"Gurean maila ikaragarria da, eta nire gainetik jende asko dago oraindik"

Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 15a, 10:21

Adarra Mendi Trail lasterketako lehen ekitaldia irabazi zuen Asier Rajado andoaindarrak, baina ez du bere burua onenen artean ikusten; hazten segi nahi du, eta Zegama-Aizkorri korritu, etorkizunean.

Asier Rajadok ez dauka eskarmentu handiegirik elkarrizketekin, baina patxada handiz mintzatzen da. Bere esanekin bideo bat egingo dela entzun duenean, baina, hainbesteko arretarik ez duela merezi esan du umiltasunez.

Nor zaitugu Asier?

Andoaingo gazte bat, 35 urtekoa. Mendi korrikalaria naiz. Duela bost urte hasi nintzen korrika, eta gustura ari naiz.

30 urterekin hasi zinen mendian korrika, lehenago beste kirol diziplinaren batean aritu al zinen? Zer egin zenuen?

Denetarik egin nuen. Parranda ere bai! Kirola bizi guztian egin dut: gimnasioa, futbola, areto futbolean federatua egon nintzen sei urtez, pisu asko jaso… Korrika 2017n edo hasi nintzen, bizikleta ere bai, erresistentzia lantzen. Mendi-lasterketetan hasi nintzen pixkanaka, eta gaur arte.

Zure emaitzak ikusita, maila handia lortu duzu azken bost urtetan.

Beno, maila handia esan duzu… Nahiko ona esango nuke, handia baino. Norekin konparatzen zaren da gakoa, zure maila neurtzeko. Nahiko maila onean nabilela uste dut, baina hainbestekoa ere ez. Lasterketa pare bat irabazteak ez du halako garrantzirik. Bada lasterketarik irabazi ez duen korrikalaririk, ni baino maila handiagoa duena, parte hartze ona duten probetan sailkapen hobeak lortu dituelako. Nik bi lasterketa irabazi ditut, bai, baina bere neurrian baloratu behar da. Kontent nago, asko hobetu dudalako, eta lasterketak irabazteko maila eduki behar delako.

Irabaztea beti da zaila.

Bai, noski. 2017n hasi nintzen, lesio pare bat pasa, eta martxa hartu dut. Dagoeneko hirugarren denboraldia dut serio samar. Iaz hasi nintzen hobetzen, eta aurten eman dut beste jauzi polit bat.

Nola sentitzen du korrikalariak hobekuntza hori?

Inertzia kontua da. Ondo ikusten zara, lasterketa batean 15. geratzen zara, beste batean 10. eta gero podium-en bat lortzen duzu. Azken koska lasterketaren bat irabaztea da. Jauzia iaztik datorrela esango nuke, nahiko postu onak lortu bainituen. Gurean maila ikaragarria da, eta nire gainetik jende asko dago oraindik. Maila handiko probetan ez nintzateke onenen artean sailkatuko.

Alderaketaren bat egin zenezake, diozun egoera hori hobeto ulertzeko?

Axeri Trail-en 8. sailkatu nintzen iaz, eta T3T lasterketa ezagunean ere 9. Emaitza ona da hori. Maila handiko korrikalarik zeuden proba horietan, eta Top 15ean sartzea ez da erraza. T3T probako Top 10a Adarra Trail irabaztearen parekoa izan daiteke, Tolosan parte hartzea bikaina delako.

Bi proba irabazi dituzu dagoeneko.

Bai, Santo Domingo de la Calzadan, Errioxan. Adarra Trail baino hilabete lehenago, eta herriko lasterketan ondoren.

Irabaztea ez da erraza, Asier, eta zuk badakizu zer den, dagoeneko. Zer sentitzen da?

Adrenalina askatze ariketa bat, agian. Asko saiatzen naiz hobetzen, eta esfortzu horrek gero emaitza izatea, hori oso sentsazio polita da. Horregatik da polita kirol hau, ikusten ez den ahaleginak, lanak, prestakuntzak, isla duelako emaitza onekin.

Andoaindarra izan eta herriko lasterketan herriko plazan garaile sartzea… A zer nolako mementoa, ezta?

Bai, bikaina. Ondo joan zen eta oso gustura bukatu nuen. Ez zen garai batean Urnietan egiten zen lasterketa bezalakoa, baina zure jendearen aurrean lehiatzea beti da polita.

Ezagunago egin al zara herrian Adarra Trail irabazita?

Ez dut uste. Ni betiko pertsona naiz. Ez dut ezaguna bilakatzeko adina lorpenik poltsikoratu oraindik. Jendeak ezberdin begiratzeko, edo kalean jendeak sinaduraren bat eskatzeko moduko lorpenik ez daukat. Ez da hainbesterako.

Eta behin bi proba irabazita, zein da zure hurrengo erronka?

