Otitako zentral zaharreko eraikina ostalaritza-jatetxe gune bihurtzeko hasierako hitzarmena onartu dute

Aiurri 2022ko uzt. 4a, 13:15

Ekainaren 30eko batzarraldian Otitako zentral zaharrean ezarri nahi den ostalaritza eta jatetxe jardueraren hasierako hitzarmenaren onarpena eztabaidatu zen. Proiektu hau gauzatzeko hasierako hirigintza-hitzarmena gehiengoz onartu zen. 

Ekaineko udal batzarraldian, 5. puntuan, eztabaidatu zen gaia. Hauxe zen aztergaiaren izenburua: “Andoain Udalak eta Ottitta Leitzaran SL merkataritza-sozietateak Otitako zentral zaharreko eraikinean ostalaritza- eta jatetxe-jarduera ezartzeko sinatu beharreko hirigintza-hitzarmenaren hasierako onarpena”.

Udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiek egitasmoaren alde agertu ziren, eta EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu oposizioko kideak aldiz abstenitu egin ziren.

Ekingune egitasmoa

Sozietate edo baltzu mugatu horri buruz dagoen informazio apurra Ekingune webgunean aurki daiteke. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ekintzaileen Komunitatearen webgunea da eta bertako programen artean aurki daiteke “Urratsbat” izenekoa. Tolosaldea LHII ikastetxean garatu da egitasmoa, enpresa-haztegi modura funtzionatzen duen programa baliatuta. Webgune horretan horrela definitzen da Ottitta Leitzaran SL merkataritza-sozietatea: “Proiektu hau, Andoaingo Leitzaran landa parkeko esparruan kokatuta dagoen Otita izeneko eraikinean, aterpetxe eta turismo aktiboko enpresa bat burutzeko beharrezko izango diren ekipamendu eta zerbitzuetan oinarritzen da”.

Plenoan eztabaida

Udal ordezkarien arteko eztabaida esteka honetan ikus daiteke. Bideoan klik eginda eztabaidara zuzenean joko du ikusleak:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!