Sanestebanak 2022

Hamaiketakoa Goiburuko plazan, Gora Kaletxiki Bandak alaituta

Aiurri 2022ko abu. 4a, 08:45

Jai Batzordeko gazteek prestatutako hamaiketako ederraz Goiburuko plazak eskaintzen duen itzalpean gozatzeko aukera eduki zuten San Esteban jaien hasierara hurbildu ziren herritarrek. Gainera, Gora Kaletxiki Bandaren euskal kantutegiaz osatutako kontzertua aditzeko modua ere eduki zuten. Gehiagorik eskatzerik ba ote da jaiekin gozatzeko? Argazki bilduma eta bi abesti (Egunsentian eta Goiburu) bideoz ikusgai:

Gora Kaletxiki Bandarekin zuzendari lanak egin zituen Joxerramon Berrondok kontzertuan zehar adierazi zuenez, Banda bera aspalditxo zorretan sentitzen zen Goiburuko gazteekin, eta kontzertua nolabait zor hori kitatzen hasteko modua izan zitekeen. "Laguntza eskatu diegun guztietan edozertarako prest agertu zaizkigu. Konparazio batera, Otietan kontzertua antolatu genuenean, hamaiketakoa eta gainerako lanak zintzo-zintzo egin zituzten; Kaldereroetan ere, Unai Ormaetxeak eta Ion Belokik azken urtetan ezin egokiago ari dira betetzen festan ezinbestekoak diren Zingaroen erreginen paperak". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!