Ruben Gelbentzuri eta Jon Lizarribarri elkartasuna adierazi diete hainbat herritarrek

Mikel Arberas 2022ko ira. 11a, 11:35

Hamarnaka pertsona elkartu dira Kontseilu Sozialistak antolatutako elkarretaratzera; Ruben Gelbentzuri eta Jon Lizarribarri elkartasun adierazi diete 'Errepresioaren aurrean, klase elkartasuna' lemapean.

Elkarretaratzea antolatzaileetako batek ohar bat irakurri zuen elkarretaratzea amaitzean, andoaindarraren eta urnietarraren auziaren gainean informatu eta babesa adierazteko: 

Pasa den abenduan, Auzitegi Nazionalak Ruben Gelbentzu eta Jon Lizarribarren aurkako auzi judizial berri bat ireki zuen. Ez da bien aurka halako auzi bat irekitzen duten lehen aldia. Azken bi hamarkadetan behin eta berriz errepikatu dira bi kide hauen aurkako erasoak, eta auziak itxi eta absolbituak izan arren, bai Jonek eta baita Rubenek ere espetxealdiak, gastu ekonomiko erraldoiak edota behin eta berriz auzi bat irekitzeak suposatzen duen ezinegonarekin bizi behar izan dute.

Egoera honen aurrean, lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi diegu beste behin ere Ruben, Jon eta bere inguru guztiari.

Gaurkoan, Ruben eta Jonekiko elkartasunak batu gaitu, haien kasua salatzeko beharrak eta gure laguntzarako prestutasunak. Baina ez horrek bakarrik, militantzia politikoaren aitortzak ere batu gaitu. Gaurkoan, bizi ditugun garai ilun hauetan, eskuzabaltasun osoz haien onena emateko prest dauden militante politikoak ezinbestekoak dira, eta horretan, nola ez, gure aurretik izandako militante iraultzaile guztiak ditugu gogoan.

Bestalde, ezinbestekoa dugu gaur bezelako elkartasun keinu puntualetatik haratago joatea. Horrelako egunak beharrezkoak izanagatik ere, ezinbestekoa zaigu biharko egunean halako kasu gehiago egon ez daitezen baldintzak sortzen joatea. Egungo egoera irauli, eta horrekin batera errepresioarekin amaitzeko gai izango den programa politikoa elikatu eta eraiki behar dugu. Errepresioarekin amaitzea estuki lotua dago klaserik gabeko gizartea eraikitzearekin.

Errepresioaren aurrean, klase elkartasuna!

Elkarretaratzearen ostean, 22:00etan hasita, Sofokaos eta Alerta Gorria taldeek kontzertua eskaini zuten Andoaingo gaztetxean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!