Erremontea

Javier Urrizak Buruz Buruko txapela irabazi du Endika Barrenetxearen aurka

Aiurri 2022ko ira. 12a, 09:35

Partida bizia, gogorra eta zirraragarria ikusteko aukera eduki zuten erremonte zaleek; iruindarrak zortzigarren txapela eskuratu zuen iazko buruz burukoaren txapelduna mendean hartuta (27-30).

Javier Urrizak garaipen-zerrenda handitzen jarraitzen du, Kutxabank Torneoko zortzigarren txapela eskuratuta. Iruindarra azken hamaika urteetako txapeldun nagusia da; hamaika final jarraian jokatu ditu, eta horietatik zortzi irabazi ditu.

Oro har, final oso berdindua eta orekatua izan zen; neurri berdinean norgehiagoka gogorra eta bizia ikusteko aukera eduki zuten pilotazaleek. Barrenetxeari titulua defendatzea egokitu zitzaion, baina aurrekoan jazo bezala, faboritoa iruindarra izan zen.

Partida berdintasunez hasi eta amaitu zen, inork ez zuen markagailuan ihes egitea lortu. Urrizak partidaren lehen tantoetan 3-6ko errenta hartu zuen, baina Barrenetxeak partida estu eramatea lortu zuen; sei, zortzi, bederatzi, hamar eta hamaika tantoetan berdinketa erakutsi zuen markagailuak.

Barrenetxeak sakea hartu zuen pilota biziago batekin eta saketik egindako hainbat tantorekin hartu zuen aurrea 14-11. Urrizak ere pilota hori baliatu zuen hamabosna berdintzeko, sakearekin min handia eginez. Barrenetxeak lau tantoko gehieneko aldea hartu zuen (19-15), baina Urrizak tarte hori murriztea lortu zuen (19-19). Sakea erabakigarria izan zen tarte horretan bi pilotarientzat.

Azken hamarraldian berdinketa ugari jazo ziren, tentsioa nabaria zen, inork ez baitzuen ihes egin; 21, 22, 23 eta 24na berdinduta egon ziren. Partidak xehetasunen arabera erabakitzen dira askotan, eta hala gertatu zen oraingoan ere. Edozeinek irabaz zezakeen eta biek merezi zuten. Urrizak pilotakada handi bat eman zion 24-25ekoan eta bi pareta eder batek bi tantoko errenta txikia eskuratu zuen. Barrenetxearen 25-26koaren ondoren, falta bat heldu zen saketik. Hurrengo tantoan nafarrak zortea aldeko eduki zuen beheko txapa ukitzen zuen pilotakada batekin; ondoren, sake bizi batek garaipenaren atarian jarri zuen Urriza (25-29). Azkenean, Urrizak eskuratu zuen garaipena zenbait tanto borrokaturen ostean (27-30).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!