Korrikalari guztiekin sailkapena, herrikrosa.eus web orrian ikusi daiteke.
Hona zeintzuk izan diren Malkar Kroseko azkarrenak, Leitzarango ur-kanal handitik eta Onddolarreko gainetik barrena ibili eta gero:
Gizonezkoetan:
1.- Sigueni Hicham 0:42:15.
2.- Aimad Bouziane 0:42:54.
3.- Andoni Saldias 0:43:21.
Emakumeetan:
1.- Idoia Nogales 0:53:54.
2.- Maialen Gurrutxaga 0:54:16.
3.- Lourdes Colomo 0:55:29.
Esan bezala, emakumeen sailean, antolatzaileek kontuan hartu dute lasterketan aurretik zihoan Maite Beregaña helmugara iristeko azken kilometroetan zegoen bidegurutzean okerreko bidea hartu duela eta horrexegatik ezin izan duela irabazle gisa heldu helmugara. Hortaz, lehen postua Idoia Nogalesen eta Maite Beregañaren artean banatzea erabaki dute, horixe zela justiziazkoa uste izanda. Alde guztiek eman dute ontzat erabakia.
Sari emate ekitaldia bukatuta, lasterkari guztiek nekazari inguruko produktuekin (intxaurrak, sagardoa, barazkiak, txakolina, ongarri ekologikoa, bazkariak…) osatutako zozketan parte hartu ahal izan dute, eta ondoren, hamaiketako ederra eskaini diete SEGA elkarteko kideek.
Beregañaren bidegurutzeko ezbeharra, berak kontatuta
Emakumeen artean lehenbizi zihoala bidegurutze batean eduki duen ezbeharra kontatu digu Maite Beregañak. “Hiru mutilekin batera egin ditut lasterketako lehenbiziko kilometroak, erritmo berean baigindoazen. Helmugara iristeko asko ez zela falta, golf zelaiko inguru horretan, eskuineko bidea hartu beharra zegoen. Markatuta zegoen bidea zintekin, baina kontua da kamioi bat hortxe aparkatuta utzi dutela uneren batean, eta zinta ikusezin geratu dela. Orduantxe ni bakarrik nindoan, eta bidean behera jarraitzea erabaki dut, aurreneko aldia baitzen Malkar Krosa niretzat. Aitaren batean Andoaingo herrira jaitsi naiz horrela, trenbide pare horretara. Nire atzetik beste mutil korrikalari bat heldu da. Biok elkarri begira jarri, eta etsia hartu dugu, jada lasterketa galdutzat emanda. Han, bertan, auto batean zegoen pertsona batekin egin dugu topo, eta mesedez, ea Goiburura igoko gaituen eskatu diogu. Hark ezetz, oiloei jaten eman beharra ziela eta presaka zebilela. Gauzak horrela, Goiburu auzora oinez igo gara”.
Lasterketa amaitu ostean, antolatzaileak, helmugara heldu den lehen emakume Idoia Nogalesekin eta Maite Beregaña berarekin mintzatu dira, eta adostu dute biren artean partekatzea lehen postua. “Antolatzaileei eskerrak eman behar dizkiet, halako erabakia hartu izanagatik”, Beragañak adierazi du.
Beragañak “Huarte Arakileko korrikalari herrikoi” gisa aurkeztu du bere burua. “Bi umeko familia edukita zaila da denbora ateratzea entrenatzen aritzeko, eta ahal dudan aldiro eskapadaren bat egitea dut gogoko. Gaurko eguna espeziala izan zitekeela pentsatu dut ihesaldi horretarako. Aurreko egunetan herrikrosa.eus web orriaren bitartez Malkar Krosaren berri eduki nuen; distantzia txikiko eta zailtasun handiegirik gabeko mendi krosa zela ohartu nintzen, eta senarra lanean nuenez, ama tentatu nuen ea animatzen ote zen bi umeak zaintzera ni galtza motzak jantzita lasterketan parte hartzen nuen bitartean. Halaxe heldu gara lauok auzo zoragarri honetara, egun osoko plana eginda”.
"Malkar Krosak zeharkatzen duen ingurune naturala, irteera eta helmugako baserri-auzo zoragarria, eta, bertan antzematen den festa giro sanoa” goraipatu ditu Beregañak. “Argazki” guzti horiek gogoan ondo gordeta eramango dituela Huarte Arakilera eta hurrengo urtean itzultzen ahaleginduko dela aitortu du Beregañak.
Korrikalari xumea da Beregaña, helburu handirik gabekoa, eta oraintxe, epe laburreko ilusioa bere etxe ondoko Beriainen ospatuko den kilometro bertikalak eragiten diola gogoratu digu. "Familia-ardurek uzten badidate behintzat, egingo nuke gustura; eta bestela, antolaketan laguntzea egokituko zait".
Andoni Saldias, Andoaingo lasterketetan iaiotzen ari den lasterkaria
Andoni Saldias tolosarra mutiletan hirugarren iritsi da helmugara, Sigueni Hicham eta Aimad Bouziane marokoarren atzetik. Andoaingo lasterketetan trebatzen ari dela dirudi, izan ere, Santa Krutzetan aurren samar ibili zen, Etxeberrietan bera izan zen irabazlea, eta San Esteban jaietan, Malkar Krosean, podiumera igotzea lortu du.
Garaile izateko hautagaietako bat izan da irteeran, eta lasterketako punturik garaiena den Onddolar (435 m.) bigarren zapaldu du. “Lehenbiziko bost kilometroetan Hicham, Bouziane eta hirurok elkarrekin ibili gara, eta behin ur-kanala utzi eta eskuineko bidezidorretik gora doan aldapa gogorra gainditu ondoren, bigarren iritsi naiz Onddolarreko gainera. Minutu erdiko aldea aterako nion azkenean bigarren geratu den Bouzianeri. Baina gero, hiru bat kilometroko malda goitik behera egitea egokitu zaigunean, ni 03:15 minutu kilometroko abiaduran jaitsi naizen bitartean, bera hiru minutu azpitik ibili da. Bi marokoarrak oso bizkorrak dira, eta abiada bizian ibili behar da horien pare jartzeko!”.
Saldiasek ez zuen Malkar Krosaen ezagutzarik aurrez; iraganean korritua zuten lagun batzuk emandako bi edo hiru xehetasun besterik ez zituen, eta lasterketarekin gozatu egin duela aitortu du. “Izugarri gustatu zait lasterketa. Batik bat, ur-kanaletik egin dugun zati hori, basoa zeharkatuz eta itzalpean. Nik asfaltoko eta krosetako lasterketan parte hartzen dut denboraldian barrena, eta hortik kanpo, herri krosak izaten ditut gogoko. Noizean behin mendi krosaren batekin ere animatzen naiz; hori bai, exijentzia tekniko handiegirik eskatzen ez duten lasterketak, distantzia ertainekoak, nahiago ditut. Malkar Krosa, adibidez, neurrikoa ikusten dut. Egin kontu, errepideko oinetakoekin aritu naiz, eta ez nago kexatzeko moduan; kontrara, gozatu ederra hartu dut! Ingurune politak zeharkatzen ditu lasterketak, ikusten da festa giro jatorrean ospatzen dela, eta, hurrengo urtean ere etorriko naiz, baldin eta ez bazait beste konpromisurik sortzen”.