"Gauza handia da mendeurrenera iristea Euskalduna"

Xabier Lasa 2022ko uzt. 9a, 09:00

Juan Luis Anton Arakistain "Bixkai" euskalduna klubeko kidea da eta Euskaldunari lotuta ia 25 urte egin dituela, denboraldiaren amaieran uzteko asmoa agertu die zuzendaritzako kideei. Urtebetez segitzeko eskatu diote, ordea.

Bixkai ezizenez ezagutzen zaituzte herrian. Bizkaitarra zarela badakigu, baina zer gehiago esan dezakezu zeure buruaz?

Juan Luis Anton Arakistain dira nire izen-abizenak. Mundu guztiak Bixkai gora eta Bixkai behera darabil ahotan, eta Euskaldunako zuzendaritzan bertan ere, normalki, kideek fitxa pertsonala ikusten dutenean ikasten dituzte nire izen-abizenak.

Basaurin jaio nintzen, baina gaztetan soldaduska Loiolan eta Irungo Bentaken egin ostean, Gipuzkoan geratu nintzen bizitzen, anaia Oiartzunen baineukan. Errenterian jarri nintzen bizitzen, eta bertan jarri zidaten Bixkai ezizena. Touring futbol taldearen Larzabal zelaiko zaintzaile gisa sartu nintzen, Koldo Guerrarekin. Han hemen lanean gauza askotan ibilia naiz, eta ostalaritzan murgildu nintzen, Errenteriako Touring tabernan zein Trintxerpeko bingoan. Zenbait urtetan Lasarte-Orian ere taberna bat ireki nuen.

Andoainera noiz heldu zinen?

Orain 48-50 bat urte. Ezkondu egin nintzen, eta familia eduki, bi seme-alaba. Urte batzuetan, Aritzetako eta Oiartzungo zerbitzugunetan lanean aritu nintzen, eta baita Sorabillako Hidroneuma enpresan. Eta, azken urteetan, Euskaldunan. Orain hiru urte hartu nuen erretiroa.

Andoainera heldu, eta Euskalduna futbol taldearekin konpromisoa hartu zenuen, halako batean.

Bai, eta zuzendaritzako kide gisa 25 urte hurrengo denboraldian beteko ditut. Herrian egin nituen adiskideek animatu ninduten sartzera, eta bertan nabil harrezkero! Zuzendaritza desberdinekin aritu naiz, Eneko Peñalbo, Joxerra Bengoetxea, Jose Angel Huizi eta Salba Parada ezagutuz lehendakari bezala.

Aurtengo denboraldiaren amaieran, kluba uzteko asmoa neukan, baina, azkenean, zuzendaritzako kideek konbentzitu egin naute beste urtebetez jarrai dezadan. Batetik, nire ardurapeko eginkizunak egiteko beste pertsona jarriko dutela agindu, eta horri erakusteko eskatu didate; eta, bestetik, gogoratu didate ondo legokeela ni ere eurekin egotea Euskaldunak ehun urte arte ospatzera doan urtean, 2023an. Egia esan, gauza handia da klub bat mende bateko historiara iristea; ni neu pribilegiatua sentitzen naiz, historia horren laurdena gertu-gertutik bizi izanagatik.

Zeintzuk izan dira zure funtzioak Euskaldunan?

Instalakuntzen zainketa, aldagelen ardura, taberna, asteburuko partiden kartel-iragarlea zabaltzea, talde handiaren partidetan delegatua izatea…

Erretiroa orain hiru urte hartu nuenetik jada zenbait ardura utzita neuzkan, tabernan zerbitzea, esate baterako. Eta, lehen esan bezala, zuzendaritzako kideei aurtengo denboraldi amaieran jakinarazi nien jada ez nengoela lehengo martxan ibiltzeko. Ictus bat jasandakoa naizela, medikutan nabilela maiz, Euskaldunaren partiduekin sufritzen jarraitzen dudala oraindik, eta ez nagoela txorakerietarako.

Zer esan dezakezu Andoaingo zaletuei buruz?

Talde handiaren delegatua izatea egokitu zaidan aldetik ez daukat kexatzeko arrazoirik. Harmailetan tarteka zalaparta sortzea, hori futbolaren esentzia da, jendeari pasioak pizten baitizkio. Istiluren bat aipatzekotan, pandemia garaian ikusle batekin edukitako xextra izango litzateke hori: ez zuen musukoa ipini nahi eta ezta harmailetan eseri nahi, eta, beraz, udaltzainei deitu behar izan nien.

