"Harakinaren gremioa galtzen ari da; geroz eta gazte gutxiagok ikasten du ofizioa"

Xabier Lasa 2022ko eka. 17a, 07:35

Hogeita hamar urteko ibilbidean, Kale Nagusiko Kukutei harategian Belen Salgado -emaztea- eta Juan Joxe Iguaran laguntzailea alboan izan ditu Joseba Arrutik. Negozioa ixtera doa ekainaren bukaeran. Arrazoiak azaldu dizkio Aiurri astekariari.

Bezeroak ariko zaizkizu galdezka ixtera zoazela-eta, ezta?

Bai, halaxe da. “Orain zer egin behar dugu zu gabe?”, galdetzen didate batzuek, eta ulertzekoa da, “ohituretako animaliak” baikara guztiok ere, eta gogoko baitugu antzeko gauzak egitea beti, segurtasuna ematen dizutenak; egunerokotik zerbait aldatuz gero, hor galtzen gara! Nik zer erantzungo diet, bada? Hauxe, batzuei: “zuen diruak berdin balio du hemen eta han, eta bezero ona denari edozein tokietan egingo zaio ongietorria”. Hori bai, gertuko dendetan kontsumitzea aholkatzen diet, nahiz eta harategien panorama urritzen ibili. Halaber, nongo txekorrekin lan egin dudan aipatzen diet: Etxabe (Leizotz auzoa, Andoain), Bekoborda (Goiburu auzoa, Urnieta) edo Aia, Asteasu edo Zizurkilgo zenbait baserri.   

Gauzak diren bezala, bezeroen artean lagun asko egin dut, konfiantza hartu dugu elkarrekin denboraren poderioz, eta ez da erraza ahazten urtetan eduki dugun gizalegezko tratu hori. Horrek ematen dit penarik handiena, harategia itxita. Esaten diet, bai, noizbehinka geratuko garela Andoainen zerbait hartzeko, baina ez didate sinesten! Nik, berriz, egiatan ari naizela erantzuten diet. 

Urnietarra zara jaiotzez, baina ondo andoaindartua honezkero.

Bai, esaten dizudan bezala, Andoainen egin dut bizitzaren erdia, eta etxean nagoenean Urnietako kalera apenas jaisten naiz. Han nire belaunaldiko jendeak ezagutzen nau, baina hortik beherakoek, apenas.

Kukutei izenak non du jatorria? Zeu Urnietako baserri horretako semea al zara?

Ez, bada! Jendeak hala uste badezake ere. Kontua da orain 35 bat urte, Lasarten lanean arin nintzenean, zenbait lagunek bazkideen ondasun-erkidegoa sortu genuela, eta Kukutei jarri geniola izena hari. Gerora, handik Andoainera etorri nintzenean, izena ere nerekin ekarri nuen. Jose Luis Kalegain urnietarrak zeukan harategia bertan, eta hari traspasoan hartu nion. Ni, berez, Lekun baserrikoa naiz, Ergoien auzokoa. Urumeako autobidea egin zutenean, Plazaolako trenbide zaharreko akueduktua eta bi karobi zoragarriez gain, Lekune geure baserria ere aurretik eraman zuten. Orduan, izen bereko etxe berria lur-sail berean, beheraxeago altxatu genuen, eta bertan bizi naiz. 

Jakin al liteke zeintzuk diren pertsiana betirako jaisteko arrazoiak?

Bai, denak harritu egiten zaizkit esanez 61 urterekin oraindik ez daukadala adina erretiroa hartzeko. Bere garaian pentsio plan batean sartu nintzen, eta horrek asko erraztu dit erabakia. Egia esan, arrazoi ugari pilatu zaizkit azken aldian. Batetik, lokalaren errenta igo eta igo ari zait; nahiz eta nahiko zaharra izan, ez dauka antigualeko errenta. Eta bestetik, salmenta jaisten ari da. Bi arrazoi horiei erantsi behar zaie ez nagoela batere eroso azken aldian sortu den giro nahasiarekin, etorkizun iluna ikusten dut. Salneurri guztiak igotzen ari dira, gasolina, argia… Ukrainako gerraren aitzakia ez bada beste edozer gauza erabiltzen dute, eta inpresioa daukat espekulazioaren erreinua bihurtu dela mundua, dirua erraz irabazteko testuinguru ezin aproposagoa ikusi duten espekulatzaileak nagusi! Zeuk ere negozioko salneurriak igotzera behartzen zaitu egoera honek, eta gaizki geratzen zara bezeroekin.

