"Indarrari eta arintasunari eusten diot, maiz egiten baitut kirola"

Aiurri 2022ko ira. 8a, 10:22

Maria Luisa Gabirondok lehiaketari heldu dio berriro, eta nola gainera! Europan bigarren postuan sailkatu ziren Alemanian Suitza, Hego Tirol, Austria eta Bavariako lehiakideen aurka.

Emakumeak bigarren geratu zineten, taldekako lehian.

Halaxe da. Alaitz Imaz, Jugatx Agirre, Maider Garmendia eta lauok austriarrengandik bi segundora geratu ginen; ziur nago aurrea hartuko geniekeela, oraintxe berriro txapelketa antolatuz gero! Hara euskal espedizioan joandako gizonezkoen taldea seigarren geratu zen, eta gaztetxoena, mistoa, bigarren. Bateko eta besteko emaitzen gainetik, han bizitu genuen bizipen zoragarria azpimarratuko nuke.

Zer dela-eta bizipen zoragarria?

Austriako mugan, Bavariako lurraldean dagoen azken herrian (Thundorf) jokatu zen txapelketa, eta egundoko harrera egin ziguten bertakoek, exajeratua! 19 lagunek osatzen genuen euskal taldea, eta estreinatu gabeko etxe oso bat gure esku utzi ziguten, lehiaketako belarditik oso gertu. Harrerarekin ezin gara kexatu, kontrara! Gurekin arreta eskertzekoa izan da, benetan. Musuka jan gaituzte!

Bestalde, maila pertsonalean ere, ahantz ezina izanda bizipena. Bi arrazoiengatik. Emakumeen taldean ederki moldatu gara, adinez ni haien ama izan nintekeen arren. Iraganean hiru txandatan joana naiz Europako txapelketara, eta haiekin alderatuta, berezi-berezia izan da honako hau.

Zer gertatu zaizu, bada, halako sentsazio gozoarekin itzultzeko?

Aurreko txapelketa haietara, Uxue alaba nahiko umea zela hartuta joan nintzen. Haren menpe ibili nintzen pixka bat, lehian erabat zentratu ezinik. Oraingoan, ordea, bera aritu da nire zaintzaile lanak egiten. Zaintzaile ez ezik, itzultzailea, laguntzaile psikologikoa… Denetik izan da niretzat. Hizkuntzari dagokionez, etxetik kanpora zoazenean ohartzen zara zein garrantzitsua izaten den bertako jendearekin komunikatu ahal izatea, eta alde horretatik, izugarri ondo etorri zait Uxueren presentzia. Pentsa, behin, hango emakume bat hurbildu zitzaidan, preso dagoen Andoni gure iloba segalariaren argazki bat mugikorrean zeukala; emakume harekin ez dakizu ze hizketa gozoa eduki nuen, alaba bitartekari edukita!

Bestalde, ez naiz plaza-emakumea izan sekula. Zeharo urduria izan naiz beti lehiaketen bezperatan, belaunak dardarka hasten zaizkit, eta kasik negarrez ere hasten naiz; ez dago ni aguantatuko nauenik! Lehiaketan parte hartzeko konpromisua hartu eta segituan “ze nezesitatea neukan baietz esateko!” errieta egiten nion nire buruari. Hargatik, harritu-harrituta nago lasai aritu naizelako Bavariako azken txapelketa honetan! Alabak eskaini didan babesagatik eta eman dizkidan animoengatik!

Hori bai, urduritasunaren kontu hori berari transmititu egin diodala ematen du, gaizki pasatzen baitu nik lehiatu aurreko egunean…

Ezustekoa izan da zu lehiara itzuli izana.

Almitza elkarteko Altzo (Miel Mari Jauregi) etorri zitzaidan proposamenarekin. “Baina zer esango du jendeak? Amona hau nora dijua!” esatea izan zen nire lehenbiziko erreakzioa. Hala ere, ez zuen askorik behar izan Altzo-k ni konbentzitzeko, barruko segarako arra pizteko. Bada, ikusita txapelketako asteak bat egiten zuela taberna ixtearekin eta alaba ere nirekin etortzeko animatu zela, aurrera egin genuen!

Gauzak horrela, proposamen bat heltzen bazaizu, berriro ere heldu egingo al diozu segari?

Ez dakit, momentua ailegatzen denean, orduan erantzungo dut. Tabernaren ardura daukat, eta horrek asko baldintza dezake erantzuna. Baina printzipioz, baietz esango dut. Bavariako txapelketak oso sentsazio pozgarriak eragin dizkit; sega eta bion artean berriro elkar aurkitzea ekarri dit, gustura eta nerbioak airean eduki gabe aritu naiz, eta horrek ere eragin nazake.

