N1 ANDOAIN A15

"Biltzen hasi ginenean azken kaltetua defendatu arte jarraitzea erabaki genuen"

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 10a, 07:00

Etxarte, Perez de Eulate, Lopez, Aiertza eta Aizpurua Arantzibia plazan. Atzealdean Buruntza eta Bazkardo aldea.

"Udal arkitektoak dioenari kasu egitea, hori da udal ordezkarien aldetik espero duguna". Abuztuan, oporraldia alde batera utzi eta alegazioak lantzeari eta Herri Plataforma osatzeari ekin diote. Bost agertu dira Aiurrira, baina geroz eta gehiago direla diote

Xabi Lopez Txistoki karrozeriko jabea da, eta udan jakin du Aldundiak sustatu nahi duen CII delako egitasmoak zuzen-zuzenean eragiten diola. Plataforman sartzea erabaki du. Gaiarekin kezkatzen hasi zen lehenengoetakoa Itsas-Mendi karabanak enpresako Ainara Etxarte izan zen, 2019an EAJ-PNVk herrian zabaldu zuen eskuorriko infografia batean errepide berriaren ibilbidea euren negozioaren gainetik ageri zela ikusi zuenean. Aitor Aizpurua Sorabillako Allurralde Berri baserrikoa da, eta egitasmo berriarekin lursail ugari galdu eta errepide berria baserritik metro gutxira geratuko litzaioke. Ainhoa Aiertza Buruntzako Elizalde-txiki baserrikoa da, eta A15 errepidearen trafikoak eragindako zarata akustikoa eta kutsadura pairatu behar ditu. Gaur da eguna, errepide berri samarra izanik ere, auzune horretan ez dela zarataren aurkako panelik ipini. Guztiek bat egin dute udan bertan sortu duten plataforma berrian. Haien guztien bozeramaile IÒaki Perez de Eulate da. Mugikortasun teknikaria eta andoaindarra izanik, auziaren informazio ugari jasotzen eta azaltzen asmatu du. Eta, bidean, bizilagun, enpresa eta auzo elkarteetako jende gehiago batzen ari dira.

Basteron eta Karrika elkartean auzo bilera bana egin ostean, eta ehundik gora lagunei azalpenak eman ostean, ekimen betean murgildu dira. Salkin elkarteko merkatariekin elkartu dira eta hurrengo egunetarako bi hitzordu deitu dituzte. Lehena, igande honetan. Buruntzako San Martin aztarnategitik abiatuko dira 10:00etan eta herrian barrena ibilbide-gidatua egingo dute. Eta, bigarrena, astelehenean. Pleno berezia deitu baitu alkateak, Herri Plataformaren mozioa aztertzeko. Arratsaldeko 19:00tan izango da. Bietara joateko deia luzatu dute.

Elkarrizketa hasi aurretik hizketan hasi da IÒaki Perez de Eulate. Xabier Intxaurza Andoaingo Udal arkitektoak idatzi dituen ondorioak irakurri ditu, hori baita bere ustez lerroburu nagusia. Arkitektoak Udal ordezkarien esku utzi duen txostenaren ondorioa oso argia da, burokrazian ohikoa den hizkeratik oso aldenduta dagoena. Gaztelaniaz dago idatzita, baina gutxi-asko hauxe litzateke itzulpena: "Hirigintza Batzordearen esku uzten da Gipuzkoako Foru Aldundiari egitasmoaren aurkako iritzia helaraztea, aurkeztu duten asmoa birpentsatzeko eskatuz eta udalerriaren kanpoaldetik igaroko litzatekeen saihesbidea azter dezan, auzia bera eta sor daitezkeen eraginak osotasunean konponduko liratekeelako".

Herri Plataformako kideentzat txosten hori erabakiorra da, eta Udal ordezkariei datorren asteleheneko plenoan Udal arkitektoaren txosten horrekin bat egiteko eskaera luzatuko diete.

Abuztuan gorpuztu zen Herri Plataforma. Hori adierazten ari zarete auzo bileretan, eta geroz eta ekimen gehiago iragartzen ari zarete. Noraino iritsi nahi duzue?

Aitor Aizpurua: Lehenik eta behin, herritarrei informazioa helarazi nahi diegu. Desinformazioa sekulakoa da eta, gainera, interesatua dela esango nuke. Zenbat eta desinformatuago eduki gizartea, orduan eta alegazio eta oposizio gutxiago izango delako eta egitasmoa aurrera eramatea samurragoa izango delako. Lehen helburua hori da. Zeren eta informatuta dagoen edozein andoaindar ezin da egitasmo honen alde agertu.

Eta noraino iristeko prest zaudete?

Iñaki Perez de Eulate: Bide administratiboari ekin diogu, eta abokatu talde batekin ari gara lanean. Administraziotik erantzuten dutenaren arabera, akaso epai-bideari ekin beharko diogu. Argi dugu 2011ko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren filosofia Andoaingo etorkizuna dela. Aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu nahi duen egitasmoak herri osoaren etorkizuna baldintzatzen du.