Inor ez al zaizu tentatu ez negozioari jarraipena emateko?

Lokalaren errenta altuak, bertan egin beharreko erreformek edo makinaria berritzeak nahiko ezinezkoa egiten dutela negozioarekin jarraitzea, iruditzen zait. Bestela ere, harakinaren gremioa galtzen ari da; geroz eta gazte gutxiagok ikasten du ofizioa, haragiaren zatiketa nola egiten den eta abar. Zoaz harakin baten bila, eta ederki kostatuko zaizu topatzea! Beste zenbait ofizioen (iturgina, igeltseroa…) antzera ari da gertatzen.

Bestelakoan ere, gaurko belaunaldiek ez dute oso bideragarria ikusten autonomo gisa lan egitea edozein motatako merkataritzan. Gastuak nonahitik ateratzen zaizkizulako, buruhausteak etxera eramaten dituzulako, jendaurreko ordutegiaz kanpo ere aurreko lanak edo larunbatetan ere sakrifikatzea eskatzen dizulako…

Salmenta urritzen ari dela diozu.

Halaxe da. Beti-betiko bezeroarekin funtzionatu izan dut asko, eta horietako batzuk badoaz poliki-poliki, edo zahartzen ari direnez jaitsi egin dute kontsumoa, normala denez. Gazteak ere etortzen zaizkit, baina horiekin gehiago nabaritzen da gizarteko kontsumo-ohiturak nola ari diren aldatzen: nola jotzen den saltoki handienetara gero eta gehiago, haragiaren kontsumoa gainbehera doala, sukaldean gero eta gutxiago egiten dela, eta, azkenik, aurrez prestatutako jakiak gora doazela.

Esango nuke haurrak direla harakinen aliaturik finenak. Ederki asko bereizten dituzte kalitate oneko eta txarreko kroketak edo sanjakoboak! Gurasoek ez die erraz sartuko ziria, bexamela kimikoarekin ala naturalarekin egindako sanjobo batekin!

Harakinaren negozioarekin jarraitzea pentsatuko banu, argi daukat zortzi metroko mostradorean, bi haragitarako prestatuko nituzkeela, eta beste sei txarkuteriarentzat eta aurrez prestatutako jakientzat.

Nola ikusten duzu merkatari txikien egoera, etorkizuna?

Inguruko dendariengan ezin egona eta etsipena nagusi dela sentitzen dut, lehen aipatu dudan giro nahasi horren ondorioz. Dena daukagu kontra: saltoki handiak irekitzea eta horiekin konpetentzia handitzea, salmenta jaitsiera, generoen prezioen igoera, atzetik familiarrik ez ikustea negozioari eusteko lain... Arrazoi horiek gutxi ez-eta, ditxosozko Ticket Bai hori ere heldu zaigu, eta jendea aztoratuta dabil.    

Hemendik aurrera zertan igaro behar duzu denbora?

Oraindik ez daukat argi zer egin. Hori bai, erlojuaren menpe ibili gabe aspertu nahi nuke, ez baitakit zer den gauza horixe. Ea eguna orain baino luzeagoa egiten zaidan, horixe jakiteko jakinmina daukat. Terrazaren batean eseri eta egonean egoteko edo pasioan ibiltzeko aukera edukitzea, ederra behar du izan hori! Bestalde, etxeko azpikaldean baratza eta animaliak (astoak, ahuntzak…) badauzkat, eta horiei ere eskaini beharko diet denbora.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!