Bideo-montaje labur batean, Buruntzan eraitsitako gurutzea ez ezik Arabako eta Bizkaiko beste zenbait lekuetan (Ondarroa, Lemoa, Barakaldo...) frankismoan zutitutako gurutzeak eta beren inguruetan zenbait gazte plakak ipintzen ageri dira. Ernaiko kideek bere gain hartu dituzte gurutze horiek eraitsi izanak azken aldian.
Gazte erakundeak bideo-montajean azaldu duenez, “Eraitsitako gurutze bakoitza askatasunaren alde eroritakoak oroitzeko ikur bihurtu dugu”.
Buruntzako plakan honako testua irakur daiteke: “Aurrean gara gaur. Ernaik Buruntzako gurutze frankista eraitsi zuen hemen. Faxismoaren gorazarre lekua izatetik, askatasunaren alde eroritakoen oroimen lekua bihurtu dugu. Izan dadila Euskal Herri aske eta antifaxistarena ere bai”.
Epaile batek deklaratzera deitu ditu
Ernaik Buruntzako gurutzea iazko abenduaren 18an bota zuen lurrera, eta geroztik, Abokatu Kristauen elkarteak gazte erakundearen aurka salaketa jarri zuen Tolosako epaitegian. Erlijio sentimenduen aurkako delitua egin izana, gorrotoa bultzatzea, ondareari kalteak eragitea, eta guztia legez kanpo elkartzearen larrigarriarekin egin izana aipatu zituen salaketan Abokatu Kristauen elkarteak.
Bertako epaile batek Ernaiko legezko ordezkaria deklaratzera deitu zuen, hitzordua uztailaren 18rako jarrita, atzo beraz.
Ane Alava gazte antolakundearen bozeramaileak Naiz irratiari atzo eskaini zion elkarrizketan iragarri zuenez, antzeko ekintzekin segitzeko asmoa daukate, “Guk borroka horretan jarraitu behar dugu udaletatik eta gobernuetatik ez badute egiten”.