Ez al zaizkizu barruak pittin bat mugitzen ari, estrainaldia dela eta?
Batere ez! Gora urduritasuna! Besterik ezin dut oihukatu. Gau perfektua izango da, osagai guztiekin: gogokoa dudana egitea, eta non, eta kasik bertakoa sentitzen naizen auzoan, senideez, lagunez eta ezagunez osatutako publikoaren aurrean…
Kaletxiki leporaino jarriko dela ez eduki zalantzarik! Izan ere, nire inguruko jende horrez gain, Quique Matillak eta David Cepok ere publiko zabala erakarriko dute, maila handi-handiko bakarrizketariak baitira.
Jendaurrean azaltzeak edonori errespetua eragiten dion gauza da.
Bai, baina ondo ohituta nago lehendik ere, saltsero peto-petoa naiz. Nire inguruko jendeak badaki zenbat dudan gogoko edozein unetan show txikiak inprobisatzea, txorakeriak esan edo egitea, txisteak kontatzea, jai giroa piztea... Komikoaren izaera bat dator nire nortasunarekin.
Egia esan, kalea zapaltzea ikaragarri maite dut, eta ibilia naiz perkusioaren munduan Zozongorekin, kale-antzerkia ere egin izan dut nire kabuz… Herrian, denetik egitera ausartzen naiz, danborrada dela, Axeri Dantza edo Puska Biltzea direla… Egin kontu, ekitaldietan esatari gisa ere hasita nago pittin bat. Txiripa hutsa izan zen azken kontu hori, izan ere, aspaldi, Tarragonan oporretan nintzela, mendi lasterketa batean, mikrofonoa hartzeko eskatu zidaten gaztelaniaz, katalanez eta euskaraz aurkez nezan proba; bada, harrezkero, urtero tokatzen zait speaker lana egitea. Are gehiago, iaz proposatu zidaten Bide Berdeen lasterketen sarean, Leitzarango proba aurkez nezan. Ni prest, noski, baina pandemia etorri zen agudo!
Gauza bat argi daukat: mikrofonoa hartu, eta tresna horrekin bakarrik jendea pozik jartzea, horrek ez dauka preziorik!
Baina bakarrizketaren munduan murgiltzeko teknika batzuk menperatu beharko dira, ala?
Jakina! Alde horretatik, bolada baterako Madrilera joan eta, bertan Yllana antzerki konpainiarekin keinuzko umorea landu nuen, eta baita, Agustin Jimenez bakarrizketariarekin ikastaroa egin ere.
Madrileko egonaldia ondo probestu nuen; izan ere, Movistarren The late-late show formatuko saioetan muturra sartu nuen tarteka; esate baterako, La Resistencia programan zenbait saioetan (Estopa taldea, saskibaloiko jokalari bat… gonbidatuak izanik) publikotik irten, eta umorezko bakarrizketa txikiak egitea egokitu zitzaidan. Lotsa galduta daukat aspalditxo!
“El del Valle” da zure izen artistikoa.
Bai, oraindik orain, lagun mina joan zait betirako, eta hari omenaldi txiki gisa ere jarri diot nire buruari izen hori. Adiskide horrek nongoa nintzen galdetzen zidanean, nik “el del valle del Leitzaran” erantzuten nion. Hortik, izen artistikoa.
Zer eskainiko duzu Kaletxikin?
Hogei bat minututan, istorio bat kontatuko dut. Egunerokoan, edonori gerta dakizkiokeen gertaera txikiekin oinarritu dut gidoia. Autoan, lanean nahiz ohean erdi-lo nagoenean irudimena pizten zait, eta orduantxe irtendako ideiak paperan idazten ditut edo mugikorrean grabatzen. Asko ezin dut aurreratu, baina funtsean, baserritik kalera jaitsi den gazte baten ibilerak kontatuko ditut. Tarteka, keinu ugari egingo diet Andoaingo herriari, andoaindarri, Kaletxiki auzoari, kaletxikitarrei, Andoainen bizi den kultur aniztasunari…
Gaztelaniaz egingo duzu bakarrizketa. Etorkizunean euskaraz ere egitea pentsatu al duzu?
Ostiraleko kontakizunean euskarazko esaldiek noizean behin hartzen dute bere tartea, baina egia da gaztelaniaren aldeko hautua egin dudala bakarrizketari gisa, modu naturalagoan moldatzen naizelako. Nahi nuke euskaraz egin, eta saiatuko naiz ziurrenik etorkizunean. Baina, oraingoz, iruditzen zait grazia falta zaidala euskaraz aritzeko eta publikoa barrez jartzeko.
Ia kaletxikitarra sentitzen zarela aitortu duzu.
Eta halaxe da, nahiz eta Goikoplaza aldean bizi. Harrigarria da auzo txiki horretan zer nolako festak antolatzen dituzten! Egun osoan daukazu ekitaldiren bat! Beti gustatu izan zait bertan ekitaldiren batean edo bestean parte hartzea, antolatzaileei edozertan laguntzea… Jakina, parranda mundialak egitea ere, derrigorrezko lana izaten da!