Meza eta hamaiketakoa Sorabillan, Koruko Amaren egunean

Aiurri 2022ko abu. 31a, 11:30
2019ko irudia

Koruko Amaren egunean, meza eta hamaiketakoa eskainiko dute Sorabillan. Azken jaiak 2019an ospatu baziren ere, ekitaldi xumea egitea erabaki dute aurten. Meza 11:30ean hasiko da, eta ondoren hamaiketakoa.

Sorabillako jaiak ospatuko dira aurten, Koruko Amaren egunarekin bat eginez. Irailaren 8an izango da. Meza 11:30etan izango da, Sorabillako erretore Manuel Oiartzabalekin, eta Alberto Agirre abesbatzak abestuta; musika erlijiosoko kantutegia biziberrituko du abesbatzak, ohi duen moduan. Ondoren, auzotarrek hamaiketakoaren inguruan biltzeko aukera edukiko dute, Jai Batzordeak zerbitzatuta. Sorabillako jaiak, normaltasunez, 2019an ospatu ziren azkeneko aldiz. Osasun krisia zela medio, ezin izan ziren ospatu ondorengo bi urteak. 2019ko hartan, urtetan jaia antolatzeaz arduratu zen auzotar taldeak aditzera eman zuen jada ez zuela segiko eginkizunarekin. Nolanahi ere, aurten, talde berria heldu bitartean, trantsizio moduan eta jaientzat garai hobeak heldu bitartean alegia, ekitaldi xumea antolatzea erabaki dute irailaren 8rako, esan bezala.

Beti eduki dute estimazio handia Koruko Amabirjinaren egunak eta berarekin ospatu izan den hamaiketakoak, Sorabillan; aspaldiko auzokide eta adiskideen topagune bilakatzen baita. Batik bat, auzoan urteak bizitzen daramatenentzat nahiz bertan jaio eta hezi arren auzotik kanpo bizi diren heldu askorentzat izaten da aparteko eguna. Halaxe izatea espero da aurtengoa ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!