N1 ANDOAIN A15

Herri plataformaren mozioa aurrera atera da, ez ohiko plenoan

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 12a, 19:40

Lehen interbentzioan EH Bildu eta Elkarrekin Podemos mozioarekin bat agertu dira. EAJ-PNVk abstentzioa iragarri du. PSE-EEk hasiera batean ez du bere botoaren norabidea agertu. Gerora baiezkoa iragarri du.

Bazkardon A15 eta N1 errepideen arteko lotunea hobetzeko Aldundiaren trazatuaren aurrean aurkeztutako mozioa defendatu du Iñaki Perez de Eulatek, plenoaren hasieran. Ikusle ugari zeuden bertan, Andoaingo auzune ezberdinetakoak. Lau puntu nagusi dira. Laburbilduz. Lehena, Aldundiaren C2 egitasmoa oztopoa dela herrigunean garapenerako. Bigarrena, Aldundiari egitasmoa bertan behera uztea eta berri bat birpentsatzea Hiri Antolamendua kontutan hartuta. Hirugarrenez, Udal korporazioak Hiri Antolamenduaren filosofia garatzea eta eguneratzea. Laugarrenez, Aldundiari prozedurak iraun bitartean lehenbailehen konpontzea arazo akustikoa Buruntzan edota Mimendin.

Alkateak aurreratu duenez, alderdi bakoitzak bere jarrera agertuko du. Eta, segidan hitza emango zaie herritarrei. Eta, azkenik, botoa emango da.

Andoaingo PSE-EE | Alde

“Azaldu dugunez, maiz errepikatu dugunez, ez dugu gogoko egitasmoa C2 egitasmoa. Ez gaitu asebetetzen. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra da gure abiapuntua, eta hor Andoain nola egituratu eta batu behar den agertzen da. Aldundiaren egitasmoak ez ditu Planaren alor asko jasotzen.

Andoaingo Saihesbidea delakoa egokitu eta eguneratu egin behar da, legeria aldetik berrikuntzak izan direlako.

C2ri ezetz esatea beharrezkoa da, baina alegazioak ez dira soilik ezezkoaren bidetik joan behar. Talde modura alegazioak aurkeztea defendatzen dugu, alegazioen gastuak zehaztu eta bi egitasmo handien artean alderaketa egin dezagun.

Alor teknikoan Udalak lan handia egin du, ahalik eta alegazio onenak aurkezteko. Udal Arkitektoak eta Ingurumenekoak aurkeztutako helegiteak onartu ditugu”.

Maider Lainezek ez du PSE-EEren botoaren berri eman, lehen interbentzioan.

Andoaingo Elkarrekin Podemos | Alde

“Eskerrak eman nahi dizkiogu Herri Plataformari, eta herriko elkarte ezberdinei. Eta bereziki erakundeen utzikeria pairatzen ari diren bizilagunei. Mozioa onartzen dugu, eta haien alde agertuko gara. Posizionamendua eskatzen zaigu, eta gure taldetik argi esan dugu ez gaudela Aldundiaren egitasmoarekin ados. Soilik trafiko mailako arazo bati ematen zaio irtenbidea. Txapuza bat konpondu nahi dute beste txapuza batekin. Ez du urruntzen trafiko handia, ez du konpontzen zarata akustikoa eta ingurumen mailakoa. Auzune bat urrunduko dira gehiago eta betiko lotuta geratuko gara”. Afekzio ezberdinak zerrendatu ditu. Egitasmoa “faraonikoa” dela adierazi du Tere Santana bozeramaileak, eta diotena ez dela “demagokikoa” adierazi dute. Herri Plataformarekin bat egin dutela, finean.

