“Organoen ondareari dagokionez, erreferente gara”

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 9a, 10:43

Donostiako Musika Hamabostaldiko nazioarteko organo-zikloaren zuzendari lanetan aritu da, udan. Kritikak, bereziki, Ana Belen Garciaren lana goraipatu du.

Musika Hamabostaldian organo zikloaren zuzendari izan zara. Zer nolako esperientzia izan da?

Nire lehen urtea da Donostiako Musika Hamabostaldiko organo-zikloaren zuzendari gisa, eta zalantzarik gabe, esperientzia zoragarria izan da. Benetan diotsut. Musika Hamabostaldiko zuzendari nagusiak kargu hau eskaintzeko zuzenean deitu zidanetik hilabeteetako lana izan da, nazioartean ospe handia duten organisten kartela osatuz eta organo erromantikoko nazioarteko ikastaroa ikasle-maila handikoa eginez.

Noiztik dator Hamabostaldiarekin duzun harremana?

Aspalditik dator. Urteen poderioz Hamabostaldian parte hartu dut piano-jotzaile eta organista modura. Organo-zikloari dagokionez, 2000an organo-karrera hasi nuenetik kontzertuetara eta organo-ikastarora joaten hasi nintzen. Ondoren, ikastaroko ikasle aktiboa eta kolaboratzailea izan naiz, baita zikloko kontzertu askotan interpretatzailea ere.

Berria egunkarian zure izendapena bereziki nabarmendu dute: "Ana Belen Garcia ziklo honen zuzendaritzan jartzeak izan du zerikusirik, zalantzarik gabe. Musika Hamabostaldiaren beste arrakasta bat...". Zer sentitzen da horrelakoak irakurtzean?

Ezin ukatu kritika onak ondo hartzen direla beti. Beraz, oso pozgarria da norberaren lana baloratzea. Kontzertu-zikloan parte hartu duten instrumentu zoragarriak baloratzen dituzten eta horien parean dauden interpreteak ekartzea izan da nire helburua.

Atzerriko artistak hona ekartzen dituzue. Zer ikasi daiteke haiengandik?

Atzerriko artistak izan ala ez, oso interesgarria da edozein organo-jotzaile ikustea eta entzutea nazioartean ezaguna den gure ondare organistikora nola moldatzen den: nola erregistratzen duten (organoen soinu desberdinak nola aukeratzen dituzten), zer programa osatzen dituzten, musika nola interpretatzen duten…

Aurten zer da bereziki nabarmenduko zenukeen emanaldia?

Kontzertu guztiak benetan bereziak izan dira niretzat. Oso profil desberdinak dituzten maisu-maistrak entzuteko aukera izan dugu. Organo-jotzaileez gain, horietako batzuk: konpositoreak, orkestra-zuzendariak, editoreak…, baina bereziki bete nauen baten bat nabarmendu beharko banu, onartu beharra daukat abuztuaren 5ekoa izan zela. Artzain Onaren katedralean izan zen. Urteak dira kontzertu formatu hori buruan nuela, eta Musika Hamabostaldiari esker gauzatu ahal izan dut. Bi organo eta koruko kontzertua izan zen. Eta niretzat politena etxeko interpreteekin egitea izan zen: Gorka Miranda EASO Abesbatzako zuzendariarekin eta Oscar Candendo abesbatzako nire lankidearekin. Abesbatzaren lana goraipatu nahi nuke, benetan kontzertu zaila zelako eta denok lan handia egin genuelako emaitzarik onena lortzeko. Jende asko bertaratu zen, eta jakin badakit, jende asko bildu zelako ezin izan zela katedralera sartu. Zalantzarik gabe, kontzertu gogoangarria izan zen.

Saio didaktikoetan parte hartu izan duzu hango eta hemengo organoekin. Horrelako gehiago egin behar direla uste duzu?

Jakina! Faktore didaktikoa nire jardunbidean joera da. Eta nire esperientziak esaten dit ikusleek interes handia dutela egun oraindik ere ‘ezezagun handia’ den horren funtzionamendua ezagutzeko. Niri, pertsonalki, asko gustatzen zait kontzertu baten ondoren jendea animatzen denean korura igotzera eta instrumentuari buruzko gauzak galdetzera. Beti da plazer bat.

Publikoari laguntzen dion beste faktore garrantzitsu bat kontzertuak aldarean jarri ohi den pantaila handi baten bidez ikustea da. Zalantzarik gabe, edozein tresna da interesgarria ikusteko, baina organoaren kasuan, elizetako koruetan egon ohi denez, are erakargarriagoa da.

Nazioarteko kideekin harremana izatean zer diote bertako jaialdiaz eta bertako organoez? Europan besteen pare gaudela esan daiteke?

Zikloaren aurreko hilabeteetan eta zikloak iraun duen bi asteetan organo-jotzaile askorekin hitz egiteko aukera izan dut: bertakoak eta atzerritarrak. Eta iruzkina beti bera da: organoen ondareari dagokionez, erreferente gara, batez ere Aristide Cavaillé-Coll organo-eraikitzaile frantsesaren instrumentuengatik. Donostiako  Koruko Andre Mariaren Basilikako eta San Bizente elizetako organoak oso garrantzitsuak dira munduko edozein organo-jotzailerentzat. Era berean, Loiolako Santutegikoa, Azkoitian eta Usurbilen dauden Cavaillé-Coll-ak. Hala ere, hauek dira ezagunenak, baina gure ondare organistikoa askoz haratago doa. Kilometro gutxietan instrumentu zoragarriez goza dezakegu, ezaugarritako ezberdinetako tresnak eta egile ezberdinek eraikitakoak, eta ahal dugun guztia egin behar dugu ezagutzera emateko eta kontserbatzeko.

Dagoeneko buruan duzue 2023ko edizioa?

Ziklo hau amaitu aurretik, hurrengoan pentsatzen ari nintzen. Ideia asko sortu zaizkit jaialdi hau garatzen ari zen bitartean. Aitortu behar dut, lan handia ekarri duen arren, zikloa zein ondo joan den ikusita edozeri irabazten diola. Orain gogoetarako eta aurtengoa nola gainditu pentsatzeko unea da.

Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroa ere nabarmendu nahiko zenuke.

Bai. Guztira 26 ikaslek parte hartu dute Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroan. XXXVIII. edizioa izan da. Euskal Herriko ikasleez gain, Burgos, Madril, Palentzia, Leon, Murtzia eta Mallorcakoak ere izan ziren. Baita Suitza, Italia, Frantzia eta Hego Koreako ikasleak ere. Michel Bouvard, frantziako errepertorio erromantikoan aditua izan zen irakaslea. Ikastaroak 5 egun iraun zuen, eta ikasleen kontzertu arrakastatsu batekin amaitu zen, Donostiako San Bizente elizan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!