Andoaingo Euskaraldiaren aurkezpena egin zuten Basteron

Jon Ander Ubeda 2022ko uzt. 7a, 12:51

Andoaingo Udalak egindako ekarpenari esker eta Manuel Larramendi Bazkunaren ekimenari esker, Euskaraldiaren hirugarren edizioa martxan da. Irailean abiatuko da batzordea, udazkenera begira ariketa kolektiboa aurrera eramateko.

Hobe esanda, atariko lanak daude eginda. Irailean martxan jarriko den batzordeak heldu beharko baitio udazkeneko ariketa kolektiboari. Ane Jalonek hitza hartu zuen Basteroko ekitaldian, Andoain herriarentzat euskararen aldeko ekimenak zeinen garrantzitsuak diren azalduz. Ekimenean parte hartzera gonbidatu zituen Basterora hurbildutakoak, eta baita oro har herritarrak ere. 
Basterora ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariak hurbildu ziren, eta baita aurreko edizioetan Euskaraldiko batzordekide izandako hainbat lagun ere. Herritar gehiago hurbildu zen Basterora, ekainaren 28an egin zen ekitaldira.

Andoaingo dinamizatzailea

Ainhoa Manterola Pavo 21 urteko gaztea izango da edizio berriko dinamizatzailea. Dagoeneko hainbat zeregini ekin dio. Besteak beste, komunikazioaren eta entitateen Euskaraldiko barne dinamikatan murgildu da. Era berean, udazkenera begirako euskarriak lotzen aritu da. Gauzak ondo, irailaren 30ean Euskaraldiaren aurkezpen festa egiteko asmoa dagoela aurreratu zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!