Zerbitzu bereziak Izaroren kontzertua dela-eta

Aiurri 2022ko uzt. 12a, 20:04

Dena flows

Ostegun honetan emanaldi berezia eskainiko du Otietan, Izaro kantari ezagunak. 19:00tan hasiko da emanaldi berezia, eta Udalak bertara joan eta ateratzeko bus zerbitzu berezia iragarri du.

Izaro kantariak egun ikusle gehien erakartzen duen euskal artista-multzo berezi horretan dago. Ez da denbora asko Andoainen izan zela, eta oraingoan emanaldi berria eskainiko du Otieta inguruan. Emanaldia doakoa da baina gonbidapena beharrezkoa da bertara sartzeko. Ikusmina handia piztu da hasieratik, eta berehala agortu ziren sarrerak. Osteguneko hitzordu jendetsua dela eta, Udalak ohar-sorta zabaldu du.

Bus zerbitzu berezia

Zuzeneko autobus zerbitzu berezia egongo dela iragarri du Andoaingo Udalak. Kaleberrian eta Zumea plazan geldialdi bana egingo du, Otietara sartu aurretik. 17:45etik 19:00etara egingo ditu joan-etorriak. Eta emanaldia amaitzean, 20:30etik aurrera.

Oinez eta bizikletaz

Otietako tunelean izandako luizia dela eta, oinez edo bizikletaz joan nahi dutenek Olagaindik abiatzen den errepidea edo Lizarkola pasealekua erabili ahal izango dute.

Ikusleak, aulkietan edo lurrean eserita

Aulkiak egongo dira bertan, baina eserita ikusteko aukera izango da. Udalak eskuoihalak edo esterilak eramateko aholkua luzatu du, eta “eguraldiaren iragarpenak dioenez, eguzkiak argituko du eta tenperaturak altuak izango omen dira; beraz, komeniko da behar bezala hidratatzea eta burua behar bezala estaltzea”.

Jokabide arduratsua inguruarekin

Edukiontziak propio jarriko dira jendeak sortutako hondakinak bota ahal izateko, eta parkea garbi mantentzen dela bermatu ahal izateko. Udalak jokabide arduratsua eskatu die bertaratuko direnei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!