N1 ANDOAIN A15

Sorabilla-Errotagain elkarteak sei alegazio aurkeztuko dizkio C2 proiektuari

Aiurri 2022ko ira. 8a, 08:42

Sorabilla-Errotagain auzo-elkarteak deituta, Sorabillako auzotarrek Aldundiak aurkeztu duen C2 proiektuaren gaineko batzarra egin zuten, atzo. Bertan, egungo C2 proiektua 2011ko proiektua baino nahiago dutela adierazi ostean, sei alegazio aurkeztea adostu zuten.

Sorabilla-Errotagain elkarteko zuzendaritzak hainbat gogoeta eta alegazio biltzen dituen txostena aurkeztu zien Erretoretxean batzartu ziren auzokideei. Txostenaren hasieran, Aldundiak 2011n aurkeztu zuen proiektuaren (Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak jasotzen duena) eta orain aurkeztu duen proiektuaren (C2) artean, azken honen aldeko hautua egiten duela aitortzen du elkarteak.

“Urteek aurrera egin ahala zirkunstantzia asko aldatu egin dira, eta agerian geratu da lehenbizikoaren kostu ekonomiko onartezina, zailtasun tekniko izugarria, ingurumen-inpaktu izugarria, eta abar. Azken finean, iraunkortasun falta horrek alternatiba berri bat planteatzera eraman du berriki Aldundia”.

Elkartearen iritziz, lehenbiziko aukerak, 2011n bezala 2022an, eragin handia izango luke Sorabillako biztanle-gunean ez ezik, baita lurralde osoan zehar ere, bitan zatituz, eta eraldatuz balio handiko paisaia. “Sorabilla Andoaingo paisaia-biriketako bat da. Horregatik guztiagatik, egungo, iraganeko edo etorkizuneko saihesbide korridorearen aukeraren aurka gaude erabat, eta egungo N-1 errepidea berrerabiltzen eta eraldatzen duen proiektuaren alde”.

Bat egiten dute honako printzipioarekin: “Dauden azpiegiturak optimizatzeak eta hobetzeak ingurumenean, gizartean eta ekonomian inpaktu txikiagoa eragiten du, trazadura berrietan oinarritutako irtenbideak eraikitzeak baino” (Eusko Jaurlaritza).

 

Sei alegazio aurkeztuko ditu elkarteak

C2 proiektuari sei alegazio aurkeztuko dizkio elkarteak. Hona, banan-banan, laburtuta:

 

1.- Sorabillako lotunea

Elkarteak ez du batere gogoko C2ak planteatzen duen biribilgune baten, begizta baten eta erreiak handitzearen arteko konbinazioa, Sorabillako eremutik N-1era eta A-15erako sarreratik N-1era doan trafikoa sartzeko (gaur egun, Inquitex industriagunearen parean) gertatzen den korapiloaren arazoa konpontzeko asmoz.

Sorabilla, egun

 

Sorabilla, C2 proiektuak aurreikusten dituen biribilgunea, begizta eta errai-kopurua handituta (Sorabilla-Errotagain elkarteak egindako muntaia) 

Proiektuak, biribilgunea eta begizta Erretoretxearen ondo-ondoan (bere jardinari pega-pega eginda) ipintzen ditu, eta horrek, zarataz gain, batik bat Sorabillari “bizi-espazioaren inbasio jasanezina” eragingo liokeela ondorioztatzen dute.

“Eraso espazial, akustiko eta kutsatzaile izugarria izango litzateke berez nahiko zigortuta dagoen ingurune humanizatu batentzat. Ikusten dugu gure auzoko lasaitasun eta osasun baldintzak okertu egingo liratekeela. Trafikoaren banaketa berri horrek eragina izango luke airearen kalitatean eta kutsatzaile atmosferiko onargarrien balantzean. Hots-kutsadurari buruz ditugun datu negargarriak are gehituko lituzke. Ingurumen-inpaktu esanguratsua eragingo luke. Paisaiaren berezko kalitatea hautsiko luke hauskortasun maila handia duen eremu batean, balio estetikoetan sortutako inpaktuak xurgatzeko, eta balio kulturalak ere kaltetuko lirateke. Hiri-ibilbea eta aisialdirako espazioak zatikatu eta suntsituko lirateke. Are gehiago zailduko litzateke udalerriarekin konektatzea. Jendearen mugimenduetarako oztopo izango litzateke (konektibitatea, irisgarritasuna, mugikortasuna eta oinezkoen eta txirrindularien fluxuak eta auzorako motordun zirkulazioa), eta iragazkortasun- eta mugikortasun-irizpide egokiak hautsiko lituzke. Azken batean, gure auzoko ingurumen- eta bizigarritasun-baldintzen isolamendua eta kalitate-jaitsiera nabarmena gertatuko litzateke”.

Ingurunearen garapen industriala (Adunako ibarra, Balastrain, Ubillots, Inquitex, etab.) gero eta handiagoa izateak, eta trafikoaren hazkunde progresiboak are gehiago bultzatuko lukete aipatutako “bizi-espazioaren inbasio jasanezina”, elkartearen iritziz.

