Donostialdea Turismoa erakundeak doako irteera gidatuak antolatuak ditu uda honetan eskualdea eta bere ingurunea ezagutzeko, eta Andoainen larunbat honetan egitea pentsatua zeukan.
“Elizen eta dorretxeen artean” du izenburua bisita gidatuak, eta abuztuaren 13ra atzeratu dute esan bezala. Gogoan eduki behar da Buruntza auzoko parke arkeologikotik abiatuta Kale Berrian amaituko dela, ordu eta erdiko (10:30-12:00) ibilbidea egin eta gero.
Andoainen barrena bidaiatu, eta zenbait eraikin historikoen bidez, herriaren historia eta pasarteak ezagutzea du helburu irteerak. Besteak beste, honako eraikinak historikoak jorratuko dira: Buruntzako San Martin eliza zaharra, Berrozpe etxea, Sagarmendi, San Martin Tours parrokia, Urigain jauregia, Udaletxea, Santa Krutz eliza eta Jauregi dorretxea.
Ainhoa Aiertza herriko kultur eragileak emango ditu azalpenak. Bi aukera daude aurrez izena emateko: donostialdea@behemendi.eus helbidera idatzita, edota 656 705 243 telefonora hots eginda.
"Adarramendi inguratzen"
Urnietako lursailetan antolatu dute bigarren ekimena, eskualde mailan, “Adarramendi inguratzen” deitu dioten mendi ibilbidea, hain zuzen. Abuztuaren 7an, igandearekin izango da, eta lau orduko iraupena izango duela aurreikusi dute.
Beste lau bisita gidatu antolatu dituzte eskualdean:
Lasarte-Oria: “Aire libreko museoa”. Uztailaren 30ean (1,5 ordu).
Usurbil: “Urdaiaga ezagutzen”. Abuztuaren 27an (1,5 ordu).
Astigarraga: Santiagomendi eta ekialdeko mugarriak. Irailaren 3an (4 ordu).
Hernani: trikuharriz trikuharri. Irailaren 25ean (4 ordu).