Utzita zeneukan sega…

Bai, orain hiruzpalau urte helduko nion azkeneko aldiz, lehiaketaren batean. Inbidia izugarria pasatzen nuen hasieran segalari bat lanean belazean ikusi aldiro, Etxeberrietan edo Goiburun auzoen arteko lehiak egin dituztenean, zer esanik ez! Laster pizten zait barruan daramadan grina!

Kontziente naiz urteek aurrera egiten dutela, baina, aldi berean, eta, nahi izanez gero, ez zaidala kostako segari pun-ttua harrapatzea.

Indarrari nahiz arintasunari eusten diot, maiztasunez egiten baitut kirola, eta zer esanik ez teknikari! Izan ere, baserri giroan hazia naiz eta segan aritzeko jaio nintzela esango nuke; batzuk soinujole izateko berezkoa edukitzen duten bezala, berdin segarako nik.

Jendaurrean segari heldu zion lehen emakumea izango zara…

Ez nizuke esango hala naizen edo ez. Gogoratzen dut 40 bat urte nituenean, jada Gazteluko baserritik kalera jaitsi nintzela, Tolosako Iurramendin sega proba batean mutilek segalari bat falta zuten taldea osatzeko, eta anaiak animatu egin ninduen. Baliteke, bai, orduan nobedadea izatea emakume bat segan ikustea. Handik hilabete batera, Alemanian jokatu zen Europako txapelketa irabaztea lortu nuen. Anaiak sega prestatu eta eskura ipintzen zidan, eta ni aurrera!

Nola ikusten duzu segaren osasuna, egun?

Baikor eta ezkor izateko arrazoiak eskaintzen digu sega munduak gaur egun. Alderdi baikorren zerrendan, honako hauek aipatuko nituzke: gaztetxoak badatoz irrikaz atzetik, segalaria izandako Joxe anaiak prestatzen ditu horietako asko; gero eta emakume gehiago ari dira animatzen; Bavariako txapelketarako euskal taldea antolatu duen Almitza elkartea sekulako lana egiten ari da sega sustatzeko… Gainera, azken aldian, Europatik ekarri den modalitateak, belar mozketan azkartasuna eta txukuntasuna baloratzen duenak, gazte jendea erakarri dezake, ez baita arnas luzeko lana eskatzen duen modalitate tradizionala bezain exijentea.

Baina bestetik, errealitatea ez da batere itxaropentsua; segaren munduak, bere praktika eta zaletasuna, mugatua izaten segitzen du. Tolosaldea, Goierri eta Nafarroako zenbait eskualdeetatik kanpo, apenas dabil inor segan.

Azken urteetan segan jaun eta jabe dabilen Julen (Gabirondo) iloba ikusten duzu, eta poztu beharrean tristetu egiten zara: astean hiru entrenamendu egingo ditu, lanean, igual, hamar bat ordu egin eta gero; belazeak topatu behar ditu baserriz baserri entrenatzeko, eta gero, irabazten ditu irabazi beharreko guztiak, eta ordainean huskeria besterik ez du jasotzen. Aizkoran ere hasia da, eta berdin-berdin, entrenatzeko egurrak-eta ere bere poltsikotik erosi behar.

Horixe da segaren eta gainerako herri kirolen patua. Ez baitira aintzat hartzen, ez baitaukate erakundeen bultzadarik edo komunikabideen eta kirol zaletuen arretarik… Horrela ez dago gazteak erakartzerik.

Euskal Herria ezin gorago jartzen dugu harro-harro; euskaldunon parekorik ez omen da munduan. Baina zer egiten dugu gero, baserri munduko eginkizunetatik irten diren geure kirolen alde? Futbolari erakunde publikoetatik edo herritarrek futbolera bideratzen diren makina bat miloi euro horietatik, sikiera zatitxo txiki bat herri kiroletara joango balitz…

Sega Euskal Herria nazioartean ofizialki ordezka dezakeen kirol bakanetakoa izango da.

Bai, halaxe da aspalditik.
Ez dirudi aurreratzen ari garenik azken urteotan, kirol nagusiei erreparatzen badiegu behintzat.

Aztala Lurrean” dokumentalaren filmaketa saioetan parte hartu omen duzu.

Segalaritza sustatzeko ari dira osatzen, Aloña Jauregi dabil horren atzean. Baserria, segalariak eta segalaritza, bere etorkizuna… hartu ditu gaitzat dokumentalak. Segaren munduko hainbat jende elkarrizketatzen ari dira, eta Bavarian ni ere harrapatu ninduten, hantxe filmatzen aritu baitziren. Itxura polita dauka dokumentalak, eta hemendik urte eta piko estreinatu ahal izango dutela esan digute.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!