Euskalduna futbol taldea martxan da denboraldi berriari begira. Hainbat helburu gainean, ligari eta txapelketei ekiteko prest daude. Aurtengoan, Iker Lasquibarrek eta Igor Berek hartu dute taldeak kudeatu eta antolatzeko kirol ardura; uda guztian lanean aritu dira taldeak kudeatzeko.
Esanak esan, aurredenboraldia abuztuaren amaieraldean hasi zuten eta hainbat lagunarteko partida jokatu dituzte. Oporraldien ostean, jokalariak gutxinaka taldera batzen hasi dira, datozen asteetako partidei eta txapelketei aurre egiteko.
Urtero bezalaxe, hainbat taldek hasiko dute liga aurki; besteak beste, areto futbolekoek, gorengo mailakoek, jubenilek, kadeteek eta infantilek. Gainera, azken hiru kategoriek ohorezko mailan jokatuko dute eta horri eustea izango dute helburu. Horrez gain, alebinak aste honetan hasi dira teknifikazio entrenamenduetan. Euskaldunako Zuzendaritzak azaldu duenez, zoritxarrez, aurtengoan ez da emakumezkoen gorengoen talderik sortzeko aukerarik egon. Hala eta guztiz ere, kadeteetan eta infantiletan nesken bi taldek parte hartuko dute; nahiz eta onartu duten zaila egin zaiela kadete mailako taldea osatzea. Horiek horrela, taldean jokatzeko eta ezagutzera etortzeko gonbita luzatu du Euskaldunak.
Helburuei dagokionez, zuzendaritzak argi adierazi du: “Helburu nagusienetako bat ohorezko mailei eustea litzateke. Horrez gain, areto futbolean, aurreko urtean bezalaxe, lehen postuetan sailkatu nahiko genuke. Maila oso ona erakutsi zuten iaz”. Esanak esan, argi adierazi dute emaitzez haratago, zalegoen ilusioa piztea eta jokalariek denboraldiaz gozatzea dela lortu nahi dutena: “Oso garrantzitsua da zaleen ilusioa piztea, baita jokalariak gustura sentiaraztea. Gainera, talde interesgarriak sortu ditugu, izan ere, kolore urdina sentitzen duten herritar ugari bildu ditugu”.
Larramendi txapelketa, irailaren 10ean
XLVIII. edizioa jokatuko da larunbat honetan, Ubitarte zelaian. Hauexek partidak:
• 17:00 Billabona-Danena.
• 18:00 Danena-Euskalduna.
• 19:00 Euskalduna-Billabona.
"Gurru"ren omenezko lehen memoriala, irailaren 17an
Euskaldunak Iñaki Gurrutxagaren omenezko lehen memoriala antolatu du, datorren irailaren 17rako. Iaz, irailaren 16an zendu zen andoaindarra; Euskalduna taldearen zale amorratua izateaz gain, jokalari urdina izan zen eta, azken urteetan, zuzendaritzako kide ere bazen.