N1 ANDOAIN A15

Aita Larramendi ikastolako pantaila akustikoak jartzeko atzerapena Udalari leporatu dio Foru Aldundiak

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 13a, 16:35

“Gipuzkoako Foru Aldundiak argi utzi nahi du, bai ikastolaren aurrean, bai Andoaingo herritarren aurrean, ikastolako pantailen proiektua erabat independentea dela Bazkardoko bizikidetza-proiektutik, eta, beraz, udalak lurrak eskura jarri arte, ezin izango direla ikastolako pantailak jartzen hasi”.

Atzokoan jakin zen Aita Larramendi ikastolak Aldundiaren C2 egitasmoaren aurka altxa den Herri Plataformarekin bat egingo duela. Plenoa hasi baino lehen izan zen hori, eta Perez de Eulatek egin zuen iragarpena. Hogeita lau ordu ez dira igaro geroztik eta Aldundiak oharra atera du Andoaingo Udalaren jardunbideari kritika egiteko.

Badira harridura pizten duten prentsa oharrak, eta hau horietako bat da. Foru Aldundian eta Udaletxean, bietan, koalizioan ari direlako jeltzaleak eta sozialistak.

Foru Aldundiaren oharra, bere osotasunean:

"Gipuzkoako Foru Aldundia kezkatuta agertu da Andoaingo Aita Larramendi ikastolak N-I errepidean jasaten duen trafikoaren zarata arintzeko beharrezkoak diren pantaila akustikoak jartzearen atzerapena dela eta. Foru erakundeak gogorarazi duenez, proiektuaren idazketa ekainean amaitu zen, eta behar diren lurrak Andoaingo Udalak noiz lagako zain dago lizitazioa aktibatu ahal izateko.

Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentutik gogorarazi dute pandemian zehar behin-behineko premiazko neurriak hartu behar izan zirela N-I errepidearen zarata arintzeko ikastetxean; izan ere, ikasleek leihoak irekita zituztela eman behar izan zuten eskola, eta, ondorioz, zaratak, hotzak eta abarrek eragindako eragozpenekin. Aldundiak konpromisoa hartu zuen lehenbailehen proiektu bat idazteko, ikastolako ikasle guztientzat beharrezkoak diren pantailak jartzeko. Konpromiso hori ikastolarekin eta udalarekin hartu zen.

Horiek horrela, ekainaren 17an Aldundiak Andoaingo Udalari bidali zion idatzizko eskaera ofiziala aurreratuz proiektua prest zegoela eta eskatuz beharrezkoak ziren lursailak lagatzeko, lursail horien titulartasuna Udalarena baino ez baita. Erantzun ofizialik ez jasotzean, Gipuzkoako Foru Aldundiak berriro eskatu zizkion lurrak udalari, obrarekin hasi ahal izateko. Andoaingo Udalak irailaren 2an emandako erantzunaren arabera, Aita Larramendi ikastolaren aurrean zarataren aurkako hesiak jartzeko behar diren lursailak ez ditu lagako, Bazkardoren proiektuari alegazioak aurkezteko prozesuarekin amaitu arte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak argi utzi nahi du, bai ikastolaren aurrean, bai Andoaingo herritarren aurrean, ikastolako pantailen proiektua erabat independentea dela Bazkardoko bizikidetza-proiektutik, eta, beraz, udalak lurrak eskura jarri arte, ezin izango direla ikastolako pantailak jartzen hasi".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!