Zuen aurkezpenak entzuten jarrita, oso baieztapen irmoak egiten dituzue. Zuei entzunda, bateraezina da Andoaingo Plan Orokorra garatzea eta Aldundiaren C2 delako egitasmoa defendatzea. Edo bat, edo beste. Hori ulertzen dugu.

Iñaki Perez de Eulate: Andoaingo Plan Orokorrean egungo N1aren ibilbidea udalerriko iparra eta hegoa lotzeko barne errepide bezala kontutan hartzen da. Eta Karrika, Kaleberria, Kale Nagusia eta Kaletxiki erdi peatonalak izatea eragingo luke horrek. Udal Arkitektoak defendatzen du hori. Horri esker merkataritza garatuko litzateke, baita gizarte mailako garapena. Eta gaur egun errepideak eragiten dituen kalte akustikoa eta atmosferikoa nabarmen jaitsiko lirateke. Bada beste arrisku bat. 1983ko uholdeak eta gero, N1aren ibilbidea uholdeak eragiteko pantaila modura bilakatu zen. Eta geroztik idatziz jaso da N1 errepidearen trazatua urruntzeko egitasmoa. Allurralde kiroldegia, Ubitarte zelaia, Aita Larramendi ikastola hori guztia bertan eraiki zen errepidea urrundu egingo zela aurrikusiz.

Kezka ez da bakarrik herritarrena. Lehen bileran kezka eragin zuen Calonge eta Txistoki arteko eremuan, errepidea zabaltzean, horrek ekarriko dien zailtasun erantsia bertako tailer eta fabrikei. Noiz izan zineten horren jakitun?

Ainara Etxarte: EAJ-PNVk bere herri programa aurkeztu zuenean, gure negozioaren gainetik errepidea agertzen zen grafikoa ikusi genuen. Bidegitik lasaitasuna azaldu digute denbora honetan guztian, eta milimetro batera geratuko litzateke errepide berri hori. Herritar modura bertan sortzen den kutsadura ez da txikia izango, zeren eta trafikoa areagotu egingo da.

Xabi Lopez: Neuk udan izan dut horren berri. Gure kasuan gure enpresari eta ingurukoari behin-behinean espropiatu egiten gaituzte. 28 hilabetez. Eta, noski, hori gabe ezinezkoa zaigu horrela lan egitea. Guri inork ez digu ezer esan. Ainarari behin behineko espropiazoen mapa bat eman zioten, eta berak eman zidan abixua.

Bidegi, Adoaingo Udala... Faltan bota al duzue komunikazioren bat?

Xabi Lopez: Guri ez digu inork ezer esan. Kasualitatez izan dugu honen berri. Ibilbide berriak eragin zuzena izango du gure industriagunean, eta, obrak iraun bitartean, ezingo dugu tailerraren kanpoaldea erabili.

Ainara Etxarte: Etxea expropiatuko dien jendeak Bidegira edo Udaletxera ate-joka joatean jakin du, ez lehenago.

Iñaki Perez de Eulate: Beti izan da horrela. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agertu zela adieraziko dizute kontu eske joatean. Baina nor egoten da boletinera begira?

Alegazioak lantzen ari zarete, denbora tarte honetan.

Iñaki Perez de Eulate: Alegazio orokorrak lantzen ari gara. N1 errepidea gain-dimentsionatuta dago. 70.000 ibilgailu igarotzen dira hortik, eta berez 40.000 bakarrik dagozkio. Horrek esan nahi du errepide berria kopuru horretara dimentsionatu behar dela. Bestea, indarrean dagoela Hirigintza Plan Orokorra. Eta hori bete egin behar dela. Nik etxe bat egin nahi badut, ezin dut egin ez badago aurrikusita Plan Orokorrean.

Errepidearen gain-dimentsioa aipatzen duzunean, zein datu erabiltzen dituzu?

Iñaki Perez de Eulate: Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituenak.

Udalaz gaindiko erakundeek orain badute euren egitasmoak ezartzeko aukera.

IÒaki Perez de Eulate: Orain bai. Tapia legea bezala deritzon legearekin, bai. Oraingoz ez da inon aplikatu, eta aplikatzen den lekuan bertako Udala eta herritarrak aurka agertuko lirateke. Ikara emango luke horrelako aplikazioak. Ez dugu lege hori aplikatzen lehenak izan nahi.

Soinuari dagokionez, eta, Andoainen horrek azken urteotan sortu duen zalaparta ikusita, Mimendi parean estaliko den ibilbide zatia grafikoetan agertu bai baina aurrekonturik ez dela jasotzen adierazten ari zarete auzo bileretan. Hori horrela da?

Iñaki Perez de Eulate: Bai, eta hori Udal Arkitektoaren txostenean jasotzen da. Egitasmo bat aurkeztu dute aurrekontu batekin. Mimendiko estalkia hobekuntza modura agertzen da, partida ekonomikoa sortzen denerako utziz. Nik orain galdetzen diot edonori: Aldundiak C2 egitasmoa egiten badu, noiz estaliko du Mimendi? Jakinda gainera hori egiteko N1 errepidea moztu behar dela? Noiz egingo du? 2050a botatzen dut nik.

