Iñaki Eguesek irabazi du San Juan Sari Nagusiko usakume tiraketa

Aiurri 2022ko uzt. 5a, 17:44

Colombaire modalitateko San Juan Sari Nagusia jokatu zen ekainaren 25ean, Andoaingo herriko festetan. Euripean egin zen tiraketa, baina horrek ez zituen partaideak kikildu eta amaieran, tiraketan zehaztasun handia erakutsiz, Iñaki Egues andoaindar gaztea nagusitu zen guztien arteko lehian, Javier Baltasar eta Urko Zabalaren aurretik.

Sari banaketaren ondoren, Ontza elkarteak omenaldia egin zion Javier Portuburu kirolariari. Eliteko lehiaketetan daraman ibilbide oparoa aitortu nahi izan zion Ontza elkarteak. Izan ere, Portuburuk hogeita hemezortzi txapelketa ofizial ditu lortuak eta ia ehun domina, Gipuzkoa, Euskadi, estatu edo nazioarte mailako lehiaketetan. Hainbat modalitatetan eskuratu ditu: hobi olinpikoan, ehiza ibilbideetan eta abarretan.  Ontzako ordezkari Joxe Mari Tolosak oroigarri bat eman zion, eta guztien artean eskerrik beroena aitortu zion Andoain eta Ontzaren izena munduan barrena zabaldu duelako. Bertan ziren ehiztariek txalo zaparrada jo zioten hunkituta zegoen Javier Portuburu kirolari handiari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!