N1 ANDOAIN A15

Hirigintza Batzordea, arratsaldeko plenoaren aurretik

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 12a, 09:37

Artxiboko irudia

Gobernu taldekoen aldeko botoekin eta oposizioko alderdien abstentzioarekin aurrera atera da, Udalak aurkeztu beharreko alegazio-proposamena. Iritzi ezberdinak azaleratu dira batzordean.

Aurreko Hirigintza batzordean Udal Arkitektoak hainbat alegazioren berri eman zuen, eta hor iritzia eman zuten Udal ordezkari politikoek. Gaurkoan, iritzia emateaz gain, botoa emango dute. Lehenik Hirigintza batzordean eta, jarraian, ez ohiko plenoan.

Hirigintza Batzordea bilduta dago egon da 09:00tan hasita, Udaletxeko Batzarraldi aretoan. Udalak horrela iragarri du saioa: “Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak Bazkardon (Andoain), Tolosako noranzkoan, A-15 eta N-1 errepidearen arteko lotura hobetzeko aurkezturako proiektuari buruz Andoaingo Udalak aurkeztu beharreko alegazio-proposamena aztertuko da”.

On line eskaini dute batzordea, ikusgai dagoena:

Auzi honetan gaurkoa egun seinalatua da, arratsaldean gai berari buruzko ez ohiko plenoa deitu baitute. 19:00tan hasita, Herri plataformak aurkeztu duen mozioa aztergai izango dute. Ordu erdi lehenago, 18:30ean hasita, kontzentrazioa deitu dute Goikoplazan.

Udal arkitektoak hitza hartu du, irailaren 2ko batzordeari jarraipena emanez. Hirigintza eta Ingurumen teknikarien txostenetik abiatuta, alegazioak hizpide izango dituzte. Mezua argitze aldera, eta txosten mardula laburbilduz, arkitektoak C2 egitasmoaren afekzioak azaldu ditu. Alegazio nagusi modura herrigunetik bariantea sortzea proposatzen da.

C2ri kontrakotasuna agertzea eta 2010eko egitasmo eguneratua aztertzea Udal ordezkarien esku utzi da.

Maider Lainez, PSE

“Plan Orokorraren aldeko balioa azpimarratzea eskatu nahi dut”

Maider Lainez alkateak eskertza adierazi die teknikariei, herriko ekimen ezberdinekin txosten “osoa” jasotzea lortu dutelako. Txostenean “Plan Orokorraren aldeko balioa azpimarratzea” eskatu du Maider Lainez alkateak, bere lehen interbentzioan. Hirigintza planaren alde agertu da, beraz. Alkate modura adierazi du alderdi guztiei aho batez onartzea teknikarien txostena: “Batasuna ematea eskatuko nieke Udal ordezkariei”.

Andoni Alvarez Lete, EH Bildu

“Indarra egitasmoa gerarazten jarri behar dugu”

Andoni Alvarez, EH Bilduko ordezkariak hartu du hitza segidan: “Uztailean esan genuen ez genuela presaka iritsi nahi. Irailaren 12a da, eta azken alegazio partzialak datoz gaur eztabaidara. Eta gero plenoa dugu. Ekidin nahi genuen gauzak presaka izatea, eta zoritxarrez horrela gertatzen ari da. Hainbat alegazio azken orduan landu direla eta, ez dugu nahikoa denbora izan gaia aztertzeko. Egitasmoa geratzeko indarra egin behar dugu. Teknikarien txostenak oso argiak dira, ez baita onuragarria ez Andoainentzat eta andoaindarrentzat ere. Alegazio partzial batzurekin ados gaude, adibidez Sorabillakoekin, baina azken egunean bidalitakoak lantzeko aukera izan ez dugunez, indarra jarri behar da egitasmoa geratzen. Abstenitu egingo gara. EH Bildu bezala osoko alegazioa egingo dugu, Udal arkitektoaren eta ingurumen tenikarien txostenak sartuz. Hor oso ondo agertzen delako C2 egitasmoak benetan zer suposatzen duen”.

Teresa Santana, Elkarrekin Podemos

On line bidezko parte hartzea izaten ari da, eta youtubeko emisioan ez zaio entzuten. Antza denez, abstentzioa iragarri dute eta plenoa hasi aurretik alderdia batzartuko dela iragarri du.

Marijose Izagirre, EAJ-PNV

“Pragmatismotik politika egitea defendatzen dugu”

Aurreko Batzordean Imanol Goenagak hartu zuen hitza, eta gaurkoan Marijose Izagirrek: “Alegazioak egitasmoa hobetzeko onuragarriak izango dira, eta gu ados agertuko gara. Alde bozkatuko dugu. Prozedurarekin ez gatoz bat. Eztabaida politikorik ez dela egon ulertzen dugu, horren falta egon da. Baina zehaztasun batzuk egin nahi ditut. Ez gaude ados C2 gerarazteko eskaerarekin. Alegazio ezberdinen alde gaude Mimendin, Itsas-Mendiko bihurgunean, Sorabilla aldekoak… Panel akustikoak ahalik eta azkarren jartzeko eskaera egiten dugu. Udalaren txostenean osoko emendakin modukoa planteatzen da eta segidan emendakin partzialak planteatzen dira. Osoko emendakina ala partzialak? Zeinen alde egingo dugu? Bitxia iruditzen zaigu. Pragmatismotik politika egitea defendatzen dugu”.

Perez de Eulate, Herri plataformako bozeramailea

“Gure mozioaren eta arkitektoaren txostenaren artean antzekotasun handia dago”

Hitza hartu du Hirigintza Batzordean. Saihesbidearen eskaerak dituen onurak eta C2 egitasmoaren aurkakotasunei buruzko aipamenak egin ditu. Aipamen literalak irakurri ditu, Udal Arkitektoarenak direnak. Birritan irakurri du, argi gera dadin esanahia. “Horrelako agiri baten aurrean ez litzateke eztabaidatu behar. Gobernu taldeko kidea denon ordezkari zarete. Arkitekoak horrelakoa idazten badu, ez nuke zalantzarik egingo”. Gaurko mozioaren aurrerapena egin du, abuztuaren 23an aurkeztu zena: “Gure mozioaren eta arkitektoaren txostenaren artean antzekotasun handia dago”.

Xabier Huitzi, Sorabilla-Errotagain elkartearen bozeramailea

"Eskubide berdinak dituzten andoaindarrak gara guztiak"

“Saihesbideaz hitz egiten denean, 2011ko egitasmoa kontutan hartuta, Sorabillako saihesbideaz ari gara. Azpikolatik hasi eta Bordaberri, Allurralde, Goietxeberri, Mendiluze eta Balastraineraino doa. Ez da kanpo saihesbidea, Sorabillakoa baizik. Ados gaude, egitasmoak Andoaini zuzen-zuzenean eragiten dio baina ez dugu Sorabilla zulo beltza izatea nahi. Eskubide berdinak dituen andoaindarrak gara guztiak".

Udal ordezkariekin eta gainerako elkarteekin ez dugu fede txarrik topatu. Irtenbide ezberdinak topatzen ditugu eta horiei buruz hitz egin behar da. Etzi amaituko dira alegazioak aurkezteko epea. Guk dagoeneko aurkeztu ditugu. Horrek ez du esan nahi soluzio batzuk edo besteak onartzen ditugunik. Esan nahi duena da elkarte bezala planari alegazioak aurkeztu dizkiogula”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!