Alzheimerra hizpide izango dute Andoainen, gaurkoan hasita

Aiurri 2022ko ira. 19a, 13:00
Gurutz Linazasoro neurologoak eskainiko du hitzaldia.

Irailaren 21a Alzheimerraren nazioarteko eguna da. Egun horren inguruan ekitaldi sorta antolatu du Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuen lansailak.

Gurutz Linazasoro Gipuzkoa Poliklinikan Parkinson eta Alzheimerren gaixotasunez arduratzen den neurologoa da. Gaiarekiko interesa dutenek ezagutzen dute, ez baita hitzaldia ematera hurbildu den lehen aldia.

Gaitza sortzeko arrazoiei buruz zientziak oso gutxi dakiela adierazi izan du: “Gaur egungo ikerketa lanek hiru arriskufaktore jotzen dituzte garrantzitsuentzat: genetika, zahartzea eta faktore baskularrak edo bizitza-estiloa”. Genetikari dagokionez, garunean gene deterministak baditugula onartu arren, ez dela oso ohikoa gehitu zuen. Ariketa fisikoa eta elikadura osasuntsua behar-beharrezkoak direla defendatzen du: “Ez da askorik egin behar, aski da erritmo polit batean ordu erdia goizez eta beste ordu erdia arratsaldez egitea, neurona berriak ekoiztu daitezen”. Hitzordua irailaren 22an da, Basteron 18:00tan hasita.

Ekitaldiz ekitaldi

    • "El cuarteto" filma: Irailak 20, asteartea. 18:00, Bastero.
      Opera abeslarientzako egoitzara kide berria iritsiko da, eta horrek bi divoen arteko lehia sustatuko du. Alzheimer gaixotasuna erdigunean dagoen filma da.
      Sarrera dohainik, gonbidapenak aurrez har daitezke.

  • Gurutz Linazasororen hitzaldia: Irailak 22, osteguna. 18:00, Bastero.
     “Alzheimer gaixotasuna: sintomak eta terapiak”. Ez da Andoainera datorren lehen aldia, eta, oraingoan, gaixotasunari loturiko sintomei eta terapien inguruan ariko da.
  • Ertzaintzako kideek eskainitako hitzaldiaIrailak 27, asteartea. 18:00, Bastero.
    "Prebentzioa, lapurreta eta iruzurrak adinekoei" izenburuko hitzaldia eskainiko dute zikloari amaiera emateko. Horrelakoetan nola jokatu azalduko dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!