Nola hartu duzue pregoilari gisa zuek izendatzea?
Ilusioa egin digu, ederki poztu gaitu! Eta dena esatera, ezusteko handia ere eragin digu izendapenak, izan ere, hautagaien zerrendan errespetu eta miresmena eragiten duten pertsonak eta elkarteak ageri baitira, Andoaingo herriari herrigintzaren eta kulturgintzaren arlotan egundoko ekarpena egiten diotenak direla, alegia. Guztiek soberan eginak dauzkate merezimenduak herritarren aitortza publikoa jasotzeko.
Guk esan dezakeguna da oso eskertuta sentitzen garela izendapen prozesuan parte hartu duten hautagaien proposatzaileekin edo Jai Batzordeko elkarteekin, gurekin gogoratu direlako. Eta batez ere, guztiei eskerrak eman behar dizkiegu pregoiaren ekintzak lagun dezakeelako gurea bezalako elkarte bat zein txalaparta bera ikusgarriagoa izan daitezen.
Pregoia nondik norakoa izango den, zerbait aurreratzerik bai?
Gure mezua ahalik eta motzena, eta aldi berean, bixi-bixia izan dadin saiatuko garela, gehiago ezin dugu aurreratu. Esan beharrik ez dago ohore bat dela zure herriko jaien hasiera ofizialean protagonista bilakatzea hala nahi izan dutelako Jai Batzordeko kideek, eta alde horretatik, gertakizunak eskatzen duen mailari eusten saiatuko gara. Une iritsi bitartean, herrikideei gonbitea luzatzen diegu Goikoplazara bertara daitezen, pregoiaz gain festa giroko kalejirak, Soka Dantza, Salbe Gorena eta abar ospatuko baitira.
“Herriko festetan sustatzaile era partehartzaile izateagatik” eta “txalaparta kalera ateratzeagatik” izan zarete izendatuak, besteak beste…
Txikia da gure taldea, baina bere xumetasunean, orain 20 urte jaio zenetik, ahalik eta txukunen saiatu izan gara txalapartaren soinua eta kultura zabaltzen, herrikoitzen. Herriko jai eta ospakizun desberdinetan gure ekarpena egiten ahalegindu izan gara beti, batetik, herriko elkarteek antolatu ohi dituzten ekimenetan parte-hartuz, eta bestetik, geuk antolatuz kale agerraldiak Sanjuanetan, Santakrutzetan edo gainerako jaietan. Kaleko presentzia horietan, elkarteko kideek txalaparta erakustalditxoak egiteaz gain, mezu argia zabaltzen diegu herritarrei, gazte zein helduei: “hurbildu gugana, hartu makilak eta probatu, erreparorik gabe!”.
Gainerakoan, urtean zehar, txalaparta ikastaroak edo tailerrak antolatu ohi ditugu, hasi berriei nahiz oinarri bat jada badaukaten horiei begira. Alde horretatik, berriro luzatuko nioke mezua txalapartak interes pittin bat pizten dion horri: “zatoz eta probatu!”. Argi dagoena da makilak eragin arte nekez harrapatuko diozula puntua txalapartari. Izan ere, bizitzako hainbat arloetan bezalatsu, txalapartarekin ere gauza bat baita besteek egiten dutena ikustea, eta bestea zeu aritzea.
Nola ospatuko dituzue Sanjuanak, aurten?
Pregoiaz gain, Kantu Kalejirako taldearekin batera modu zuzenean hartuko dugu parte jaietan, eta hortik aurrera, edozein andoaindarren antzera gozatuko ditugu.
Hori bai, aipatuko nuke, guretzat, hunkigarria suertatu ohi dela San Juan suaren inguruko ospakizun guztia, eta batez ere ikusita txalapartak nola hartzen duen protagonismo berezia. Izan ere, aspaldiko urtetan, da Zuaznabar familiaren eskutik txalapartaren hotsa udaletxeko balkoitik Goikoplazan zabaltzen da. Mari Karmen Zuaznabar eta bere seme Pello Uranga txalapartariak dira horren eragileak; familiatik datorkie tradizioa, beren aurrekoa izan baitzen Pello Zuaznabar, Lasarten jaio eta Andoainen bizi izan zen txalapartari famatua. Esan daiteke Pello eta Migel anaiek eutsi ziotela txalapartaren tradizioari, eta bikote horri esker bizi-iraun duela geroztik. Alde horretatik, txalapartari eta txalaparta zale guztiontzat ezinbesteko erreferentea da familia hori.
Elkartearen 20. urteurrena ospatzekotan zabiltzate.
Bai, iraila-urrira begira gabiltza buru-belarri antolaketa lanetan. Maizorri elkartearen 20 urteko historia ia ehun pertsonek osatu dute nola edo hala, eta errealitate hori jaso nahi du Basteron prestatuko den erakusketak. Baina aldi berean, edo-eta batez ere, txalaparta zer nolako soinu-tresna den eta bere historia, jatorria, bilakaera… azaltzen duen erakusketa egiteko asmoa dago. Horrekin batera, urriaren 1ean, egun osoko ospakizuna lotzen gabiltza. Aurrerago zehaztuko dugu guztia.
Zein egoeratan ikusten duzue txalaparta, Andoainen nahiz Euskal Herrian?
Ez dago erraza erantzuten! Andoainen funtzionatzen du elkarte sustatzaile batek, eta berdin inguruko zenbait herrietan… Baina orohar, gabeziak sumatzen dira transmisioaren eta zabalkundearen arloetan. Oraindik orain, esate batera, gazte lokalean tailerra antolatu genuen gazteekin, eta oso esperientzia polita suertatu zen guretzat. Konturatzen gara gazteentzat interesa pizten duen soinu-tresna dela txalaparta, baina gero, ideia hori gizarteratzeko garaian, ezintasuna sumatzen da…
Bigarren mailako instrumentutzat hartzen segitzen da normalki, beste instrumentuen laguntzaile gisa, edo edozein motatako ospakizunetan osagarri gisa. Kostatzen ari da bakarkako soinu-tresnatzat jotzea, nortasun propioa duena, indartsua… Gizartean, oraindik ere nolabaiteko statusa, indarra, ospea edo dena delakoa falta zaiola ematen du. Azken hamarkadetako errealitateari erreparatzen badiogu, ordea, ez luke hala izan behar. Ikusi besterik ez dago, egundoko eboluzioa bizitu izan du, eta era guztietako txalaparta mota ikus daitezke plazan, egun: egurrezkoak, burnizkoak, kristalezkoak, harrizkoak… Azken urtetan, Oreka TX eta beste zenbait taldek argi erakutsi dute noraino iritsi litekeen txalaparta irudimenez eta trebeziaz esploratuz gero, edo zenbateraino den irekia eta moldagarria edozein proposamen moderno gauzatzeko.
Maizorri hitzaren esanahia:
Arto-landarearen hostoa da maizorria. Txalaparta soinu-tresna, tradizioz, lau makilek, bi saskiek (ahoz behera jarrita) eta zurezko oholek osatu izan dute, funtsean. Bada, saskien gainean eta oholen azpian, bi maizorri jarri izan dira. Hala transmititu izan zuten erakutsi izan zuten.