Aurreikusmen erabat ezkor horren aurrean, elkarteak alternatiba planteatzen du: irtenbidea industrialdeko lursailetara eramatea. Horrela, bi biribilgune aipatzen ditu, hirigunetik urrun eta tamaina desberdinekoak (trafiko-eskakizunak ez direlako berdinak). Lehenbiziko biribilgunearekin, N-1 eta A-15 errepideetara sartzeko dagoen adarra mantentzea proposatzen da, “A-15 errepidera sartzeko soilik erabil dadin, eta N-1 errepidera Tolosako norabidean sartzeko trafikorako adar paralelo bat prestatzea, Uparan Industrialdeko pabiloietaraino hedatuko litzatekeena eta jatorria A-15 errepidearen eta Inquitex enpresaren zentral elektrikoaren artean izango lukeena”.

Bigarren biribilgunea, “gaur egun puntu horretan bertan gertatzen diren trafiko-itxaronaldiak arintzeaz arduratuko litzateke”. Elkartearen ustez, konponbide horrek beharrezko errei kopurua lautik bira murriztuko luke. “Horrek ekarriko luke oinezkoentzako tunelari sakontasun handiagorik ez ematea, errepidea biztanleguneetara gutxiago hurbiltzea, oinezkoentzako irisgarritasun humanizatuagoa izatea, harresirik gabe, etab”.

Sorabilla-Errotagain elkarteak planteatzen dituen bi biribilguneak, muntaietan ipinita

 

Elkarteak gogoratzen du bi biirbilguneen proposamen hori jada Sorabillako bizilagunek jada Aldundiari 2011an planteatu ziotela, eta honek egingarritzat jo ostean bere proiektura batu zuela. Horrexegatik, orain ulertezina iruditzen zaio C2 proiektuak kontenplatu ez izana.

 

2- Kordoba eta Presagaina baserriak mantentzea

C2 proiektuak Kordoba eta Presagain baserriak eraistea aurreikusten du. Bada, Sorabilla-Errotagain Elkarteak adierazten duenez, aurreko alegazioan proposatzen duen bi biribilguneen alternatiba onartuz gero, bi baserriak zutik mantendu ahal izango lirateke.

Aldi berean, elkarteak eskatzen du bi baserri horien giza bizigarritasun duina mantentzea, eta indarrean dagoen Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren antolamenduan sartzea.

 

3.- Errei kopurua handitzeari ez

Elkarteak ez du beharrezkotzat jotzen errei kopurua handitzea. “Abiadura ertainarekin eta zaintza egokiarekin, bi nahikoa dira noranzko bakoitzean”.

Baldin eta ezinbestekotzat joko balitz hirugarren errei bat hegoalderako noranzkoan gehitzea, bada orduan, elkarteak dio auzoaren kontrako aldean, ibairantz beharko lukeela izan, lursail huts eraiki ezinean, Sorabillako “bizitegi-nukleoa halako erasotik eta bide-zortasunetik aske utziz”.

 

4.- N-1etik urruntzea

C2 proiektuak Allurralde inguruan bihurgunea zuzentzeko lur-erauzketa kontenplatzen duela-eta, elkarteak egoera hori probestuz, N-1 errepidearen trazadura zuzentzea eskatzen du. Era horretan, N-1aren ardatza ibaiaren aldera eramango litzateke, inor bizi ez den lursailera alegia. “Logikoagoa da geometrikoki eta funtzionalki zuzen jarraitzea Mendiola lantegiaren pareraino, errepidea nabarmen urrunduko litzateke Sorabillako herrigunetik (bi edo hiru erreiko zabaleraren parekoa), eta gutxitu espazioak jasaten duen erasoa eta gaur egun auzoko bizilagunek jasaten duten kutsadura akustikoa.

 

5.- Zarataren aurkako pantaila akustikoak eta zoru isilak  

Kutsadura akustikoaren arloan dauden arazoak kentzeko C2 proiektuak ez du pantaila akustikoak eta zoru isilak instalatzeko neurririk aipatzen, elkarteak gogoratzen duenez. Gehitzen duenez, trazadura-proiektuak ere ez du jasotzen Eragin Akustikoaren Azterketak proposatutako neurririk, dauden eta aurreikusita dauden eragin akustikoak arintzeko. “Beraz, haren kokapena, sekuentzia, tipologia eta dimentsioak, pantaila akustikoak (hesiak) eta zoru isilaren erabilera zehatz-mehatz aztertzea eskatzen da”.

 

6.- Lur-erauzketa Allurralden

C2 errepide-proiektuak “Allurralde pareko bihurgunea zuzentzeko aurreikusten duen lur-erauzketak eragin handia izango lukeenez”, elkarteak zera eskatzen du: “desjabetze-afekzio hori ahalik eta txikiena izatea, abeltzaintza- edo nekazaritza-erabilera handiagoa eta hobea izatea eta edozein helburutarako alferrikako malda ez geratzea”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!