“Made in Andoain”, Jazzaldian

Jon Ander Ubeda 2022ko uzt. 25a, 09:17

Iraganean Kauta taldearekin Euskal Herrian barrena ibili ondoren, ibilbide berriari ekin dio Mikel Morenok.

Bakarka, esan ohi da horrelakoetan, taldearen izena kantariarena baita. Baina esateko modu bat da, taldean landu eta aurkeztu baitu disko berria. Donostiako Jazzaldian jo zuen bart arratsaldean, Kursaal eraikinen eta hondartza artean dagoen plazatxoan.

“Saiatu naiz kantu bakoitzarekin emozio bat bideratzen”, diskoaren aurkezpenean horixe adierazi zuen Ahoz Ahon. Atzokoan azken kantua aitona Juanitori eskaini zion, kantuaren bidez “harekin egoteko modua aurkitu dut” adieraziz.

“Made in Andoain” izan zen, Jazzaldian atzo entzun zena. Musikariei erreparatzea besterik ez zegoen. Alboan zuen, bere ibilbide osoan bezalaxe, Adrian Elustondo baxu-jotzailea. Eta baterian Karlos Aranzegi, aspaldian Andoainen bizi den tolosarra. Mojo Hand eta Mikel Azpirozekin makina bat aldiz aritu da Jazzaldian. Eskarmentu handikoa, talde ezberdinen errepertorioak barneratu eta maisuki eskaintzeko gaitasuna duen musikaria da. Ez zen hor amaitu andoaindarren ordezkaritza, teklatuetan Imanol Iribarren aritu baitzen. Birritan aritu zen atzokoan, Jazzaldian. Morenorekin amaitu ostean bere egitasmoa defendatzen aritu baitzen Jazzaldiko beste agertoki batean. Aldapeko Basque Latin Jazz Basteron abiatu zen, hein batean, iazko otsailean. Atzokoan euskal doinuak jazz estilora eskaintzen aritu ziren Frigo gunean. Mikel Morenoren boskotea osatzeko taldekide gazteena aipatzea falta zaigu: Ander Zubillaga gitarra-jole tolosarra. Fin aritu zen, eta fintasun hori oso agerian geratu zen “Itsaslabarrean” kantuan.

“Made in Andoain” adiera hori borobiltzeko, musikarien saioaren eta ikusleen entzunaldiaren arteko bitartekari lanak egiten dituen soinu teknikaria aipatzea falta zaigu. Andoaingo Garate Studios grabazio-etxeko Kaki Arkarazo aritu zen teknikan.

Jendetza elkartu zen Morenoren emanaldian, eta Andoaingo San Juan jaietan eguraldiarekin izan zuten zorte txarra gainetik kendu ahal izan zuten. Ikusleen artean baziren andoaindarrak, Kautaren eta Morenoren zaletuekin batera, eta baita musika bere horretan entzutera hurbildutako hango eta hemengo musikazale ugari ere.

Kantuen artean urduri antzera, hauskor agertu zen Mikel Moreno. Taldearen babesean seguru agertu zen, kantu bakoitzeko emozio bana zabaltzeko asmo horretan. Irailean emanaldi berria eskainiko du Errenterian, Atlantikaldian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!