eman dizkie, bertako natur balioetan eta historian zehar nagusi izan diren ekonomia jardueretan zein lanbideetan azpimarra eginez.

Gaurkoa azken saioa zen esan bezala, eta ekimenean parte hartu duten hainbat pertsona eta elkarteei Maider Lainez alkatearen eskutik oroigarriak banatzeko baliatu dute.

Horrela, aurten 90 urte betetzen dituen Piedad Suarez Trapiellari oroigarri berezia eman diote. “Bideak bideari zor; zuen kemenak bideari eutsi dio gogor!” jartzen du eman dioten oroigarriak.

Ondoren, modu batera edo bestera Andoaingo Udalarekin elkarlanean aritu diren elkarteen ordezkariei oroigarri bana eman zaie.

Hain zuzen, “Jende xume askok, gauza xumeak eginez, mundua alda dezake” inskripzioa daramaten plakak, honako elkarteei banatu zaizkie: Gurutze Gorria, Bertxin Jubilatuen Elkartea, Santa Krutz Jubilatuen Elkartea, Hurria-Sahara elkartea, Euskalduna mendigoizale taldea eta Zuena Emakumeen Topagunea.

Azkenik, “Ibili Andoain” ekimena jaio zenetik bertan buru belarri aritu den Ana Sanz gizarte zerbitzuetako teknikariarekin ere gogoratu dira, irailaren 20an erretiroa hartzera baitoa. Berari eskaini dioten plakak, hara zer dioen: “Zure ekintza bakunei eta zure dedikazioari esker mundua asko hobetu da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!