Orkestra herriko plazan

Jon Ander Ubeda 2022ko uzt. 26a, 09:33

Iritsi zen Joseba Tapia herriko plazara, bederatzi lagunez osaturiko orkestrak lagunduta. Garai batean bezala, iritsi zen orkestra herriko plazara.

Iturri zaharretik edaten du. Bistakoa da, iturri zaharra maite du. Baina ez bereziki zaharra delako, iturriak aldiro eskaintzen duen ur berriak egarria asetzen duelako. Artista da Joseba Tapia, Goikoplazako agertokira igo ziren beste bederatziak bezalaxe. Erakustaldi neurtuak eskaini zituzten, bakarkako saio horietan. Neurtua, bai, denek ere kantuaren alde egin zutelako. Eta hala eta guztiz ere Jazzaldian edonor aho bete hortz uzteko moduko saioa eskaini ziguten. Hauxe, herriko plazan agertu zen orkestraren hamaikakoa:

Hamar agertu ziren Andoainera, hamaikagarrena kantuen artean jostalari dabilelako. Koldo Izagirre idazlea da, eta hari esker ere Joseba Tapia graziaz betea da.

Tapiak haize sekzioari ea Massachusettsetik zetozen galdetu zion, uneren batean. Ez ba, Joseba! Hauek datozen tokitik ia hogeita lau ordu behar dituzu kotxean Massachusettsera iristeko. New Orleansetik datoz, zuzen-zuzenean. Treme telesaila berriro ikusteko gogo bizia sentitu nuen bart arratsaldean. Irakurle, atzoko emanaldia eta lerro hauek hobeto ulertzeko hortxe duzu eskura Treme telesaila: Andoaingo Udal fonotekan DVDak, HBO plataforma digitalean telesail osoa.

Herritasuna noizbehinka aldatzerik balego... Musikan kantu batetik bestera azkar batean egiten da aldaketa hori. AEBtik Kubara salto egin zuten musikariek “Dueso” kantuan. Buenavista Social Club kutsuko soloa eskaini zigun Txus Aranburu piano-jotzaileak.

Lezio asko jasotzeko gaudela adierazi nahi digu Xalo Xalo abesti berriak. Egon edo ez egon diskoan entzun daiteke. Josebak Eleuterio osabaren garaia ekarri zuen gogora. Zer egiten zuen kalekumeak baserrian, 45 urte atzera? Trikitixa jotzen ikasi, eta osabaren erramintak izorratu.

Kantuaren hitzei erreparatzen nion bitartean, haize sekzioa erakustaldia eskaintzen ari zitzaigun bitartean, gogoan izan nituen Euskal Herrian barrena biderkatu diren musika talde eta elektrotxaranga “tronpeteroak”. Aizue, zaharruno honen aholkua onartzen badidazue: xalo xalo, segi segan.

Santio eguna izanik, “Compostelako erromesa” kantuarekin amaiera eman zioten emanaldiari. 2022ko uztailaren 25ean Goikoplazan izan nintzela esan dezaket. Gaur oraindik pozarren jarraitzen dut, bart hartu nuen gozatuarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!