Ailegatzear dira Sanjuanak Euskal Herriko hainbat txokotara, baita Andoainera ere. Hala, musika ezinbesteko pieza da jai herrikoietan, kaleak girotu eta festazaleak dantzan ipintzeko. Urtero lez, itzal handiko artistak igaroko dira, aurten ere, oholtzatik. Bada, inguruetako plazetan hamaika bider agertu diren taldeez gain, badira egitarauan aski nabarmentzen diren bi izen: Sofia Gabanna eta Foyone. Nortzuk dira, baina?
Sofia Gabanna: Ibilbide laburra eta arrakastatsua
22 urte besterik ez ditu Sofia Gabannak (Buenos Aires, 2000), eta, jada, bere melodiek arrastoa utzi dute nazioartean. Nathy Peluso artista ezagunaren ahizpa da, eta rapa oinarri, orain gutxi kaleratu du bere lehen albuma, "Maté el amor". Zazpi abestik osatzen dute artista gaztearen lehen uzta, eta, haren esanetan, “zer pentsatua ematea” dute xede bere kantuek.
90. hamarkadatik etorritako rap klasikoa antzeman daiteke bere doinuetan, eta makina bat artista lagun ondu du EP-a, Lupita´s Friends ekoizpen-etxearekin: D'Angelo, Moob Deep, Ayax y Prox edota Marvin Gaye, besteak beste. Kutsu autobiografikoa dute bere letrek, eta emozioak ditu hizpide, abeslariak aitortu duenez, “bizipen itsusienetatik gozoenera” bitarte.
Belaunaldi gazteek sutsuki jarraitzen dute artista, eta sare sozialetan duen inpakturari apur bat erreparatzearkein nahikoa da hortaz jabetzeko. Izan ere, Instagram sare sozialean, esaterako, 118 mila jarraitzailetik gora ditu, eta Cuentame kantuak YouTuben, berriz, 2,8 milioi ikustaldi baino gehiago.
Foyone: Andaluziako errimak
Grafitiaren bidez egin zuen salto Pedro Armando Navarro Foyone (Malaga, 1991) rap abeslariak hip hop mundura. 2011 urtean kaleratu zuen lehen lana, eta, harrezkero, geroz eta ezagunagoak bihurtu dira bere abestiak. Andaluziar izaera sutsuki defendatzen du bere errimetan, eta musika gizarte-salaketarako parada gisa ulertzen du.
Orotara, zazpi LP eta lau EP argitaratu ditu. Horien artean, arrakasta handia izan du “RapSinCorte” ikus-entzunezko proiektuak. Bertan, bi minutu inguruko inprobisazioetatik abiatuta, mundu osoan barrena zabaldu da bere musika: bere hastapenetatik 2021era bitarte, hamarkada oso batean, modu horretan egindako kantuak biltzen ditu albumak. Bidean gertu izan ditu Toteking Kase.O, Recycled J, Ayax y Prok, eta Ptazeta bezalako artistak.
Gabannaren pare, artista honek ere ospe handia eskuratu du plazatik plazara, baita sare sozialetan ere. Esate baterako, “RapSinCorte​ L” piezak bederatzi milioitik gora ikustaldi ditu YouTuben.