N1 ANDOAIN A15

“Foru Aldundiak aurkeztu duen egitasmoa ez dugu gogoko, eta ez gaitu asebetetzen”

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 2a, 10:01

Hirigintza Batzordea ospatzen ari dira, gaur goizean. Arkitektoak hainbat alegazioen inguruko azalpenak eman ditu bertan. Orain arteko gidoian bada berrikuntza bat, alkatetza duen PSE-EEk jarrera nahiko argia agertu baitu. Aldundiaren egitasmoa ez duela gogoko adierazi du. Hori izan da batzordetik nabarmendu daitekeen adierazpena.

Maider Lainez, PSE-EEko bozeramailea: “Foru Aldundiak aurkeztu duen egitasmoa ez dugu gogoko, eta ez gaitu asebetetzen”

Maider Lainez Andoaingo Alkatearen adierazpenak izan dira, gaurko Hirigintza Batzordean adierazi dituenak. Lehenago Udal arkitektoak udalaren alegazioen berri eman du. “Sozialistak Andoaingo Hirigintza Plan Orokorraren defendatzaileak gara. Orduko izpirituari eusten diogu udalerria batu eta bertebratu egiten duelako. Aldundiak aurkeztu duen egitasmoa ez dugu gogoko, eta ez gaitu asebetetzen. Ez dituelako udalerriko eskaerak asebetetzen eta, are gehiago, udal barruko konektibitatea zailduko litzateke. Harrigarria da, bestalde, Aldundiaren egitasmoan ez direla neurri akustikoak eta babes neurriak aipatu ere egiten. Udalak denbora asko daramala eskaera hauek egiten”. Adierazi duenez, iritzi hau indartuz joan da udalerriko bizilagun, elkarte eta enpresa ezberdinekin izandako bileren ostean. Aldundiari zuzendutako erantzuna bateratua izatea eskatu die Alkateak gainerako alderdiei.

Jon Zulueta EH Bilduko bozeramailea: “Ezezkoa esateko garaia da”

“Abuztuaren 11ko Hirigintza batzorde aipatuz hasiko naiz. Bertan argi geratu zelako, lehen aldiz hiru urtetan, gehiengo oso bat C2 egitasmoaren aurka agertzen zela. PSE-EE lehen aldiz agertu zen aurka. Berandutxo dator jokabide hau. Gauza asko batera egin behar dira orain: Alegazio partzialak, ikerketa konparatiboa aurkeztu… zergatik ez da hori lehenago egin? Inakzioa eta estrategia falta izan da. 2019ko martxoan EAJ-PNVk hobekuntza aurkeztu zuen, 25 milioi egitasmokoa eta Oiarbide Foru Diputatuaren babesarekin. Agintaldiko lehen plenoan mahai gainean jartzea eskatu genuen. Ez zen erantzunik izan, ez dago egitasmorik. Batzordeetan, plenoetan galdetu dugu… 2021eko uztailean egitasmoa aurkeztu zuen Oiarbidek eta urtea joan zaigu. EH Bildutik mahai politikoa, teknikoa eta herritarrena egitea eskatu genuen hasiera-hasieratik. Udal arkitektoaren txostena eta ingurumen teknikarien txostenak ditugu. Argiak dira, aurkakoak. Gehiengo politikoa eta gizarte gehiengoa antzematen dugu egitasmoaren aurka. Zer gehiago behar da honen aurka egiteko? Ezezkoa esateko garaia da. Ez dugu nahi, etorkizuna baldintzatuko du”.

Joxe Mari Iparragirre, Elkarrekin Podemos: “Udalak frontalki aurre egin egitasmoari behar dio”

“Udalak frontalki aurre egin egitasmoari behar dio, eta ezer gutxi erantsi dezakegu PSE-EEk eta EH Bilduk adierazi diotenari”.

Imanol Goenaga, EAJ-PNVko bozeramailea: “Udalak aurkeztuko dituen alegazio teknikoen alde agertuko gara”

“Garapen teknikoaren aldeko alegazioak defendatu nahi ditugu. Alegazioak garrantzitsuak iruditzen zaizkigu eta arazoa modurik globalean defendatzea eskatu nahi dugu. Saihesbidearen egitasmoan parte hartu izan genuen, PSE-EErekin batera, 2007-2011 agintaldian. Azpikolako auzia dela eta, 2011ko pleno hartan abstentzioaren alde egin genuen. Aldundiaren egitasmoarekin bizi maila galdu eta konektibitatea galtzen dela entzun dugu gaur, baina gure ustez ez da horrela". Aldundiak Udalaren alegazioak bere egitea espero duela adierazi du. EH Bilduri zuzenduz, aurkakotasuna agertzea zilegi dela adierazi die baina eurek interesak bide teknikotik defendatzea aldarrikatu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!