N1 ANDOAIN A15

Bisitaldi-gidatua, Buruntzan hasita

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 11a, 11:04

Goizeko 10:00ak zirenean 80 lagun inguru elkartuta zeuden San Martin Aztarnategiaren inguruan. Andoaindarrak guztiak, C2 bezala ezaguna den egitasmoak eragingo dituenak gertutik ezagutu asmoz hurbildu dira Buruntzara.

Minutuak aurrera joan ahala, herrikide gehiago hurbiltzen ari zen. Tokian tokiko kaltetuei eman zaie hitza ibilbidean zehar, eta hainbat aipamen osagarri eskaini ditu Iñaki Perez de Eulate sortu berri den plataformako bozeramaileak. Irteera hasi baino lehen, Perez de Eulatek adierazi du dagoeneko 400 alegazio inguru bildu dituztela.

Perez de Eulatek adierazi du dagoeneko 400 alegazio inguru bildu dituztela

Ainhoa Aiertzak hartu du hitza ekitaldiaren hasieran: “Harrobitik gertuen dagoen Andoaingo auzunea garela alde batera utzita, Buruntza auzune lasaia zen. Asko aldatu da panorama urteotan. Gaur igandea izanik, trafiko handirik ez da antzematen baina Buruntzan egunero jasan behar dugu trafikoak eragiten duen kutsadura akustikoa eta atmosferikoa. Harrigarria da pairatu behar dugun guztia, legeztatuta dagoenaren gainetik pairatzen ari baikara”. Landa eremuko auzoa eta balio arkeologikoa duen gunea izatetik, industriguneaz eta errepideaz inguratuta geratuko gara. 70.000 ibilgailu dira eguneko, 900.00 inguru urteko”. Azken urteotan bota dituzten Illarramendi, Perikotegi eta Ikutza baserriak gogoan izan zituzten eta egoera bideratzen ez bada, Elizalde Handi eta baserri gehiago botatzeko arriskua dago.

Ainhoa Aiertza: "Harrigarria da pairatu behar dugun guztia, legeztatuta dagoenaren gainetik pairatzen ari baikara”

Lehen hitzartzea amaituta, herritarrek galderak egiteari ekin diote. Bazkardo, Mimendi, Aita Larramendi ikastola inguruak eta Karrika zeharkatzeko asmoa dute goizean zehar.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!