N1 eta A15 arteko lotune berria hizpide izan zuten azken plenoan

Jon Ander Ubeda 2022ko uzt. 22a, 19:00

EH Bilduk aztergaia plenora eraman zuen, galde-erreguen atalean, Aldundiaren egitasmoa ikusgai jarri eta alegazioak aurkezteko epea martxan dagoenean.

Eztabaidaren abiapuntua Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen egitasmoan jarri nahi du EAJ-PNVk. EH Bilduk, aldiz, ikuspegi zabalago batetik ekin nahi dio eztabaidari, iraganeko adostasun zabalen garaia aintzat hartuz.

Bideoan, eztabaida hasten den unea:

Andoni Alvarez Lete, EH Bildu

"Interesa agertu duen andoaindarrak dagokion teknikariarekin abuztuaren 10a bitarte lehen hitzordua ez badu edukiko, iruditzen zaigu alegazioak egiteko epea motza dela eta handitu beharko litzatekeela. Eta, bestalde, hasiera-hasieratik, mahai bat osatzea eskatu izan dugu. Mahai hori ez da eratu, eta mahai horren hutsunea nabari dugu. Jendea galduta somatzen dugu, beste bat haserre, eta besteren bat pozik, baina gai honen inguruan ez dago herri ikuspegirik. Badakigu ez dela egongo denentzat onuragarria den soluzioa baina eztabaida bat ematen bada iruditzen zaigu jendeak beste modu batera hartzen dituela gauza hauek".

Maider Lainez, PSE-EE

"Herritarrak artatzeko soluzioak bilatuko ditugu, gai honekin ahalik eta adostasun gehiena lortzeko. Garrantzitsua da udalerrian eragingo duelako. Askotan esan izan dugun bezala Andoaingo interesak defendatzeko alkatea beti prest egongo da. Baina horretarako hastapeneko dokumentua behar dugu, eta Udal arkitektoa horretan lanean ari zen. Oinarrizko ideiak bertan txertatu eta datorren Hirigintza batzordean aurkeztu nahi zen. Langilearen baja egoera dela eta, ez dakit hori gauzatzeko moduan izango garen. Gertaeren arabera informatzen joango gara".

Imanol Goenaga, EAJ-PNV

"Gipuzkoako Foru Aldundiak legez arautzen den gehienezko epea luzatu duela zehaztea garrantzitsua dela deritzot. Mahaia osatu behar dela entzuten ari gara, baina jakin behar da zertarako. Bestalde, bajan dagoen langilegoaren baja bete beharko da herritarrei informazioa emateko. Alegazio epea zabalik dago, beraz goazen proposamenak aurkeztera. Hobekuntzak egiteko aukera dago, epea zabalik dago eta goazen horiek lantzera. Udala herritarren aurrean bideratzaile izaten ari da".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!