N1 ANDOAIN A15

"Proiektuaren garapena nahita atzeratu izana Maider Lainez alkatearen eta Andoaingo udal gobernuko alderdi sozialistaren ekimen esklusiboaren ondorio da"

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 14a, 17:35
Andoaingo EAJ-PNVko Udal taldea, 2022an ateratako argazkian

Udal Gobernua Andoainen bitan zatitu da. Goizean Lainezek Aldundiari erantzun dio, irmo, atzoko oharra onartezina dela iritziz. Arratsaldean Andoaingo EAJ-PNVren erantzuna iritsi da. Alkatearen eta gobernukideen aurkako adierazpena gogorra da. Ikastolako panelen atzerapena euren errua dela aurpegiratu diote.

Andoaingo EAJ-PNVren oharra, bere osotasunean

 

EAJ-PNVren ustez, ulertezina da ikastolan panelak jartzeko atzerapena, konponbidea mahai gainean izanda

"EAJ-PNVren iritziz, erabat ulertezina da Maider Lainez alkateak duen jarduteko modua, Aita Larramendi ikastolako pantaila akustikoak jartzeko atzerapenarekin sortzen ari den nahasmena ikusita. Jarrera hori nekez dator bat Andoaingo interes orokorrarekin, eta ikastetxeko ikasleek eta han lan egiten duten pertsonek pairatzen duten egoeraren aurrean sentsibilitate falta erabatekoa erakusten du.

Era berean, ez da ulertzen Lainezek “errespetu instituzionala” eskatzea, hain zuzen, berak ez dionean erantzunik eman irailaren hasiera arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuak ekainean aurkeztutako proposamen zehatzari. Horren ordez, alkateak zalantzak sortzen jarraitzen du jarduketa horren inguruan, hau da, Aita Larramendi ikastolaren aurretik igarotzean den N-I errepidearen zarata arintzeko pantaila akustikoak jartzeko proiektua. Proiektu hori Bazkardo-Sorabillaren lan orokorrez aparte egin daiteke, eta horregatik, hain zuzen ere, aukera ematen du lanei lehenago ekiteko, Foru Departamentuak ikastolarekin zein Andoaingo Udalarekin hartutako konpromisoan zehaztu bezala. Jarrera horrek duela hilabete batzuk aurkeztutako konponbide baten atzerapena besterik ez du eragin.

Bereziki larria iruditzen zaigu eta kezka handia sortzen digu alkateak berak azken hirigintza batzordean adierazi izanak "hainbeste urte behar izan badira egoera honi irtenbidea aurkitzeko", ez dela "ezer gertatzen apur bat gehiago itxaroteagatik". Baieztapen horrek herritarrekiko erabateko begirunerik eza adierazten du, eta alkate gisa dituen eginkizunak alde batera uztea dakar, abian jarritako prozesu bat oztopatzearen helburu bakarrarekin.

Horregatik, Andoaingo Udaleko EAJ-PNV taldetik azpimarratu nahi dugu proiektuaren garapena nahita atzeratu izana Maider Lainez alkatearen eta Andoaingo udal gobernuko alderdi sozialistaren ekimen esklusiboaren ondorio dela. Era berean, udal-talde eta gobernuaren zati gisa, konpromiso irmoa dugu zarataren arazoari eta bide-proiektu nagusiari benetako konponbidea emateko urratsak ematen jarraitzeko. Beraz, egin beharreko bide-trazadura eta alegazioak nola ebatziko diren alde batera utzita, panel akustikoak ahalik eta lasterren instalatu behar dira, ahal den toki guztietan, Ikastolaren kasuan bezala. Egoera horren aurrean, eta gobernu-taldeko kide gisa, alkateari eskatzen diogu gaia berehala desblokeatzeko".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!