Bart iluntzean, San Esteban auzoko plaza xarmangarrian, barran hainbat lagun ari zen lanean. Handiagoa zen frontoian janaria zerbitzatzen eta prestatzen ari zen koadrilla. Izan ere, afalorduan, dozenaka herrikide elkartu zen Goiburuko frontoian. Ia-ia mahai guztiak bete zirela esan liteke. Urtz taldearen emanaldia beranduxeago hasi zen, baina zaletuek ez zuten horregatik kexarik agertu. Gaua eta giroa, ilargipean luzaro egoteko modukoak zirelako.
Zaletuek ez zuten emanaldia amaitu zutenean ere kexarik agertuko. Betiko Urtz taldeaz gozatzeko aukera izan baitzen. Garai hura bizi izan genuenontzat 30 urte alferrik igaro ez badira ere, kontzertu bati dagokion errituala ondo baino hobeto bete zuten. Ahotsa, melodiak eta gitarra zorrotzak dira Donostiako taldearen ikurrak. Urtz ikusteko egarriz zegoenak asetuta egin zuen etxerako bidea.
Urtz zen, akaso, Goiburura hurbiltzeko amua. Belarrietara haien doinuak iristen ziren bitartean, plazatxoan sortzen den giroan murgildu ziren gehienak.
San Estebango jaien zero eguna bilakatu zen “Kalegiroan” zikloko emanaldia. San Inazio egunean auzotarren bazkaria egingo dute, eta San Esteban egunean hasi eta igandera bitarte auzoa jaietan murgilduko da. Andoainen izanik, San Esteban auzora hurbiltzea baino plan hoberik ez da izango.