"Maila hobetzeko, lanean jarraituko dut"

Mikel Arberas 2022ko ira. 3a, 09:00

Aimar Sukuntza triatloi lasterketa batean. Argazkia: Zumeatarra

Aimar Sukuntza 19 urteko lasarte-oriatarra Zumeatarra Kirol Taldeko lasterkaria da. Umetatik harreman oso estua eduki du kirolarekin, gurasoak ere kirolzale amorratuak baitira.

Bizitza osoa darama kirola egiten; batez ere, lasterkaria da, baina bizikletan eta igeriketan ere aritzen da.

Lasterketetako zein diziplina duzu gustukoen?

Triatloia da gehien gustuko dudan kirola. Hala ere, errepideko lasterketetetan eta krosetan ere parte hartzen dut. Hauetan, gehien bat negu aldean parte hartzen dut eta oso gustuko ditut, izan ere, giro berezia sortzen da. Ikusleak eta zaleak lasterkariekin asko inplikatzen dira.

Ba al duzu erreferenterik kirolean?

Egia esan, ez dut erreferente zehatzik. Hau da, arreta jartzen dut kirolari profesionalak nola aritzen diren eta zer egiten duten, baina ez naiz sutsuki erreferente bat jarraitzen duen horietakoa.

Iragan denboraldian maila oso altua erakutsi zenuen...

Uztailean amaitu zen denboraldian oso gustura aritu nintzen lehian, eta maila oso ona erakutsi nuela esan dezaket. Txirrindularitzan, igeriketan eta lasterketan asko hobetu nuela esango nuke eta lortutako emaitzak horren seinale dira. Hala ere, orain arteko maila hobetzeko lanean jarraituko dut etorkizunean.

Udan ere entrenatzen jarraitu al duzu?

Aurreko denboraldia uztaila hasieran amaitu zen, eta ia hilabeteko atsedenaldia hartu nuen. Ondoren, gutxinaka, denboraldia berriaren prestakuntzari eta entrenamenduei ekin diot; jada hilabete daramat lanean. Txapelketei dagokionez, berriz, denboraldia amaitu zenetik ez dut lehiatu.

Denboraldi berriari begira, helburuak jarri al dituzu?

Arestian esan bezala, hiru diziplinetan hobetzeke gauza asko ditut, beraz, helburuetako bat entrenatzen jarraitzea da, txirrindularitzan, igeriketan eta lasterketa maila altuagoa lortzeko. Hala ere, nire helburu nagusia ondo pasatzea eta jende berria ezagutzea da; izan ere, kirolari denbora luze eskaintzen diodan arren, nik denborapasatzat ditut triatloia eta atletismoa.

Egunen batean profesional mailara jauzi egitea gustatuko litzaizuke?

Oso polita eta berezia litzateke profesional mailara iristea, baina egungo kirolarien maila ikusita, ez dut nire burua profesional gisa ikusten. Oraindik asko ikasi behar dut, eta profesionala izateak eskatzen duen esfortzua izugarria da. Horregatik, lehen hezkuntzako irakasle gisa lotzen dut nire burua eta denbora librean egun egiten dudana jarraituko dudala pentsatzen dut.

Zure izena daramaten albisteak eta lerroburuak irakurtzen jarraituko dugu irailetik aurrera?

Pozgarria litzateke irailetik aurrera niri buruzko albisteak Aiurrin eta beste hedabideetan ikustea, baina horretarako gogor entrenatzen jarraitu beharko dut, betiere ikasketekin uztartuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!