Sanjuanak 2022

Sanjuanetan ere eraso matxistei aurre egiteko protokoloa martxan izango da

Aiurri 2022ko eka. 23a, 08:28

"Puntu morea" Goikoplazan ipiniko dute, gaurkoan eta biharkoan. Eraso sexistak saihestearen gaineko informazioa helarazteaz gain, erasoren bat jasanez gero hara joateko balioko du.

“Baietz gabe, ezetz da” da herriko jaietan eraso matxistei aurre egiteko urratsen protokoloaren leloa. Eraso bat jasan duenarentzat zein eraso baten lekuko izan denarentzat pentsatuta dago batik bat, eta herriko eta auzoetako jaietan jarriko da abian. Santakrutzetan, zorionez, ez zen horrelako gertaera ilunik izan eta ea ez den ezer gertatzen hastear diren San Juan jaietan eta Andoaingo auzoko jaietan.

Berdintasun Sailak udaberrian egin zuen agerraldian adierazi zuenez, “indarkeria matxistak galarazi egiten du emakumeok espazio publikoa askatasunean gozatzea, deserosoak, mehatxagarriak edo arriskutsuak ere egiten zaizkigun egoerak sortuz. Normalean, bakarrik egiten diegu aurre egoera horiei, edo gure ingurune hurbilenaren laguntzarekin. Horregatik, uste dugu ez dagoela inolako tresnarik soberan”.

112 Aplikazioa erraza eta eskuragarria

 

Larrialdi-zerbitzuei lotutako 112ak berarekin daukan aplikazioa ere gogorarazi zuten udaletxean egin zuten agerraldian. APPak  “sexu-erasoa” edo “segurtasun-bidea” botoiak eskaintzen ditu, eta aplikazio hori nola deskargatu azaltzen duen esku-orria kaleratu dute. Tresna hori jaietan ez ezik, edozein momentutan ere erabili ahal izateko tresna da. 112ko APPak larrialdi-zerbitzuei abisatzeko aukera ematen du, deia aktibatzen duen pertsona urjentziaz geolokalizatuz, baita ahotsik gabe ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!