Andoaingo EH Bildu | Alde

“Eskerrik asko hurbildu direnei eta internet bidez jarraitzen ari zaretenoi. Zarataren kontra sinadurak biltzen aritu zirenak, Sorabillako herri plataforma eta sortu berri den plataforma… denekin aberastu da aztergaia eta erdigunean jarri duzue bizi dugun arazoa”. Jarraian trafikoak izan duen eragina azaltzeari ekin dio Alvarez bozeramaileak. Azken hamarkadatan Andoaingo Udalgintzan egon den adostasun zabala nabarmendu du Alvarez Letek. EAJ-PNVk 2019an aurkeztu zuen egitasmoari kritika egin dio, eta hori izan da afera honetan arazo nagusia. Bazkardoko trafiko arazoa ez zen bere gareian konpondu. 2019tik jeltzaleei euren egitasmoa azaltzea eskatu diegu. Hamabost bider izango da”. 2020an aurkeztutako mozioa gogoan hartu du, eta sozialisten eta jeltzaleen kritika jaso zutela gogorarazi du.

“Mozioaren alde botoa emango dugu, edukiarekin bat gatozelako”, iragarri du. Eta zera gaineratu du: “Berandu bagoaz ere garaiz gabiltza irtenbidea aurkitzeko”.

Andoaingo EAJ-PNV | Abstentzioa

“Arazo handien aurrean tamaina bereko irtenbideak behar dira. Trafikoak garapen handia izan du, eta denok gara horren lekuko. Gobernu ezberdinek ez diote irtenbidea bilatu. Aldundiak bere lehentasunean jarri du Andoain, mugikortasun, afekzio eta zarata-arazoei aurre egiteko irtenbidea emateko”. Aldundiaren jardunbidea defendatzen ari da Marijose Izagirre bozeramailea. "C2 da alternatiben lanketa prozesutik atera den soluzio teknikoa. Politikaren helburua da irtenbide eraginkorrak lortzea da. EAJtik lidergoa erakutsi genuen bariante proposamena osatzean, 15 urte geroago hala egiten dugu, gure alternatiba hura gauzatzea ezinezkoa dela ikusita. Goizean esan dugu ez dugula alegazioei buruz behar bezala hitz egin. Argi izan behar dugu bi arazo ditugula, zarata eta errepidearen ibilbidea. C2 proiektuaren afekzioak zenbakitu dira, bariantearen ingurumen-inpaktuak planteatu ere egin gabe. Herri plataforma errespetatzen dugu, eta auzotar guztiek eskubide berdinak dituzte. Mozioarekin abstenitu egingo gara. Gauza batzurekin ados gaude, eta beste batzurekin ez hainbeste”.

Etzabaida, bigarren hitzartzean

Ordezkarien arteko eztabaidan, Hirigintza Batzordean ahobatez ez jokatzea leporatu dio PSE-k EH Bilduri. EH Bilduk egitasmoa geraraztea defendatzen dela adierazi du eta hor erakutsi behar dela jarrera bateratua erantzun du. Lehendik egiten ari diren bezalaxe, mahaiaren osaketa eskatu dute.

Herri plataformaren adierazpenak

"Gaur onartu dena historikoa da", eta distentsioaren alde hitz egin du Perez de Eulatek. Eskerrak eman dizkie jeltzaleei, sozialistei, Elkarrekin Podemosekoei eta EH Bildukoei. "Panel akustikoena oso larria da, eta hori bideratu egin behar da. Inguruko herrietan kilometroak daude, estalita. Eta Andoainera ez da dirua iristen. Etorkizunera begira C2 geraraztea eskatzen dugu, eta Hiri Antolamendu Plan Orokorra garatzea eskatzen dugu. Korporazioa eskua luzatzen diogu. Ez dakigu zein den modua, baina organo bat osatu beharko genuke Andoaingo herritarrekin eta Udal ordezkariekin batera egitasmo hobea aurrera ateratzeko. Garrantzitsuena hemendik aurrera hasiko dena da. Eskerrik asko". Txalo artean amaitu da Perez de Eulateren adierazpena.

Beste herritar batzuk hitza hartu dute, gaiarekiko ertz ezberdinak agertu. Bada bat amankomuna dena: zarata eta kutsadura.

Plenoaren bideoa

Mozioaren bozketa

  • Alde 13 boto: EH Bildu (7), PSE-EE (5) eta Elkarrekin Podemos (1).
  • Abstentzioa 4 boto: EAJ-PNV (4).

Ikusleen artean hainbat kritika egin diete jeltzaleei, abstentzioaren alde agertzeagatik. Bozketaren emaitza emanda, Alkateak amaitutzat eman du plenoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!