Lehiatzen jarraitzea. Ikusiko dugu zer gertatzen den hurrengo denboraldian. Pertsona normala naiz, ez naiz sekulako dohain fisikoak dituen pertsona, egunetik egunera ikusiko dugu, osasunak laguntzen banau. Langile soil bat naiz, gustatzen zaidalako ari naiz mendi lasterketetan, eta errezeta bakarra ezagutzen dut: lana, lana eta lana. Gizakia berez da erronka zalea, eta ni ere bai. Postu ona egiten badut lasterketa jakin batean, erronka etorkizunean postu on hori hobetzea da, maila edo parte hartzea hobea daukan probaren batean.

Zer egiten duzu ondo prestatzeko?

Elikadura zaindu eta asko entrenatu. Aspalditik ari naiz. Normalena zure errendimendua urtero pixka bat hobetzea da, hori da nire kasua. Mendian maila teknikoa, indar puntua hobetzen joaten da. Eta konfiantza hartzen duzu pixkanaka, zure gaitasunean sinetsiz.

Langilea zara, Amezketako paper enpresan, egunero zortzi ordu, etxera etorri eta entrenatu beharra. Samurra ez.

Ez, baina bizitzako beste arlo askotan bezala diziplina behar duzu, eta entrenatzeko bada, are gehiago. Jakina, lantokian egun osoa pasa eta etxera etortzen naizenean nekatua sentitzen naiz, baina badakizu zure pasioari bide eman behar diozula. Gogorik gabe entrenatzen dugu askotan, edo egun txarra izan, baina segi egin behar. Hobetu nahi bada entrenatu beste erremediorik ez dago, eta hori onartua daukagu. Kirola egiteak patxada handia ematen dizu egunerokoan, bai buruz, eta bai gorputzez. Ez dago hori ematen duen botikarik, eta pentsatzen dut horregatik irauten dugula, egun askotan erabat gogogabetuta sentituta ere.

Bizikletan ere ibili zalea zara.

Bai, lesionatu egin nintzen duela hiru urte, korrika ezin egin, eta entrenamenduak bizikletan osatu nituen. Asko gustatzen zait bizikleta, eta giharretako nekea askoz apalagoa da.

35 urte dituzu, agerikoa da mendi -lasterketetan neurri onena emateko adina 35 eta 40 urte artean dela.

Jakitun naiz lasterketa laburretan, bizietan, gazteen aurka-eta zereginik ez daukadala. 20-25 urteko gazte batek egurra ematen dit lasterketa laburretan, 10-15 kilometroko probetan. Proba luzeagoetan erresistentziarako gaitasuna sartzen da jokoan, eta 35 urterekin oreka bat duzu, batez ere buruan. Erritmo egoki bat eramaten asmatzea ez da erraza, eta hori urteekin ikasten dela esango nuke.

Zegama-Aizkorri mendi maratoia korritu al duzu noizbait?

Ez, ez dut zorte hori izan momentuz, ea posible den hurrengo urteren batean. Egin nahi dut, baina dortsala lortzea oso zaila da, bai zozketa bidez, baita eliteko korrikalaria izanda ere. Antzera jarraitu nahi nuke, 25 eta 67 kilometro arteko probak egiten. Gehienez ultra maratoi bat egin urteko.

Euskal Herriko Mendi erronkan, Leitzan, bikain aritu zinen, bigarren sailkatu zinen.

Ondo atera zen, eta gustura.

Nola prestatzen, osatzen da 67 kilometro ultra maratoi bat?

Gorputza kontrolatu behar da, erritmo egokian joan, zazpi orduko ahalegin gogorra baita. 45. kilometroraino gordetzen joan behar duzu, eta hortik aurrera, indarra baduzu, ahal dena estutu. Garbi eduki behar da ezin duzula zure muga pasa, eman dezakezuna baino biziago joan, hori egiten baduzu proba ez bukatzeko arriskua handia delako. 45. kilometrora justu antzean iristen bazara, akabo, oraindik 22 kilometro luze falta zaizkizulako helmugaraino. Ondo jan behar da, ondo edan, tripako mina saihestu. Entrenamendu asko eta onak egiten ditugu, hilabete askotan, eta burua ere bere tokian eduki behar da. Pentsatzekoa da proba hori egiteko lehiatzen bazara, prestatuta zaudela. Zorte puntu bat ere eduki behar da, noski.

Zer da garrantzitsuagoa une kritikoetan, burua edo hankak?

Biak. Buruak asko agintzen du, baina buruak aurrera esaten badizu, eta hankek ez, zaila aurrera egitea. Alderantziz ere bai, hankak indartsu badituzu, baino burua ezkor, zaila da.

Zorte on, ea elkarrizketa hau Zegama-Aizkorri lasteketako antolatzaileen begietara iristen den, eta tokitxo bat egiten dizuten etorkizunean.

Polita litzateke!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!