Jose Brunet Bermingham (1836-1891) Donostiako enpresari eta zinegotziak XIX. mendearen bigarren zatian egindako argazkiekin osatu dute erakusketa, Aldundiako Kultur sailak eta Donostiako udalak antolatuta.
Argazkien egilea, Jose Brunet, “enpresaburu aktibo eta argazkilari bikain” gisa definitzen da erakusketan. Gogoratu behar baita Brunet familiak Donostiako eta Gipuzkoako sektore ekonomikoan zein politikagintzan eragin handia eduki zuela, XVIII. mendearen amaieraz geroztik. Egun, Antiguako auzoan Brunet familiari eskainitako kale bat dago. Hain zuzen, familia horretako kide den Joaquin Mencos Doussinagek (Defentsa Errealeko markesaren noble-tituluaren jabe) utzitako argazkiekin osatu dute erakusketa. Mencos 2.000 kristalezko negatiboez osatutako altxorraren jabe da; batik bat Jose Brunetek berak eta bere seme Ubaldok ateratako argazkiak dauzka, eta Nafarroako Artxibo Orokorrean utzita dauzka. Artxibo horretan negatibo guztien digitalizatze prozesuari ekin diote.
Ez da batere erraza izaten XIX mendeko argazkiak topatzea, eta ziurrenera, Buruntzaldeako herriak, herritarrak, parajeak eta abar agertzen dituzten makina bat harribitxi egongo dira funtsa horretan, noizbait, norbaitek argia haiengan noiz proiektatuko zain.
Hiru sailetan banatuta
Koldo Mitxelenako erakusketan sartu eta berehala, Jose Brunetek argazkiak ateratzeko erabili zuen ekipoarekin egingo du topo ikusleak: hain zuzen, hauspo-makina trinko bat (egurrezkoa da kameraren gorputza), tripode bat eta beirazko plaketarako bisore estereoskopiko bat. Traste horiekin ateratako argazkiak, berriz, hiru sailetan banatu dituzte erakusketan barrena.
Lehenbiziko zatian, Jose Brunet erretratugile gisa agertzen zaigu; bere familiako kideek, belaunaldiz belaunaldi, hartzen dute protagonismoa erabat.
Bigarrengo argazki sortak, Donostiako hiriguneak XIX. mendean barrena jasan zuen eraldaketa urbanistikoa deskribatzen digu: kaleak, obretan dauden eraikinak, fabrikak, portu berria, tren modernoak, lurrunontziak eta abar ikus daitezke.
Erakusketako azalpenetako batean zehazten denez, hiriko harresi zaharrak eraitsi aurretik, hiri ereduaren inguruko eztabaida sutsua piztu zen herritarren artean, eta azkenean, Donostia jakin baten aldeko hautua egin zuten: “Bainu-hiri bat izatea, ederra eta dotorea, pasealekuekin, lorategiekin eta gero eta bisitari gehiago erakarriko zituzten zerbitzuekin”.
Azkar joan zen eraikuntza prozesu hori, izan ere bost urtetan eraiki zituzten Boulebardetik Etorbiderainoko orube guztiak; eta geroxeago, Antigua eta Gros auzo periferikoak urbanizatzeari ekin zioten.
Epe historiko horretan gizarteak jasan zuen eraldaketa jorratzen du hirugarren zatiak, “belaunaldi batean, iturrira ur bila joatetik etxeetan ur korrontera edukitzera igaro ziren: olio belekin eta lanparekin argiztatzetik, gasarekin eta argindarrarekin argiztatzera; arraun txalupetan arrantzatzetik, lurrun-ontzietan arrantzatzera; diligentziatik trenbidera, eta aldi berean, biztanleria hazi egin zen eraikuntzarako, industriarako, saltoki berrietarako, hoteletako eta abarretarako eskulan eskari handiagatik”.
Jose Bruneten kameraren ikuspegirik etnografikoenean azaltzen da erakusketaren hirugarren zati horretan. Eta batik bat, XIX. mende erdialdeko lehen industrializazioaren baitan, emakumeek bizi izan zituzten eraldaketak islatzen dira, etxeko-lan edo lanbide tradizionaletatik (iruleak, urketariak, saregileak, garbilekuetako arropa garbitzaileak…) fabriketara egindako jausia.
Brunet familia, boteretsua Donostian
Brunet familia Donostialdean eragin handia eduki zuen klan oligarka izan zen XVIII. mendearen bukaeratik XX. mendeko lehen zatira bitarteko epean. Merkatariak, bankariak eta industrialariak izan ziren bere kide ugari. Belaunaldiz belaunaldi familiako kideek euren negozioei jarraipena eman zieten, eta normalki antzeko ahalmen ekonomikoa zuten familietako kideekin ezkontzeko joera eduki zuten.
Ekonomian ez ezik, politikagintzan ere era askotako ardurak hartu zituzten: Donostiako alkate eta zinegotzi nahiz senatari edo AEBetako kontsul izan ziren.
Brunet familiak, berez, Copons herrian (Bartzelona) zuen jatorria; XVIII. mendearen hondarrean familiako hiru anai Donostiara etorri ziren, Amerikarekin lotutako merkataritza-harremanak sortzeko asmoz. Bertan, banku bat ireki zuten lehenbizi. Segidan, itsas merkataritza negozioa jarri zuten abian Donostiaren eta Espainiako koloniak ziren Kuba eta Venezuelako portuen artean; burdina esportatzen zuten eta kakaoa, azukrea eta tabakoa inportatzen. Bestalde, New Orleansetik kotoia ere ekartzen zuten. Itsasontzien jabe zen Brunet familia.
XIX. mendean, Brunet familiako kideek Donostiako hiriari lotutako hainbat ekimenetan hartu zuten parte, enpresari gisa. Besteak beste, Donostiako Casinoaren, eta zenbait hotelen eta antzokiren bultzatzaileak izan ziren.
1841ean Gipuzkoako papergintzaren sektorean aitzindaria izan zen La Esperanza fabrika ireki zuten. Handik lau urtera, 1845ean, Urnietako udalerriko Oria auzoan, Fabrica de Hilados y Tejidos de Algodon ehun-fabrika ireki zuten.
Esan daiteke Oriako giza komunitateak –eta beraz, urnietar ugarik– lantegi horren jiran eraiki zutela bizimodua hurrengo hamarkadatan, harrezkero. Izan ere, historian atzera joanez gero, ez dugu ahaztu behar Oria Urnietako udalerriko zatia izan zela mendetan, harik eta 1986an Lasarte-Oria udalerri bilakatu zen arte, Andoain, Donostia, Hernani, Urnieta eta Usurbilgo udalerriekin desanexio prozesua gauzatu ostean.
Brunet familiaren lantegia Oria auzoan
XX. mende hasieran, Oriako auzoan Brunet familiak sortutako 140 etxebizitzetan giza komunitate oso bat bizi zen, eta horietako kide gehienak (308) lantegian lan egiten zuten (190 emakumezko eta 118 gizonezko). 1947an, 400 langile ziren (270 emakumezko eta 130 gizonezko). 1956an, fabrika Azkarate familiak erosi zuen. 1986an betirako ateak itxi zituen.
Fabrikako makinen energia Oriako ibaiaren urek eragindako turbinek hornitzen zuten; horiek 300 zaldiko potentzia zuten. Horren ondorioz, Brunet y CÌa Elektrizitate Fabrika sortu zuten, eta bere energia-soberakinak langileen etxebizitzei banatzen zizkien.