“Herritarren beharretara egokitutako ikastaroak ditugu”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko ira. 8a, 10:31

Urriaren 3an ekingo dio Andoainen AEK-k ikasturte berriari. Hala, berrikuntzekin dator, bai eta mota guztietako erraztasunekin ere.

Uda amaitu berritan, eta udazkena ate joka, hemen dator AEKren 2022-2023 ikasturtea, urte pandemikoen irakaspenekin eta berrikuntzaz blaituta. Irailaren 23ra bitarte izango du Andoaingo euskaltegiak matrikulazio-kanpaina martxan. Hala, buru-belarri lanean da jada lantaldea, eta, tartean da Jone Tolosa euskaltegiko zuzendaria.

Zapore gozoz bukatu al zenuten joan den ikasturtea?

Bai, hori da. Egia esan oraindik amaitzen gabiltza udako ikastaroak. Azken horiek ere jendetsuak izaten ari dira. Azken urteetan, matrikulazioan eragin zuzena izan zuen pandemiak, hau da, urte gorabeheratsuak izan dira, protokolo-aldaketekin. Baina eman dutenarekin, gustura. Orain, udan atseden hartu ondoren, indarberrituta gatoz.

Noiz ekingo diozue ikastaroen jardunari?

Urriaren 3an ekingo zaio ikasturteari eta ekainaren 22ra bitarte iraungo du. Orain, matrikulazio-kanpainan gaude: abuztuaren 29an hasi ginen eta irailaren 23an bukatuko da. Aurten, “Ikasi euskara bidelagun onenarekin” izango da AEKren lelo nagusia. Gure irakasleak nabarmendu nahi ditugu, motibatuak, gertukoak eta konprometituak baitira, baikara.

Hari horri tiraka, herritarrek, bidelagun onenaren eskutik, zerekin egingo dute topo zuen euskaltegian?

Herritarren beharretara egokitutako ikastaroak ditugu Andoaingo euskaltegian, goizez, arratsaldez eta iluntzean. Azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak ditugu, baita gurasoei begirakoak ere (haurrak eskolan dauden bitartean). Bestalde, AISA ikastaroa dugu, kanpoko jatorria duten herritarrei zuzendua. Aurten, gainera, azken hori ehuneko ehunean Andoaingo Udalak babestuko du ekonomikoki. Halaber, lan-ordutegiak kontuan hartuta, merkatariek beren lekua izango dute gurean: bertan, egunerokotasunean bezeroa euskaraz artatu ahal izateko jakin beharreko hiztegia ikasiko dute, besteak beste.

Berrikuntza gisa, bereiziki, Batxilergoko nahiz Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako C1 ikastaroa ipini dugu martxan. Eta, lehen aldiz, C2 maila ere eskainiko dugu.

Euskaltegian bertan, aurrez aurreko klaseak nahiz Autoikaskuntza aukera bermatuko ditugu: ikasleak, astean behin, tutoretza presentziala izango du, eta baita mintzapraktikara joateko aukera ere, baina, aldiz, lanak etxetik egingo ditu. AEK-k online zerbitzua ere badu.

Euskararen urtea omen dela diote askok. Korrika, Euskaraldia, Euskal Herriko Bertso Txapelketa…? Aitzakia ederra euskaraz ikasten hasteko, ezta?

Guretzat urtero da euskara ikasteko momentu aproposa, baina, lehen esan bezala, pandemiaren eraginez zenbait herritarrek euskararekiko lotura galdu dute; beraz, orain, garai polita da berriro hori berreskuratzeko eta martxa hartzeko. Gu oso gogotsu gaude.

Interesa duenak nola eman behar du izena?

Euskaltegira etor dadila, Plazaola kalea, 2. Bestela, gure telefono-zenbakira hots egin dezake: 943 59 17 04. Azkenik, helbide elektronikoa ere badaukagu harremanetan ipintzeko, andoain@aek.eus.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!