Andoaingo Udalak jendearen parte hartze masiboa eta aktiboa goraipatu du: "Apurka normaltasunera itzultzen ari garen urte honetan, Andoaingo Udalak aparteko ahalegina egin du jaiei begira puntako programazioa antolatzeko, eta emaitza izan da herritarrek modu aktiboan erantzun dutela, ekainaren 23tik 27ra bitartean antolatutako ekitaldi guztietan modu masiboan parte hartu baitute andoaindarrek". Aipatzekoa da, Tremenda Jauria kontzertua bertan behera gelditu zela euria medio.
Bestalde, Goikoplazako zein Nafarroa plazako ekitaldiek harrera, bereziki, jendetsua eduki zutela gailendu dute: "Jendearen erantzunari dagokionez, Goikoplazako ekitaldirik jendetsuenak hilaren 23ko Sanjuan suaren inguruko ospakizuna eta Gozategi, Remember Queen, Puro Relajo eta haurren danborrada izan dira. Publiko eta adin ezberdinei zuzendutako programazioarekin, gaueko zein eguneko ordutegian, jendearen joan-etorria etengabea izan da. Nafarroa Plazan aldiz, Doctor Deseo, Zetak eta Foyone taldeen kontzertuak izan dira nabarmentzekoak. Halaber, aipamen berezia merezi dute kirol probek, Herri Kiroletako saioa, Gipuzkoako txirrindularitza itzulia eta Arrateko pilota partidak nabarmenduz".
Amaitzeko, herritarren jarrera ona goraipatu dute, aparteko, liskar edo erasorik egon ez delako. Gainera, "errekonozimendu berezia" egin nahi izan die Jai Batzordeko kideei.