Sara Alonso korrikalari handiaren ibilbidea Buruntzako mendi lasterketan abiatu zen

Jon Ander Ubeda 2022ko abu. 15a, 06:00
Jorge Alonso aita atzean duela, garaipenerako azken metroetan zen 2019ko San Roke igoera hartan.

Munduko mendi lasterkari onenen artean lekutxoa egiten ari da donostiarra, 23 urterekin. Bere ibilbidean data seinalatua da 2019ko abuztuaren 15a, San Rokeko lasterketan parte hartu zuenekoa.

23 urte besterik ez ditu eta Zegama-Aizkorrin podiuma egin du eta Mont Blanc maratoia irabazi eta marka onena ezarri du. Golden Trail World Series txapelketan oenen pare dabil, honezkero.

“Banekien mendian aritzearena ez zitzaizula ondo aterako”

Salomon taldeko partaide da donostiar gaztea. Kirol markak Sara Alonsoren lehen pausuak biltzen dituen bideoa argitaratu zuen, “Go Sara” izenburupean. Gurasoek laguntza handia ematen diote, eta bitxia bada ere, bere aitak ez zuen uste mendi  lasterketetan ezer onik aurkituko zuenik. Are gehiago, 2019ko mendi lasterketan aitak berak grabatu zuen bideoan honakoa esanez agertzen da: “Banekien mendian aritzearena ez zitzaizula ondo aterako”. Pasarte hori bideoaren amaiera aldera ikus daiteke:

Ez zuen asmatu, inondik inora. 2019ko abuztuaren 15ean Andoaingo Buruntza auzoko lasterketa irabazi zuen, eta dagoeneko mundu mailako erreferentzia da Sara Alonso. Hiru urteren bueltan neska gazteak egin duen garapena ikusgarria da.

Munduko onenen artean, hiru urteren bueltan

Une gozoa bizi du kirol mailan, uztailean bertan Australian garaile izan baita. Territoriotrail.es webgunean irakur daitekenez: “Australiako lurretako garaipenak Salomongo atleta denboraldiko sasoi onenetako bat bezala berresten du. Alonsok garaipen garrantzitsua lortu zuen Transgrancanariako maratoian, eta denboraldiko emaitza onen artean Zegamako Maratoian debuta egin zuen hirugarren postua eta Mont Blanceko Maratoian ere garaipena lortu zituen. Hori guztia, ezusteko beste emaitza on batzuk ahaztu gabe, hala nola Nuriako Olla bertikalean lortutako garaipena”.

San Roke igoera, hainbat edizioren ostean eta pandemia tarteko, dagoeneko ez da egiten. Baina Ainhoa Aiertzak eta lasterketaren antolatzaile eta laguntzaile taldeak harro esan dezake lasterketa garrantzitsu baten antolatzaile izan zirela. Izan ere, Andoaingo lasterketa hartan dago Sara Alonso egun den lasterkari handiaren abiapuntua. Horrelako lasterketa txikiei esker egin da donostiarra handi.

Sara Alonso irabazle iritsi zenekoa.

Lourdes Colomo zizurkildarra eta Marina Gonzalez irundarrarekin batera, podiumean.

Lourdes Colomo zizurkildarra, Marina Gonzalez irundarra, Aitor Regillaga tolosarra, Aritz Mujika eta Jon Ugalde andoaindarrak. Horiexek osatu zuten podiuma.

Gaztañagan paretik irten zen lasterketa eta hasieratik aurrealdean jarri zen Alonso. Ondoan du Asier Rajado andoaindarra, azken urtean garapen ikusgarria egin duen lasterkaria.

Sara Alonso Buruntzan barrena, igoeraren zatirik gogorrena iristear zela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!