Egia esan, hotza eta tristea da Ubitarte futbol zelaia berez, eta horrek izugarri baldintzatzen du zaletuaren jarrera. Bi aldetan beirateak ipini dituzte haize korrontetatik babesteko asko ez dela, eta eskerrak horri! Neguari begira, batik bat! Halere, zailagoa dago bestelako hotz motari erremedioa jartzea, zaletuen-animazioaz ari naiz alegia. Urrun geratzen dira jokalariak eta harmailetako zaletuak, eta horrek ez du batere laguntzen animazio giroa sortzeko orduan. Gipuzkoako zelai askotara joaten zarenean ohartzen zara askoz ere animazioa handiagoa izaten dela etxekoen alde.

Bestalde, kanpoko taldeek ere ez dute oso gogoko Ubitartera etortzea; 45 minutuko joko-denboran, normalki, hamar minutu galdu egiten dira baloia zelaitik kanpo irten delako; horrek jokoa etetea dakar maiz, eta taldeek joko-erritmoa galtzea. Etenaldi horiek ekiditeko, talde handiaren partiduetan baloi-biltzaileak jartzen ditugu, baina, gainerako mailetako partiduetan, ez.

Atletismoko pista ez duzu gogoko…

Uler dezaket bere garaian atletismoko pistak jarri izana, kirol hori sustatzeko. Baina errealitatean ikusi da korrikalariek ez dutela erabiltzen; ikastetxetako ikasleek irakasleekin, salbuespena izan daiteke hori. Eta, bestalde, ez daukat gogoan atletismoko lehiaketaren bat antolatu denik sekula bertan. Ez naiz aditua gai honetan, baina iruditzen zait Udalak hausnartu egin beharko lukeela pisten inguruan.

Jokalarien eboluzioa gertutik bizi izan duzu 25 urtetan.

Prestaketa tekniko eta fisikoari dagokionez, geroz eta gazte teknikoagoak eta azkarragoak datoz. Futbola pittin bat segitzen duen edonork egiazta dezake errealitate hori.

Klubaren egitura ere aldatuz doa.

Antolaketa perfekzionatzen ari da. Orain urte batzuk pentsaezina ematen zuen klubak kirol zuzendari bat, psikologo bat, masajista bat… eduki zezakeenik, eta hara nora iritsi garen!

Nolanahi ere, Euskalduna bezalako klub batek bizirik segi dezan, atzo eta gaur, ezinbestekoa du boluntarioen ahalegina.

Une gozoak zein gaziak biziko zenituen ia 25 urtetan…

Bai, sentimenduz, oso nirea sentitzen dut kluba, eta hortaz, une gozoak zein gaziak kirol emaitzekin identifikatzen ditut, batik bat erregional mailako talde handia igo edo jaitsi izan den okasioekin. Une gazien artean, noski, aparteko kolpe latza izan zen denontzat Iñaki Gurrutxaga zuzendaritzako kidearen heriotza 2021eko irailean.

Dena den, klubari esker egin ditudan adiskideak eta horiekin pasatzen ditudan une gozagarriak azpimarratuko nituzke, beste ezeren gainetik.

Andoainen futbolaren unibertsoan, Bixkai izango da pertsonarik ezagunena.

Hala izatea egokitu zait; pentsa, hamalau talde ditu klubak, eta Ubitarten astebururo jokatzen diren partidatan, zenbat jokalari, tekniko, ikusle, guraso eta abar ez ote diren bilduko bertan. Goiz ala berandu, ia denekin tratua eduki behar! Horrela, normala konta ezin lagun edukitzea!

Zelaiaren zainketa lanetan nagoela umeak gaiztakeriak egiten edo ateen saretara igotzen sumatu izan ditudanean txilibitua jo izan diet makina bat aldiz. “Hara, Bixkai, putasemea!” oihukatuko didate une hartan, baina horietako asko, gero hazten joan diren heinean, lagun egin ditut.

Bizkaitarra izanda, Athletic zalea izateko aukera handiak dauzkazu…

Nire bihotza urdin kolorekoa izango da, betiko. Nolanahi ere, sentimendu zuri-gorria ere ez daukat ahazteko. Bi talde horien ondoren, edozein euskal talderen alde jarriko naiz beti. Ni ez nauzu harrapatuko Reala galtzeko deseatzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!