Leizaolaren bisitaldia Burdina elkarteko kideei

Xabier Lasa 2022ko uzt. 9a, 09:54

Burdina taldea aitzinako tresneriekin osatzen ari den Gordeleku-a ikusi zuenean zeharo harrituta geratu zen Fermin Leizaola etnografo ospetsua. 

Taldeak gonbidatuta, etnografo ospetsua egoitzara hurbildu zen ekainaren seian. Bertan dauden objetuak identifikatu eta eurei buruzko informazioa helarazteko gonbidatu zuten etnografoa, eta horretan jardun zuten goiz osoan. Jakinduria ez ezik, etorria ere izugarria dauka gizonak, eta pieza bat begi-aurrean paratu ordurako, egundoko azalpenak emateari ekin zion egoitza. Bisitaren amaieran, bisiten-liburua estreinatu zezan eta bertan Gordelekuk eragin ziona hitzetara eraman zezan eskatu zioten Burdinako kideek. Pieza zaharren bilduma ikusgarria eta txukun antolatu izanagatik harridura adierazi zuen liburuan Leizaolak, batik bat. Aldi berean, bi iragarpen bat eta pare bat gomendio luzatu zizkien Burdinako kideei. Iragarpenari dagokionez, batetik, laster batean, egoitza txikia geratuko zaiela eta handiago baten premia edukiko dutela. Eta bestetik, gomendioen atalean, lehenbizikoa, objektu bakoitzarekin fitxa osatzea komeni zaiela, jatorria eta erabilerari buruzko azalpenak ondo zehaztuz; eta bigarrena, tarteka, gaiez gaiko erakusketa didaktikoak egin behar direla, belaunaldi berriei erakusteko nolakoa zen gure aurreko arbasoen bizimodua.

Gordelekua gizarteari irekitzea da etorkizun hurbilean Burdinak daukan erronka nagusia, hain zuzen.

Leizaola, eminentzia

Leizaolak (Donostia, 1943) bizitza osoa darama Euskal Herriko ondare historikoa ikertzen, berreskuratzen eta gizarteratzen. Nekez topatuko da munduan Leizaolak adina ikertu duena Euskal Herriko aitzinako bizimodua, ogibideak, tresneria, ohiturak… 2021eko urrian, bere bildumaren zati bat, hots, 521 objektu etnografiko (altzariak, laborantzako lanabesak, saskiak...) Aldundiari dohaintzan eman zizkion, honek Gordailua izeneko Ondare Bildumen Zentroan gorde zitzan.

1989-2004 epean, herriz herri baserrietan tresneria bildu eta erakusketak egitea xede zuen Zaharkinak egitasmoa zuzendu zuen; Andoainen 1990ean antolatu zuen halako bat, herriaren sorreraren 375. urteurrenarekin bat eginez.

Urtetan aurrera doan arren, gure ondare historikoarekiko jakinmina ez zaio inondik ere apaldu. Eta horren adierazgarri, Andoainen bota zuen esaldia: “hirurogei urte daramat artzantza ikertzen, eta oraindik ez dakidala deusik iruditzen zait; ikertzen segitzen dut”.

Bisitan barrena amorrua azaltzeko ere beta hartu zuen, ikusita erakunde publikoek eta gizarteak nola baloratzen dituzten futbol jokalariak eta nola zientzialari zein ikerlariak. Realeko futbol jokalari bakar batek zientzialari eta ikerlari mordo batek adina edo gehiago irabazteak, gizarte bat erretratatzen duela gehitu zuen.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!