Zaratari dagokionez, zerorrek salatu duzu bileretan Buruntzako errepidea 2011koa dela eta errepide berria izanik oraindik ez dituztela zarata saihesteko panelak jarri.

Ainhoa Aiertza: Egitasmoan hasiera-hasieratik agertzen dira panel horiek. Udalak antolatzen duen bilera guztietan eskaera bera egiten dugu. Legeak onartzen duena baino zarata handiagoa pairatzen ari gara.

Iñaki Perez de Eulate: Errepidea egina dago, berria da eta ez dago ezer jarrita.

Alegazio asko aurkeztuko direla aurrikusten duzue?

Iñaki Perez de Eulate: Alegazio orokorrez gain, kaltetuen alegazio zehatzak aurkeztuko dira. Biltzen hasi ginenean azken kaltetua defendatu arte jarraitzea erabaki genuen. Elkartuta egon behar dugu, bestela ez zen indarrik egiten.

Igandean ibilbide-gidatua egingo duzue. Zein da asmoa?

Ainhoa Aiertza: Buruntzatik hasi eta oinez Bazkardo aldera joango gara, eta segidan Mimendira. Handik Aita Larramendi ikastolara, eta Karrika aldean amaituko dugu. Bi orduko ibilbidea izango dela aurrikusten dugu.

Asteleheneko plenoan zer espero duzue?

Iñaki Perez de Eulate: Udal Arkitektoak dioenari kasu egitea, hori da Udal ordezkarien aldetik espero duguna.

Desio bat dirudi horrek.

Iñaki Perez de Eulate: Ez dut beste emaitzik espero. Beste emaitza emanez gero ondorioztatuko nuke Udal ordezkarien artean eserita dauden batzuk ez dituztela andoaindarren interesak defendatzen. Interesa Andoainen duenak ezin du Aldundiaren egitasmoa defendatu. Esan beharko liguke Aldundiaren egitasmoak zein onura ekarriko liokeen Andoaini. Ez dio onurarik sortzen. Andoaingo Udal korporazioak andoaindarren interesak babestu beharko lituzke. Konfiantza hori ematen diegu hamazazpi zinegotziei.

Zuen mozioaren edukiak zer dio?

Iñaki Perez de Eulate: Plan Orokorra defendatzen dugula, eta bere baitan planak ekartzen dituen onurak. Horren arabera N1 errepidearen ibilbidea herrigunetik urrundu behar da. Eta errepidea urruntzeko egitasmo hori trafiko naturalera dimentsionatu behar da ahalik eta eragin txikiena sortzeko ingurumenari eta bertan bizi direnei.

Aldundiaren C2 egitasmoa baztertzea eskatzen ari zarete.

Iñaki Perez de Eulate: Birpentsatzea eta baztertzea, hori eskatzen ari gara.

Andoaingo Udalak, beraz, Aldundiari egitasmoa bertan behera uztea eskatu beharko lioke?

Iñaki Perez de Eulate: Udal Arkitektoak egingo dio bidea korporazioari. Erraza da. 2011n sei alternatiba aztertu ziren, eta horietatik bost Plan Orokorra garatzen laguntzen zuten. Bazegoen bat Plana garatzen uzten ez zuena, eta puntuazio okerrena jaso zuena. Bada, alternatiba hori da Aldundiak orain aurrera eraman nahi duena. Ez dezagun aukera txarrena hartu! 2011n txarrena zena ez dezagun orain onartu!

 

"C2 delakoa ez zait bidezkoa iruditzen"

IÑAKI PEREZ DE EULATE PLATAFORMAKO KIDEA

Azken asteetan protagonismo handia hartzen ari zara. Kontziente zara?

Bai, protagonismo gehiegi hartzen ari naiz.

Aurreko asteko Andoaingo Udaleko Hirigintza Batzordean zeu eta plataformako kideak EAJ-PNVko ordezkariarengana zuzendu zineten. Gutxi-asko, ea Andoain bizi duen galdetzen zenioten. Baina, kontrara, nor da Iñaki Perez de Eulate? Belaunaldi berriek ez dute zure berri.

Andoaindarra naiz, azken 30 urteetan hemen bizi ez naizena. Enpresa batzuk gidatu ditut, bereziki mugikortasun arlokoak. Gazte garaian eta Andoainen mugitu izan nintzen, eta egitasmo honekin inplikatuta nago aspalditik.

Ezagutza handia erakusten ari zara.

Nire lanbideagatik gertukoa zait eta Andoainera etorri eta Aldundiak C2 delakoa planteatu duela ikusita ez zait bidezkoa iruditzen. Batez ere andoaindarren bizimodua baldintzatuko duelako. Ez nuke protagonismo handirik hartu nahi, hori andoaindarrei eta kaltetuei dagokie. Horrela izan beharko luke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!